Shock-aren doktrinaren arabera, kapitalismoak edozein ezbehar baliatu dezake —naturala edo nahita sortutakoa— kapitala are esku gutxiagoren artean pilatzeko. Hala uste du Naomi Klein kazetari eta ekintzaileak. Luis Fernandez ELA sindikatuko eskualdeko arduradunak salatu du Ezkerraldeko hainbat enpresatan hori bera gertatzen ari dela: “Osasun larrialdiaz baliatzen ari dira irabaziak handitu eta krisia langileek ordain dezaten”. Ezkerraldean bizi-bizi dauden lan gatazken artean, “irabazi handiak” dituzten enpresek langileak kaleratzeko martxan jarritako prozesuez ari da Fernandez. “Nola azaldu, bestela, Petronorrek bezala azken urtean 135 milioi euroko irabaziak izan dituen enpresa batek aldi baterako enplegu erregulazioak eta lan suntsiketak ezartzea?”, galdetu du. “Edota Productos Tubulares enpresako langileak greban egotea enpresak orain dela bost urte adostutako hitzarmena berritu nahi ez duelako?”, erantsi du. Maila ekonomiko “altua” duten enpresak direla esan du ELAko kideak, eta krisia erabili nahi dutela deritzo beren irabaziak “are gehiago handitzeko”.
Josune Eroa LAB sindikatuko Ezkerraldeko arduradunak bat egin du Fernandezen argudiaketarekin: “Pandemiak areagotu egin du lehenagotik pairatzen genuen egoera. Guk argi dugu osasun larrialdia ez dela arrazoia izan, eta, beraz, ezin dela aitzakia gisa erabili lana suntsitzeko”. Egoera “koiunturala” izanik, gisa bereko neurriekin erantzun behar zaiola deritzo. “Patronalak, ordea, aldi baterako erregulazio txostenak erabili nahi ditu dagoeneko jota zegoen eskualdeari heriotza-ukaldia emateko”.
ITP-PCBren adibidea ere mahaigaineratu dute. “Erregulazio bat aplikatu zuten 83 pertsona kaleratzeko, eta, azkenean, epaitegiek baliogabetu egin dute, argudiatuz ez dagoela arrazoirik egoera koiuntural batean halako neurririk ezartzeko”, azaldu du Eroak. “Judizialki arrazoia eman diete langileei. Baina non daude erakunde publikoak?”, galdetu du. “Patronalarekin lerrokatu dira erakundeak, eta inoiz ez dituzte zalantzan jartzen enpresen erabakiak. Gero diru laguntzak ematen dizkiete diru publikoarekin, baina ez dute horiekiko inongo kontrolik ezartzen”.
Lanpostuen suntsiketa saiakeraz gain, oro har eskualde osoan lan baldintzak “okertu” egin direla esan du LABeko kideak: “Sektore publikoak, zaintzarena kasurako, eta zerbitzuetakoak ere bai, kalera atera dira. Apirilaren 17an manifestazioa egin genuen Ezkerraldeko etorkizuna defendatzeko. Eta bertan ziren Petronorreko eta PCBko langileak, baina baita Mediapostekoak eta San Joan Jainkoarena ospitalekoak ere”.
Fernandezek uste du lan baldintzen aldeko borroka “pil-pilean” dagoela. Aurreko krisietan ez bezala, oraingoan borroka horiek guztiak batzen dituen “hari eroale” bat dagoela nabarmendu du: “Jendea altxatzen ari dela ikusten dugu: langileak borrokan ari dira bizitzak erdigunean jarri eta lan baldintzak defendatzeko”.
Industriatik zerbitzuetara
Biek azaldu dutenez, 1980ko hamarkadan abiatu zen eskualdeko desindustrializazio prozesua eta zerbitzuen sektorearen aldeko “apustua”. “Enpleguaren suntsiketa izugarria ekarri du. Ez soilik itxi diren dozenaka enpresengatik, horien inguruan eraikita zegoen bizimodu osoa desagerrarazi dutelako baizik: tabernak, dendak… Hedabideetan agertzen diren zenbaki handiez gain, egunero galtzen dira enpleguak, tantaka”, ohartarazi du Eroak.
Horrekin batera, Fernandezek erantsi du sortu diren lanpostu berriak “prekarioak” direla: “Industriaren barruan, urteetako borrokari esker, lan baldintza duin batzuk eskuratu ziren. Orain, ordea, oso bestelakoa da”. La Naval ontziola ipini du adibide gisa: “Oso paradigmatikoa da, bizi dugun aldaketaren eredua: antzinako fabrikak zentro logistiko bilakatzen ari dira. Digitalizazioak kontsumo ereduak aldatu ditu, eta logistikaren industriak sekulako gorakada izan du. Amazon, esaterako, La Navaleko lursailak eskuratu nahian dabil”. Trapagaranen martxan dagoen zentroaz ere mintzatu dira. “2.000 langile zituen La Navalek; Amazonek, 50″, nabarmendu du Eroak, “eta oso langile gutxi dituzte kontratatuta. Zergatik? Besteak baldintza prekarioetan daudelako”.