«Etorkizuna kezkagarria da»

Arabako Errioxako mahats bilketa azken txanpan da. «Oparoa eta kalitate oso onekoa» dela dio sektoreak, baina alarmak pizten hasi dira geroari begira, «ez dagoelako lehiatzeko estrategiarik». Araex talde esportatzaileak uste du «benetako arazoak» iritsiko direla markak garatzen ez badira.

Felix Revuelta Lar de Paula upategiko enologoa eta jabeetako bat, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Javier Ruiz de Galarreta Araex taldeko zuzendari nagusia. XABIER MARTIN.
xabier martin
Elvillar
2018ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Alarmak piztu ditu Arabako Errioxako talde esportatzaile handienaren zuzendari nagusiak. Denbora gutxi barru «benetako arazoak» iritsi daitezke sektorera, Araex taldeko buru Javier Ruiz de Galarretaren irudiko, «ez delako finkatu lehiatzeko estrategia jakin bat». Errioxa sor-markaren barruan kantitatearen bidez lehiatzen dira konpainia handi batzuk, izendapenaren norabidea erabakitzean pisu handiena dutenak, eta kalitatearen bidez aritu nahi dutenak aurrean eramaten ari dira. Arabako Errioxako upategi gehienak dira kaltetuenak. Bereiztea inoiz baino oinarrizkoagoa ikusten du sektoreak, baina susmoa zabaltzen hasi da azken urteotan etiketen bidezko desberdintzea ez ote den nahikoa izango. Festa batean musika itzaltzea bezala izan da Ruiz de Galarretaren abisua, 2018ko mahats bilketa ona izan baita, «kalitate oso onekoa», mahastizainek esan dutenez.

Elvillarko Lar de Paula upategian, mahats usainaz lagunduta azaleratu ditu Ruiz de Galarretak sektorearen ajeak: «Ezin gara lehiatu ez litroetan eta ez prezioan. Ez dugu lur gehiago mahasti berriak jartzeko. Banaketa bide berriak jorratzea da gakoa, baina markak garatu behar dira; eta Arabako Errioxako marka komunetik abiatzea balekoa izan daiteke, baina premium eta superpremiun esparruetan ondo lehiatzen ez bagara, etorkizuna kezkagarria da».

Haatik, merkatuak altoa eman die prezio igoerei; %4 egin du behera fakturazioak urteko lehen erdian. «Marka poliki-poliki eraiki behar da merkatuetan, banaketa kate handietatik aparte; gure ardoak sona handiagoa behar du». Baina gaur-gaurkoz iragarpen beltza egiten du: «Mahatsaren prezioa jaitsi egingo da, eta nekazariek gaizki pasatuko dute. Mahats kiloa euro baten truke salduko da. Bolumenaren bidezko lehia gailentzen ari da, eta horrek upategi eta mahastizain asko eramango ditu aurrean urte batzuetan. Munduko leku askotan gertatu da prozesu hori».

EAEko ardo esportazioek behera egin dute, izan ere, urteko lehen seihilekoan. 95 milioi euro gutxiago saldu dira (%4,1), eta 27,2 milioi litro gutxiago (%,6,3). Erkidegoen artean, EAE seigarrena eta zazpigarrena da balioan eta bolumenean. Ribera del Duero sor-markaren batez besteko prezioa, adibidez, dezente garestiagoa da. «Edo komertzial kaskarrak ditugu, edo markak ez ditugu behar bezainbeste bereiziak. Gure arazoa banaketa arazo bat da», dio Lar de Paula, Baigorri, Luis Cañas, Montebuena eta beste hainbat upategik osatzen duten taldeko zuzendari nagusiak.

Eredu bat: Bordele

Arabako ahaldun nagusi Remiro Gonzalezek Lar de Paula upategiko ekitaldian esplikatu du zein den aldundiaren apustua ardoaren sektorearentzat, eta, labur esateko, Bordeleko eredua da apustu hori. «Desberdindu egin behar dugu, baina Errioxa sor-markaren barruan. Bordelen egiten dutena nahi dugu. 56 izendapen dauzkate, 56 kontseilutan». Alegia, Ramirok garbi ikusten du bereizi beharra, Arabako ardoen truke «salneurri bidezkoagoa» lor dadin; «baina ez dugu utziko Errioxa», dio. Ahaldun nagusiak ez dauka ahazturik sor-markaren sorreran Arabako Errioxaren oinarrizko ekarpena, eta aho bilorik gabe dio «gutxiengo batena» dela Errioxa markaren aterkitik ateratzeko estrategia.

«Narratiba oso bat eraiki behar dugu, geurea nabarmendu, horretarako datu objektiboak ditugulako. Beste era batera egiten dugu lan hemen, beste lur bat dugu, ezaugarri propioekin. Hori guztia nabarmendu behar dugu, eta desberdintzeko tresnak edukitzea da bide hoberena horretarako».

ABRA upategi txikien elkarteak bultzatu zuen orain bi urte Errioxa sor-markaren aterkitik ateratzeko estrategia hori. Arabako Mahastiak sor-marka berria abiarazteko urratsak egin zituen, baina gaur egun tramitazioa gelditu dute, Errioxa jatorri izenak baimena eman duelako Arabako Errioxa eremu gisa aitortu eta hura etiketetan behar duen ikusgarritasunaz islatzeko. Herriko ardoak eta lursail bereziko ardoak egiteko bidea ere zabaldu zuen, etiketa horiek baliatzeko bete behar diren baldintzak zehaztuz. Arabako Errioxako upategi gehienak erabiltzen hasi dira etiketa horiek jada, eta laster ikusiko da desberdintzeko estrategian laguntzen duten, eta, hala bada, zein neurrian. Tresna hori motz geratuko den susmoa, ordea, gero eta handiagoa da ABRAko mahastizain eta ardogileen artean.

«Goxokia eman digute, bai, baina gero ez dute sustatu diruz; oso oinarrizkoa da hori guztia desberdintzeari begira. Egia esateko, ez dago aurrerapauso nabarmenik». Aho bilorik gabe hitz egin dio BERRIAri Saul Gil Berzalek, ABRAko presidente eta Guardiako Gil Berzal upategiaren jabeak. «Askoz gehiago egin behar da benetan bereizi nahi badugu Errioxan beste era batera lan egiten dutenengandik». Gipuzkoan eta Bizkaian ere kontsumitzaileak egin dezake gehiago, Gil Berzalen ustez. «Euskal jatorriko produktuak erosten dituzten bezala, ahalegin bat egin beharko lukete Errioxa eta Arabako Errioxa desberdintzeko. Ez da erraza, izendapenak berak oztopatu duelako hori, baina hasi behar dugu denon artean geurea ezagutzen eta aitortzen».

Zoruen mapa

Dena den, ABRAko presidenteak garbi dio ardoak beste era batera sailkatu behar direla, eta zoruen mapa baliatzea oinarrizkotzat jotzen du horretarako. «Arabako Errioxa osoko zorua ez baita berdina; leku guztietan bezala, sail hobeak eta okerragoak daude». Badaki oraindik goiz dela zoruen araberako desberdintzea bultzatzeko, baina epe ertaineko xede jotzen du. «Ez da dena gauza bera, eta kontsumitzaileak jakin behar du zer erosten duen eta zergatik dauden bost, hamar eta 50 euroko botilak». ABRAn ados daude Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak babesten duten Bordeleko ereduarekin, «baina, sor-marka baten barruan beste kontseilu bat egin ahal izateko, aurrena gauza asko egin behar dira, eta lehena da bereizte hori benetan laguntzea».

Bastidako Tierra upategiaren jabe Carlos Fernandezek epelkeriarik gabe dio «berandu» iritsi dela Arabako Aldundiak emandako laguntza etiketa berriak jartzeko. «Ni ari naiz jada etiketa horiekin, beste asko bezala. Oso diru gutxi zen; hilabeteko epea eman dute, eta mahats bilketan ari ginela, gainera. Desberdintzea laguntzen dutela esateko egin dute, nire ustez». ABRAko kide da Tierra, eta Fernandezek dio esportazioen datuak tentuz aztertu behar direla. 4,5 eurotik beherako ardoen esportazioak jaitsi dira, haren arabera, «Pata Negra eta enparauak»; «zentimo gutxi batzuek bertan behera utz ditzakeelako horrelako operazio salmenta asko». Dena den, Tierrako ardogilea bat dator Araex talde esportatzailearen buruak emandako abisuarekin. «Datorren urtean zerbait larria ikusten has gaitezke hemen. Iragartzen dut urte txarra datorrela, mahats asko hartzen ari garelako, eta talde handiek hura nola kudeatu ederki dakitelako. Apustu egingo nuke datorren urtean mahats kiloa ez dela 70 zentimo baino gehiago ordainduko. Oker egon nahiko nuke, baina ez dut uste».

2018ko bilketarekin oso pozik dago Carlos Fernandez, dena dela. Oso ona izendatuko dutela uste du. Mildiu onddoarekin arazoak egon dira, batez ere hego ekialdean, baina «lan asko eginda» lortu dute hura ezabatzea, eta bilketa 2016ko errekor historikotik gertu egongo dela dio. Arabako Errioxako 13.389 mahasti hektarea eremuak 170 milioi kilo emango ditu aurten, gutxi gorabehera. Jadanik 90 milioi kilotik gora sartu dira Kantabriako mendilerroaren eta Ebro ibaiaren artean kokatzen diren 350 upategietan. Aurten 100 milioi botilatik gora merkaturatuko dituzte. Ardoari lotutako turismoak ere ekarpen handia egiten du. 2017an, 170.000 bisita egon ziren Arabako Errioxan, eta horietatik 146.000 upategietara egindakoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.