Lan merkatua aztertu du Nafarroako CCOO sindikatuak, eta batik bat etorkinen errealitateari erreparatu dio. Ondorio nagusietako zera da, azken hamar urteetan 23 puntu jaitsi dela langabezia tasa langile migranteen artean: %39 zen 2014an, eta %15,8ra jaitsi da iazko bigarren hiruhilekoan. Dena den, azterlanean ohartu dira ageriko arrakalak dituztela hezkuntzan, lan munduan eta gizartean oro har.
CCOOren arabera, biztanleen %19 etorkinak dira Nafarroan. Gehienak aktibo daude lan merkatuari begira, batez besteko orokorraren gainetik; izan ere, Nafarroako jarduera tasa orokorra %68 da, eta hamar etorkinetatik zortzi lan egiteko moduan daude.
Prekaritate handiagoa
Langabeziak beherantz egin du Nafarroan, eta joera bera nagusitu da etorkinen artean, txosten horren arabera. Alta, sasoiko sektoreetan lan egiten dutenek —ostalaritza, laborantza eta merkataritza— gorabehera handiagoak dituzte kontratazioetan.
Txostenaren arabera, langabezia tasa handiagoak dituzte oraindik, nahiz eta azken urteetan aldea murriztu den. Hala, batez besteko tasarekin alderatuta, EBtik kanpoko emakume etorkinen langabezia tasa 17 puntu handiagoa da, eta gizonezkoena, 23 puntu handiagoa.
Halaber, prekaritatea ere handiagoa da. Nafarroako behin-behinekotasun tasa %18 da oro har, eta etorkinen artean, berriz, %28. Arrakala hori egon arren, apaldu egin da, duela hamar urte tartea %27 baitzen.
Soldatei dagokienez, batez beste baino 10.592 euro gutxiago kobratzen dituzte, 2022ko azken datuen arabera. CCOOk ohartarazi du azken datua 2022koa denez ezin izan dutela kontuan hartu gutxieneko soldataren igoera. Deigarria da, dena den, soldatan arrakala apaldu ordez handitu egin dela azken hamar urteetan.
Lan istripu gehiago
Lan istripuena errealitatea lazgarria da Nafarroan ere, eta CCOOk ondorioztatu du etorkinen artean gehiagotan gertatzen dela. Izan ere, oro har mila biztanleko 35,3 istripu izaten dira, eta etorkinen artean, berriz, mila biztanleko 57 istripu. «Aldea agerikoa da industrian, eraikuntzan, osasungintzan eta administrazioaren jardueretan», azaldu du sindikatuak. 2023an 1.981 istripu erregistratu ziren etorkinen artean. «Prestakuntza faltak eragin handia du lan osasunean», azaldu du CCOOk.
Sektoreka, etorkinen %20k industrian egiten dute lan, %14k saltokietan eta tailerretan, %13,9k eraikuntzan, %13,3k ostalaritzan, %11,6k administrazio jardueretan, %7,3k garraioan, eta %5ek gizarte zerbitzuetan.