Kooperatibismoa

Etendako asmo eraldatzailea

Jardunaldi batzuk egingo dituzte gaur, Funcor kooperatibak Elorrion eta inguruan izan zuen eraginari buruz.

Funcor kooperatibaren instalazioak, Elorrion, artxiboko irudi batean. FOAT
Natalia Salazar Orbe.
2022ko ekainaren 3a
11:32
Entzun

Euskal Herria astindu zuen 1936ko gerraren eta gerraostearen ondoren, 1950eko hamarkadan, ekonomia suspertzen hasia zegoela, aitzindaria izan zen proiektu bat sortu zuten Elorrion: Funcor kooperatiba. Enpresa munduari begira, galdategi eta nekazaritzarako makinak ekoizten zituen kooperatiba bat egin zuten. Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan lehenago beste inork egin ez zuena egin zuen: nazioartera teknologia esportatu zuen lehen enpresa izan zen.

Hizkuntza eta kultura ere ardatz izan zituen. Euskal Herriko lehenengo doako ikastola sortu zuen. Eta, Jorge Oteiza artistaren asmoei jarraituta, eskola esperimentala sortu, eta haurrentzako unibertsitatea abian jartzen saiatu zen. Ama Lur (1968) filmaren finantzaketan lagundu zuen, Elorrioko Arriola antzokia sortzeko ekarpena egin zuen, eta, Funcorri esker, Elorriok txirrindulari talde profesionala izan zuen. Euskadiko Kutxa sortzeko proiektuan ere parte hartu zuen. Horren guztiaren sustatzailea izan zen Andoni Esparza Gallastegi (Elorrio, 1932-Iruñea, 2012). Sortzailea bera eta haren proiektua izango dituzte aztergai gaur Esparzaren jaioterrian, Funcor: kooperatiben Elorrioko hazia jardunaldien barruan.

Andoni Esparza Gallastegi Gizartegintza elkarteak antolatu ditu jardunaldiok, Elorrioko Udalaren, Laumunarrieta 1937 memoria elkartearen eta Gerediaga elkartearen laguntzarekin. Julia Itoiz izango da hizlarietako bat, La otra experiencia: el libro que nadie quiso publicar a Jorge Oteiza liburuaren egilea. Liburu horretan jaso zuen, Esparzaren ahotik, Funcor kooperatibaren historia. Lagun handia zuen Esparza, eta «etorkizunera begirako sena zuen» gizon «bikain» gisa deskribatu du: «Andoni existitu izan ez balitz, Funcor ez zen inoiz egongo», ondorioztatu du.

1950eko hamarkadaren erdialdera erein zuten Funcorren hazia. Itoizen ustez, «euskal herritarron idiosinkrasiatik ere» sortu zen, hain zuzen, «auzolanerako dugun kulturatik; naturala zen Euskal Herrian industrializazioaren barruan kooperatibismoaren formulak garrantzia izatea».

Esparzak egindako ibilbide ausarta goraipatu du, eta kritika egin dio jarri zizkioten oztopoei. «Funcor izan zuen arrakastarengatik bukatu zen. Herrialde arabiarrekin ere kontratu garrantzitsu bat sinatzekoa zen». Itoizek esan du orduko Espainiako Gobernuak ez zuela horrelakorik onartu nahi. «Francoren gobernua eta botere ekonomikoak horrek zekarren arriskuaz jabetu ziren. ETA baino arriskutsuagoak ziren haientzat. Benetako independentziaren giltza zuten: ekonomikoarena. Orduan erabaki zuten ezetz, bukatu zela. Andoni atxilotu egin zuten, eta ETAko kide izatea leporatu zioten».

Jose Maria Arizmendiarretak –Mondragon kooperatiba sortzen ari zen– eta Euskadiko Kutxak – Funcorren kudeaketa bere gain hartu zuen– proiektua zapuzten utzi zutela ere salatu du Itoizek. Gaur gai horiek ere aztergai izango dituzte, Elorrioko kooperatibak landu zituen askotariko arloen historiarekin batera. Hasieran, jardunaldiak herriko kultur etxean egitekoak ziren, baina, interes handia sortu dela eta, lekuz aldatu dute: Alkartu elkarte gastronomikoan egingo dituzte.

FUNCOR IKASTETXEA

INDUSTRIA

23 urte zituela, Andoni Esparza zenbait mekaniko, galdaketa plaketako aditu eta moldatzailerekin harremanetan jarri zen. Kooperatiba erregimeneko enpresa bat sortzeko asmoaren berri azaldu zien, eta Elorrion sortu zuten.

Gerediaga elkarteak 2009an argitaratu zuen Astola aldizkarian Iñigo Agirre ikerlariak jaso zuenez —hura izango da gaurko hizlarietako bat—, 1956aren erdialdera hasi zen martxan galdategia. 1958an, ehun langile zebiltzan han; 1960an, 250, eta 1970eko hamarkadako bukaerarako, laurehun ziren.

Burdinurtuan trebatuak zirela ikusita, nekazaritza merkatua aztertzeari ekin zioten. Lan horretan ere ondo moldatu ziren seinale, Espainiako Estatuan siloen merkatuan nagusitu ziren hasieran; 1968tik aurrera, berriz, Filipinak, Mexiko, Kuba, Ekuador, Paraguai, Portugal, Kuwait eta Arabiar Emirerri Batuetara ere zabaldu zuten merkatua.

Itoizek adierazi du kooperatibaren sorrerak ordura arte Elorrion eta inguruetan ezezaguna zen lan eredu bat ekarri zuela. «Besteek ez zuten sentsibilitate soziala zuen Andonik. Langileekin elkartu zen, baldintza beretan, enpresa demokratiko bat sortzeko. Enpresa eta gizarte testuinguru osoa irauli zuen».

DOAKO IKASTOLA

Eredu kooperatiboak ezaugarri eta betebehar batzuk finkatzen zituen. Besteak beste, irabazien %15 gizarte ekintzara bideratu behar zituzten. Hezkuntzak eta kulturak kezka handia sortzen zuten Esparzarengan. Gainera, euskararen eta euskal kulturaren kontrako jazarpenagatik arduratuta zegoen. Egoera horretan, Funcor ikastetxea sortu zuen: neska-mutilentzako ikastetxea, doakoa eta euskara ardatz zuena.

1958an hasi zuen ibilbidea. 25 ikasle aritu ziren lehen ikasturte hartan. Bi urte geroago, eskari handia ikusita, Elorrion bertan, San Juan kalean, Funcor akademia ireki zuten. Huraxe izan zen Euskal Herriko lehenengo ikastola. 8 urtera arteko ikasleak hartu zituzten. Eskaria goraka zihoan, ordea, eta 1963an Funcor ikastetxeak lehen hezkuntzako eta oinarrizko batxilergorako beharrei erantzuteko baliabideak jarri zituen. Ikasleek emaitza onak izan zituzten, nahiz eta batxilergokoek Bilboko institutuan egin behar zituzten azterketak.

Funcor ikastolak 1969-1970eko ikasturtea izan zuen azkena. Iñigo Agirrek azaldu zuenaren arabera, Euskadiko Kutxaren esku hartzearen ondorioz itxi egin behar izan zuten, nahiz eta oinarrizko batxilergoaz gain goi mailakoa eskaintzea ere aztertzen ari ziren.

Agirrek esan zuenez, Astola-n zekarren baliabide ekonomikorik ez zutenei unibertsitate ikasketak egiten laguntzeko bidea ere zabaldu ziela Funcorrek, ohorearen kreditua sortuta. Ikaslearekin zuzenean tramitatzen zuten, bermerik edota interesik ezarri gabe. Ikasleek baldintza bakarra bete behar zuten: ikasturte osoa gainditzea.

Itoizek proiektuaren garrantzia eta helburuak azpimarratu ditu: «Burujabetza zuen ardatz, kulturaren zaintza, kultura denei zabaltzen zien, eta, gainera, kultura berria zen, eraldatzailea».

ADIERAZPEN ASKERAKO TAILERRA

UNIBERTSITATE SAIAKERA

Andoni Esparza Gallastegik eta Funcorrek hezkuntza eta euskal kultura sustatzeko zuten kezka ezagun bihurtu zen. Jorge Oteiza artistaren belarrietara ere iritsi zen, eta Elorrioko proiektuaren sustatzailearengana gerturatu zen. 1960ko hamarkadaren erdialdera, diktadura frankista bete-betean eta euskal kulturaren pizkundearen garaian, ordura arte ezagutu gabeko proiektu pedagogiko bat definitu zuten Elorrion. Oteizak eta Esparzak, Jose Antonio Sistiaga eta Esther Ferrer artistekin batera, Celestin Freinet pedagogo frantsesaren lana abiapuntu hartu, eta Elorrioko Eskola Esperimentala jarri zuten martxan. Hori bakarrik ez: Haurrentzako Unibertsitatearen proiektua ere egin zuten. Sistiagak Parisen ezagutu zuen Academie Du Jeudi pintura tailerra. Umeen bat-bateko sormenean oinarritutako esperientzia hartan inspiratuta, adierazpen askerako tailerra (TEL) sortu zuen, Donostian.

Esperientzia horietatik abiatuta eta Oteizak gidatuta, Sistiagak Freineten irakaskuntza librearen metodologia ezarri zuen Elorrion. 11 hilabete iraun zuen esperientziak. Nahiz eta ez zen gauzatu, Oteizak Elorriotik Euskal Herrira hedatu nahi zuen Haurrentzako Unibertsitatearen saiakera ere bertan ondu zuten.

Itoizek azaldu du Oteizak Euskal Herriaren etorkizunarekin lotzen zuela proiektua: «Uste zuen haurren arima aldatuz gero herriaren arima eta herria bera alda zitezkeela». Funcorrek unibertsitatea egiteko lurrak ere erosi zituela kontatu du: «Gaur egun, Eroskiren biltegiak daude lur horietan. Azken laurogei urteetan gure herriarekin gertatu dena azaltzen duten metaforetako bat da hori». Gaurko jardunaldien garrantzia azpimarratu du: «Andonik historia berreskuratzea eta ezagutaraztea nahi zuen}.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.