Lan harremanetan mugarria ezarri behar zuen tresnaren porrotaren kronika da hau. Bihar urtebete da sindikatu nagusiek eta patronalak euskal hitzarmenei lehentasuna emateko sektore arteko ituna egin zutela. Urtebete berritasun baten zain negoziazio kolektiboan; urtebete alferrik itxaroten. Saski bat egin zuten aldeek euskal langileak babestuko zituzten sektoreko itun berriekin betetzeko, baina hutsik dago oraindik, edo kasik. Gauza bat da esatea euskal akordioak aplikatuko direla eta ez Espainiakoak, eta beste bat, akordioak egitea, adostasun berriak. Negoziazio kolektiboak ez atzera eta ez aurrera jarraitzen du, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 350.000 behargin daude ituna berritu gabe, hamarretik lau. Esan beharrik ez dago: horrek soldatei eragiten die, erosteko ahalmenari eta ogasunen bilketari.
Ardura besteena dela helarazten dute hala sindikatuek nola patronalak. ELAk eta LABek argi dute Confebaskek ez duela «inolako interesik» negoziazio kolektiboa aktibatzeko, erreformaren aroan «eroso» daudelako lurraldeko patronalak. Sindikatu abertzaleen «zurruntasuna» da arazo nagusia patronalarentzat, ez dutelako onartu krisiak «dena» aldatu duela. Urteetan aritu dira batzuk eta besteak arrazoi berak ematen, noizean behin ñabardurak badauden arren. Horregatik jo zen historikotzat iazko ilbeltzaren 17an egindako sektore arteko esparru akordioa.
ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta Confebaskek egindako itun hark ez zituen arautu inongo sektoretako lan baldintzak, baina euskal hitzarmenek lehentasuna dutela finkatu zuten. Askok esan zuten zentzugabea zela saski bat eraikitzea hura hutsik uzteko borondatea baldin bazegoen. Akordio horren atzetik sektoreko mahaiak zabalduko zirelako zantzu argia zela, alegia. Baina ez. Errealitatea bestelakoa izan da, milaka euskal langileren kalterako.
«Berriro egingo genuke»
Euskal langileen artean ordezkaritza handiena duen sindikatuak ez du sektore arteko ituna egin izanaren damurik. «Urtebeteren ondoren, orduko egoerara bueltatuko bagina, ELAn argi dugu zer egingo genukeen: berriro ere sinatu», dio Pello Igeregik, negoziazio kolektiborako arduradunak. «Itun hori sinatuta, langileak egoera hobean daude bere lan baldintzak hobetzeko. Eta hori da ELAk edozein akordio sinatzerakoan neurtzen duen aldagai bakarra». Baina ezin da ezkutatu orain urtebete zapuzturik geratu diren esperantzak eragin zituela akordio hark; eta normala da, 1999tik ez baitzen parekorik egin. «Akordio horri beste dimentsiorik eman nahi izan dionik bada. Guk argi genuen ez zuela sakoneko aldaketarik ekarriko negoziazio kolektiboan».
ELAren ustez, Confebaskek arrazoi nagusi bat zuen sektore arteko ituna egiteko, eta beste patronal batzuk agertzearekin lotua dago hura: «Bere zilegitasuna kolokan jartzen ari ziren, eta horrelako itun batek zilegitasun hori jasotzea zekarren sindikatuon aldetik. Horregatik kendu zuen ordura arte ELAri inposatu nahi zion bake sozialaren klausula».
Confebaskek erabat baztertzen du kontakizun hori, eta ELAn jartzen du sektore arteko itunaren saskiak hutsik jarraitzearen erantzukizunik handiena. «Esparru negoziazio jakin bat sinatzen duenak itun horri eusteko eta hura garatzeko asmoa duelako sinatzen du», dio Jon Bilbao Lan arloko zuzendariak. Confebaskek, hala ere, bazekien zaila izango zela sektoreko negoziazioari abiadura ematea, «ordezkaritza gehien duen sindikatuak jarrera aldatzea eskatzen zuelako horrek». Hala, Bilbaok epelkeriarik gabe dio esperantzak zapuztu direla: «2017an, aurreko urteetako dinamika bertsuan jarraitu du negoziazio kolektiboak: CCOO eta UGT gehiengo diren esparruetan ia hitzarmen guztiak egin dira».
Sindikatu abertzaleak baino otzanagoak ote dira Madrilen egoitza nagusia dutenak? Ez, Confebaskentzat. «Hemen ez du inork ezer oparitzen, baina bi aldeei onura ekarri dieten akordioak egin ditugu, enpresari eta langileei». ELAk beste azalpen bat dauka azken urtean eta aurrekoetan ere egon den itun uzta zekena esplikatzeko. «Confebaskek akordioa sinatu zuen, bai, baina ez zion uko egin lan erreformek lan baldintzak okertzeko emandako botereari, eta lehiakortasuna eta dirua irabazteko beharginen baldintzen debaluazioa da oraindik ere haren apustu estrategikoa. Gu horretarako ez gaituzte izango».
118 itunetatik 31 berritu dira
LAB sindikatuak ere antzera ikusten du lan harremanen taulak erakusten duen egituraketa, une honetan. «LABek modu positiboan baloratu zuen egitura akordio hori, baina balioa izateko edukiz bete behar zela ohartarazi genuen, eta desblokeoa lortzeko proposamenak egin genituen sinatu aurretik. Ezezkoa erantzun zuen Confebaskek, eta argi utzi zuen zein den blokeo horren erantzulea».
Patronalak sindikatu abertzaleen zelaira itzultzen du pilota, ordea. «CCOO eta UGTrekin lortzen diren akordioak ezinezkoak dira gehien-gehienetan mintzaideak ELA eta LAB direnean. Bizkaian gertatzen da sarri, eta bereziki Gipuzkoan, haiena delako gehiengo sindikala han». 118 sektoreko hitzarmen daude Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan. Horietatik, soilik 31 egin dira, honela banaturik: Araban, hamahiru (21 daude); Bizkaian, hamar (49 daude); eta Gipuzkoan, zortzi (48 daude). Datu horiek mahai gainean jarrita, Confebaskeko kide Jon Bilbaok akusazio larria egin die ELA eta LABi:«Pentsa daiteke sektore artekoa sinatu zutela hitzarmenen galerek eragin dien kritika apaltzeko, baina ez diote ekin modu serioan hitzarmenak berritzeari».
LABen erantzuna argia da: itunak blokeaturik daude Confebaskek horrela nahi dituelako. «Lan baldintzen prekarizazio prozesu orokorrarekin jarraitu nahi du, lan erreforma ezarrita eta soldatei eraso eginez». Adegik, SEAk eta Cebekek «blokeoa kendu arte» ez dela egoera aldatuko dio Xabier Ugartemendiak. ELAk beste aldagai bat gehitzen dio prekarizazioaren prozesuari: egoitza nagusia Espainian duten sindikatuen ekarpena, CCOO eta UGTrena. Sektore arteko akordioa «zalantzan jarri» dutela dio Pello Igeregik, ostalaritzaren euskal esparru akordioa epaitegietan inpugnatu dutela gogoratuta. «Horrek zuzenean eraso egiten dio lanbidearteko akordioaren muinari, hemengo itunek lehentasuna izateari. Beraz, lanbidearteko akordioaren balio juridikoa ere ezbaian dago». Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain daudela erantsi du ELAko kideak.
Euskadiko CCOOk erabat baztertu du euskal itunen aurka ari dela; alderantziz, CCOO izan zen sektore arteko akordioa «erauzi» ziona patronalari Elkarrizketa Sozialaren Mahaian, Mari Cruz Vicente sindikatuko Ekintza Sindikalaren arduradunaren arabera. «Akordioa sinatu bezain laster, fronte sozial bat proposatu genuen negoziazio kolektiboa desblokeatzeko, eta ELAk berehala baztertu zuen. Aukera bikaina galdu zen itun handia egin izanak eman ahal zigun hauspoa baliatzeko».
Lan Harremanen Kontseiluak zalantzarik gabeko datuak eman ditu: 2017an, lan itunen estatalizazioak aurrera egin du modu argian. Gero eta euskal langile gehiago dago Espainian egiten diren itunen barruan, haien lan baldintza okerragoekin, alegia. CCOOrentzat, ordea, ez dago arazorik. «Ez dago estatalizazio arazo bat; ELAk, LABek eta patronal batzuek negoziazio mahaiak uztea da benetako arazoa», dio Vicentek; «horrek errazten du enpresak eroso egotea, eta laguntzen du soldaten errentak enpresaren mozkinetara joatea».
Grebarako prest
Bistan denez, urtebete egin duen «itun historikoak» ez du pitin bat ere askatu lokarria; are, inoiz baino lotuagoa dago soka, eta abertzaleen gehiengo sindikala mobilizazioetara begira dago. «Negoziazio kolektiboaren desblokeorako ez dugu inongo federik patronalarengan», dio ELAko kide Pello Igeregik; «gure fede guztia langileen antolakuntzan dago. Sindikatuok prest egon behar dugu sektore eta enpresetan langileak antolatu eta grebak martxan jartzeko». Igeregiren hitzek lan gatazken jokalekua marrazten dute: «Langileen pazientzia amaitzen ari da»; eta sententzia: «Bakarrik duintasunaren bidez aldatuko da benetan negoziazio kolektiboaren egoera».
Confebaskek, ordea, ez du inolako asmorik egungo testuinguruak eta indarrean dauden lan arauek ematen dioten posizioari uko egiteko. «2007an eta 2008an egiten ziren proposamen berak topatzen ditugu negoziazio mahaietan. Gogoratzen dugun krisirik gogorrena eta luzeena gertatu izan ez balitz bezala jokatzen dute, krisi horrek enpresak beste testuinguru batera eraman ez balitu bezala».
Confebaskeko lan arloko zuzendari Jon Bilbaok garbi dio «lan egiteko moduetan ezinezkoa dela» orain arte bezala jarraitzea. Sektoreko itunak «orain dela hamarkadak» idatzi zirela gogoratu du, eta «iraganeko klausula askok» ez dutela zentzurik. Negoziazioan benetan aurrera egin dadin oztopo nagusia sindikatuen nahi bat ei da, «arauak aldatzeak ahalbidetu dituen malgutasun marjinak baliogabetzeko duten nahia», eta abisu ematen die haiei: «Itunak berritzeko prozesuan, enpresak eta lanpostuak dauzkagu jokoan».
ELArena bezala, LABen erantzuna argia da horrelako hausnarketa baten aurrean: «Langileak kokoteraino daude beren baldintzak okertzeaz. Borrokaren aldeko apustua egingo dugu, gatazkak gehituz eta langileak aktibatuz».
...eta saskia hutsik
Urtebete joan da sindikatu nagusiek eta Confebaskek sektore arteko ituna egin zutenetik. Euskal hitzarmenek lehentasuna izango dutela adostu zuten 2017ko ilbeltzaren 17an, baina horretan gelditu da ekinaldia: historikotzat jo zen akordio horrek ez du balio izan negoziazio kolektiboaren lokarria askatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu