Esportazioen dibertsifikazioak bultzatuko du Gipuzkoako ekonomia aurten

Lurraldeko BPGa %2,1 handituko da, merkataritza ganberaren arabera. Autogintzaren eta ekipo ondasunen sektoreentzako laguntzak eskatu ditu.

Gipuzkoako  Ganberako arduradunak, ostegun honetan egindako agerraldian. GIPUZKOAKO GANBERA
Gipuzkoako Ganberako arduradunak, ostegun honetan egindako agerraldian. GIPUZKOAKO GANBERA
jokin sagarzazu
2025eko urtarrilaren 30a
13:00
Entzun

Gipuzkoako Ganberak aurreikusi du lurraldeko ekonomia %2,1 haziko dela aurten, esportazioaren eta turismoaren «bilakaera positiboari» esker. Mauricio Arregi presidenteak azaldu duenez, kontsultatutako enpresen ia erdiek (%46) uste dute atzerrirako salmentek gora egingo dutela datozen hilabeteetan, eta heren batek baino gehiagok (%36) esportazioen egungo erritmoari eutsiko diotela.

Iaz, industriaren sektoreak nabaritu zituen gehien nazioarteko testuinguru ezegonkorraren ondorioak eta Europako motor ekonomikoen pattalaldia, Alemaniarena bereziki. Hala ere, Arregik azpimarratu du hasi berri den urteari begira industria alorreko enpresen %12k baino ez dutela aurreikusten euren kanpo salmentak murriztea. Hobeak dira zerbitzuen sektorearen aurreikuspenak, bitik batek (%54) handitzea espero baitu.

%84

Salmentak handituko dituzten enpresak 2025ari begira, enpresen % 84k aurreikusten dute salmentak hobetuko dituztela edo eutsiko dietela, eta %16k soilik espero dute eskaera zorroa murriztuko dutela.

Arregik nabarmendu duenez, enpresak oro har «baikor» dira, lan handia egin baitute azken urteetan beren merkatuak dibertsifikatzeko, «Europako gure merkatu nagusien (Frantzia, Alemania eta Italia) ahultasuna gorabehera». Hala, hortik kanpora begiratu behar izan dute beren ondasunak eta zerbitzuak saltzeko. AEBak, Mexiko, Arabiar Emirerri Batuak, India, Australia eta Maroko dira, ganberaren arabera, Gipuzkoako enpresen «bezero berriak».

Javier Zubia zuzendari nagusiak, berriz, «lasaitasun mezua» igorri nahi izan du. Gogoratu du esportazioek 2023an jo zutela goia, eta oraindik ere datuak inoizko onenetakoak direla, «zenbait industria sektorek zailtasun handiak izan dituzten arren».

AEBetara eta Bruselara begira

Donald Trumpen agintaldi berriak izan ditzakeen ondorioei buruz galdetuta, ganberako arduradunek esan dute enpresak «adi» daudela, baina ez dute zalantzarik lurraldeko enpresek jakingo dutela erabaki horiei «nola egokitu».

Gogoratu dute AEBetako ekonomia, Europakoa ez bezala, hazkunde fasean dagoela, eta horrek «aukera berriak» zabaltzen dituela. Zehaztu du gero eta enpresa gehiago ezartzen ari direla han, Trumpek Europan ekoiztutako produktuei ere jarri asmo dizkien muga zergen eragina murrizteko.

Kezkarako motibo bat ere nabarmendu dute. Adierazi dutenez, Europan bezala Gipuzkoan ere autogintza eta ekipo ondasunen sektoreek garai zaila dute, eta, horri aurre egiteko, ezinbestekotzat jo dute Europako Batasunak sektore horien lehiakortasuna bultzatzeko neurriak hartzea eta enpresen zama burokratikoa murriztea. Hain zuzen ere, hurrengo hilabeteotan administrazio arauak sinplifikatuko dituela agindu zuen atzo Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.