Esportazioak behera egiten ari dira oraindik ere

Urteko lehen bi hilabeteetan 6.843 milioi euroren esportazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko enpresek, iaz baino %6,5 gutxiago.

Mercedesen salmenten beherakadak eragin handia izan du esportazioetan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Mercedesen salmenten beherakadak eragin handia izan du esportazioetan. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko apirilaren 19a
14:00
Entzun

Esportazioak %1 jaitsi ziren 2023an, nagusiki energia merkeagoa izan zelako —eta, hortaz, Petronorren esportazioak ere bai— eta Volkswagenek ekoizpena txikitu zuelako.  Aurtengo lehen bi hilabeteetan suspertu egin da VW, baina kanpo merkataritza behera egiten ari da oraindik ere. Eustaten eta Nastaten datuen arabera, urtarrilean eta otsailean 6.843,2 milioi euroren esportazioak egin dituzte Hego Euskal Herriko enpresek, iaz epe horretan baino 474 milioi gutxiago (-%6,5).

Otsaila bera antzerakoa izan da, %6,6ko murrizketarekin.

Nafarroan bakarrik izan dira datu positiboak, iaz baino %10 gehiago saldu baitute herrialde horretakoek kanpoan. Autogintzak eragina izan du horretan, VWek nagusiki, atal horrek %28,5 gehiago esportatu baitu.

Doi-doi kontrakoa gertatzen ari zaio Mercedesi: iaz baino gutxiago esportatzen ari da, eta horrek eragin du Arabako esportazioak %17,3 jaistea urteko lehen bi hilabeteetan. Hain zuzen ere, Gasteizko fabrika apirilaren 23an itxiko dute, eta ez dute maiatzaren 6ra arte irekiko, ekoizpena gutxitu behar dutelako. Maiatzeko beste lau egunetan ere ez dute zabalduko.

Bizkaian ere behera egiten ari dira esportazioak (-%11,8), eta, kasu horretan, Petronorren jarduera apalagoak zeresana du. Gipuzkoak ez du industria bakar batekiko hainbesteko menpekotasunik, baina han ere %3,8 txikitu dira hango enpresek atzerrian egin dituzten salmentak.

Ohi bezala, Frantzia (%17,8) eta Alemania (%15,4) dira Hegoaldeko konpainien produktuen erosle nagusiak. Haien atzetik daude Italia (%7,6) eta Erresuma Batua (%6,3).

-%3

Inportazioak ere gutxitu egin dira aurten. 5.556,4 milioi eurorenak izan dira, iaz baino %3 gutxiago. Inportazioetan pisu handia dute autoek eta haien osagaiek (Alemaniatik), eta petrolioak eta haren deribatuek (AEBetatik, Brasildik, Mexikotik eta Afrikatik).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.