Eusko Jaurlaritzak ekonomiaren bere termometroan esandakoa baieztatu dute estatistika erakundeen datuek: suspertze bat gertatzen ari da esportazioetan. Eustaten eta Nastaten arabera, Hego Euskal Herriko enpresek 3.400 milioi euroren esportazioak egin zituzten apirilean, 2023koan baino 150 milioi gehiago (+%4,6).
Nafarroa izan da azken hilabeteetan Hegoaldetik eta Espainiatik kanpo iaz baino gehiago saldu duen bakarra, Volkswagenen esportazioak oso erritmo onean ari direlako hazten. Baina apirilean datu positiboetara itzuli dira Bizkaia (+%15,9) eta Gipuzkoa (%7). Ez, ordea, Araba (-%9,9), hango kanpo sektorean oso garrantzitsua baita Mercedes, eta azkenaldian haren furgoneten eskaria gutxitu egin delako, egun batzuetan fabrika geratu behar izateraino.
Apirileko datuek moteldu egin dute esportazioen aurtengo bilakaera negatiboa, baina ez dute eten. Urteko lehen lau hilabeteetan 13.772 milioi euroren esportazioak egin dituzte Hegoaldeko enpresek, iaz baino %7,8 gutxiago. Nafarroak baizik ez du datu positibo bat (+%4), jaitsierak nabarmenak batira Araban (-%17,5), Bizkaian (-%9,2) eta Gipuzkoan (-%8,1).
Inportazioak ere gutxitzen ari dira aurten, baina ez hainbeste: %3. Horrek ekarri du kanpo saldo positiboa txikitzen ari dela: 3.133 milioi euro zan ziren 2023ko lehen lauhilekoan, eta 2.301 milioi aurten. Bizkaiak baizik ez du gehiago inportatzen esportatu baino, hara iristen direlako ondoren Petronorren edo gas zentraletan tratatzen dituzten erregai fosilak.