Esportazioak pandemia aurreko mailara itzuli dira

Petrolio olio finduak, ontzigintza eta siderurgia nabarmendu dira. Autogintzak ere gora egin du, Araban bereziki; Nafarroan, aldiz, behera

Ontzi bat Bilboko portuan sartzen. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
jokin sagarzazu
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Industria jardun betean da. Gaitasuna erakutsi du osasun krisia dela-eta 2021. urtean izandako gorabeherak eta sektore guztiei eragin dieten lehengaien eta energien hornidura arazoak gainditzeko. Hori erakusten dute, behintzat, esportazio datuek. 2021eko azarora artekoak %22,7 ugaritu ziren aurreko urteko aldi berekoen aldean, eta pandemia aurreko mailetan kokatu ziren, Eustaten arabera.

2021eko lehen hamaika hilabeteetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ondasunen esportazioak aurreko urtean baino 4.358 milioi euro gehiago izan ziren: 23.584 milioi guztira. Eta 2019ko aldi berean baino 7,56 milioi gehiago.

Hazkunderik handiena Bizkaian izan da: %31,5ekoa. Araban %18,8koa izan da, eta Gipuzkoan, %16,2koa. Inportazioei dagokienez, hazkundea %25,7koa izan da hiru lurraldeetan. Bizkaian, %38koa; Gipuzkoan, %28,3koa, eta Araban, %24,1ekoa. Horiek hala, 4.483,3 milioi euroko saldo positiboa izan da.

Azaroa bereziki ona izan da: joan den urteko hil beraren aldean, sektore guztietan ugaritu egin dira esportazioak: %72,7 produktu energetikoetan, eta % 24 ez-energetikoetan (esportazio guztien %95 dira horiek).

Petrolio olio finduak, ontzigintza eta siderurgia nabarmendu dira; autogintzak ere gora egin du, horniduren krisia gorabehera: 2020ko azaroan baino %52,2 gehiago esportatu du sektoreak, Gasteizko Mercedesek bultzatuta, bereziki. Udatik, produkzioa eten behar izan dute han, baina 2020ko antzeko kopuruetan amaitu dute urtea, eta azaroan %52ko hazkundea izan zuten salmentetan. Hiru lurraldeetako esportazio guztien %8,6 izan ziren azaroan.

Inportazioei dagokienez, energiena (gasa, petrolioa, olioak) eta mineralena ugaritu egin dira urte batetik bestera, industriaren beharrengatik bereziki. %25,7 hazi dira kanpo erosketak 2021ean; azaroan %45,1ekoak izan ziren, aurreko urteko hil berarekin alderatuta.

Nafarroan, behetik oraindik

Nafarroa da salbuespena. %8 handitu dira salmentak 2021ean, eta inportazioak, %23,5, Nastatek jakinarazi duenez. Hortaz, esportazioak oraindik ez dira pandemia aurreko kopuruetara itzuli: %7,7 txikiagoak dira oraindik. Bereziki, autogintzaren eraginez gertatu da hori. Volkswagenek Landabenen duen plantak nabarmen murriztu zuen produkzioa iaz. Sektore horretan, salmenten bolumena %2,3 apaldu da, eta Alemaniara esportatuena, %30,8.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.