Bigarren hilabetez jarraian handitu egin da nazioarteko merkataritza Hego Euskal Herrian. Maiatzean, enpresek 3.905 milioi euroren esportazioak egin dituzte, iazko maiatzean baino %2,1 gehiago.
Hazkunde hori produktu oso jakin batzuen salmenta handien ondorio da. Esaterako, petrolio finduaren esportazioak lehen halako hiru dira, eta handitu egin da autoetarako osagaien salmenta. Behera egin dute, berriz, autoen eta furgoneten esportazioek (Mercedes eta VW) eta pneumatikoenak (Michelin) ere.
Apirilean ere gora egin zuten esportazioek, eta, ondorioz, urte hasiera pattala pixka bat zuzentzen ari da kanpo sektorea. Urtarriletik maiatzera 17.685 milioi euroren esportazioak egin dituzte Hegoaldeko enpresek, iaz epe horretan baino %5,7 gutxiago —apirilean, %7,8koa zen jaitsiera—.
Inportazioak ere gutxitu dira, %3, 14.506 milioi euroraino.
Araban, jaitsiera handia
Lurraldez lurralde, aldeak oso handiak dira, bakoitzak produktu oso desberdinak esportatzen baititu. Horrela, Arabak menpekotasun handia du Mercedesekin eta Michelinekin, eta, horiek biek urte konplikatua dutenez, %17,5 ari dira jaisten esportazioak. Nafarroan, berriz, Volkswagen da jaun eta jabe: maiatza ez da ona izan (-%8,3), baina urtea ez doa gaizki (+%1,5).
Bizkaian, berriz, energia sektoreak indar handia dauka, Petronorren eta Bahia de Bizkaiaren inportazio handien eta esportazio garrantzitsuen ondorioz. Urtea behetik hasi ondoren, azken hilabetean %16,4 handitu dira Bizkaiaren esportazioak, eta %4,2ra murriztu dute jaitsiera.
Gipuzkoak, berriz, hilabete ona izan du (%18,4), besteak beste, altzairu sektoreari eta CAFi esker, baina aipagarria da itsasontzi baten esportazioak 30 milioiren salmenta gehitu diola kanpo sektoreari.