Esportazioak amiltzeak ez zuen joera aldatu urtearen bukaeran

Hego Euskal Herriaren esportazioak %16,8 txikitu ziren 2020 osoan. Abenduan, beherakada %9,8koa izan zen. Alemania da esportazioen helburu nagusia (%17), baita inportazioena ere (%18,1)

Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Bilboko eta Pasaiako portuek, Forondako aireportuak, Iruñekogeltokiak eta Euskal Herri osoko errepideek urte osoan zehar ikusi dutenari kopuru bat jarri diote Eustatek eta Nastatek. Kanpo merkataritzak sekulako kolpea hartu du, konfinamenduarekin lehenik eta hark eragindako krisi ekonomikoarekin ondoren. Hego Euskal Herrian, zehazki, zartakoa %16,8koa izan da esportazioentzat, eta %20,6koa inportazioentzat. Hau da, gutxi gorabehera ekonomia halako bi hondoratu da kanpo sektorea.

Martxotik maiatzerako tartea izan zen okerrena kanpo merkataritzarentzat —apirilean, erdia baino gehiago jaistera iritsi zen—, baina suspertzea ez da automatikoa izaten ari. Horrela, 2020ko abenduan urtebete lehenago baino %9,8 txikiagoak izan ziren esportazioak, eta %12,8 txikiagoak inportazioak.

Lau urte zeramatzan kanpo sektoreak hazten, eta hiru urte, berriz, esportazioek marka historikoak puskatzen. 2019ko errekorrak —35.683 milioi euroren ondasunak saldu zituzten enpresek Hegoaldetik eta Espainiatik kanpo—, aldi baterako jarraituko duela dirudi, nekez berreskuratuko baitira urte batean galdutako ia 6.000 milioi euroak.

Guztira, Hegoaldeko enpresek 29.691 milioi euroren ondasunak esportatu zituzten joan den urtean. 2013. urtera egin behar da atzera halako kopuru apal bat ikusteko. Kontuan hartu behar da Espainiako merkatuak garrantzi erlatiboa galdu duela mende honetan, esportazioen mesedetan —bikoiztu egin ziren 2004 eta 2019 artean—.

Iaz, salbatzailerik ez

2019an, neurri handi batean, bi enpresek salbatu zuten urtea:Volkswagenen eta CAFen esportazioak handitu egin ziren, eta, lehenengoak Nafarroan eta bigarrenak Gipuzkoan duten pisu handiari esker, bi lurraldeetan %11,6 handitu ziren esportazioak, eta Bizkaiko eta Arabako galerak konpentsatu zituzten.

Aurten, ordea, ez da salbatzailerik izan. Nafarroan, autoen esportazioak %20,3 egin zuen behera —VWenak, alegia—. Gipuzkoan, berriz, %44 txikitu da trenen eta haietarako materialaren esportazioa. Neurri horretan bertan jaitsi da Gipuzkoan ibilgailu motordunen esportazioa, Irizarren autobusena nagusiki.

Oro har, Gipuzkoan %18,7 gutxitu dira esportazioak; Araban, %14; eta Nafarroan, %13. Kolperik handiena, ordea, Bizkaiak hartu du (-%20), bere ezaugarri berezien ondorioz. Beste hirurek ez bezala, Bizkaia da kanpo saldo negatiboa duen bakarra —gehiago inportatzen du esportatu baino—, haren produktu izarra hidrokarburoak direlako. Hau da, Petronorrera doan petrolioa eta handik ateratzen diren erregaiak, eta Bahia de Bizkaiara doan gas likidotua. Horrela, Bizkaiaren petrolio osagaien esportazioak %54 txikitu ziren iaz, eta %41 txikitu ziren, berriz, inportazioak.

Arabako produktu nagusiak, Mercedesen furgonetek, pixka bat hobeto eutsi diote merkatuaren hondoratzeari: %14,9 apaldu dira.

Europakoak dira Hego Euskal Herriaren merkatu nagusiak, eta, guztien aurretik, Alemania —esportazioen %17 doaz hara— eta Frantzia (%16). Historikoki, Erresuma Batua izan da merkatuetan hirugarrena, baina brexit-ak izan du eragina: lehen, esportazioen %8,4 joaten ziren hara, %6,3 joaten dira orain. AEBekiko merkataritza gerrek ez diete asko eragin esportazioei, baina bai, ordea, inportazioei. Herrialde gehienekin kanpo saldo positiboa du Hego Euskal herriak, baina 940 milioiko zuloa du Txinarekin: hara doaz esportazioen %1,8 eta inportazioen %7,3.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.