Hego Euskal Herriko ekonomia sendo hazi zen iaz —%2,1 EAEn eta %2,7 Nafarroan—, baina nazioarteko egoeraren zailtasunak islatu dira kanpo merkataritzaren datuetan. Izan ere, esportazioek eta inportazioek ez diote eutsi barne merkatuaren erritmoari. Zehazki esportazioak %4,1 jaitsi ziren, eta 2023ko urteko beheranzko joera baieztatu zuen.
Inportazioak, apalago bada ere, %0,8 jaitsi ziren. Atzerrian saldutakoaren eta erositakoaren aldea positiboa da, eta horrek esan nahi du Hego Euskal Herriko ekonomiak aurrezten jarraitzen duela: 7.564 milioi euro. Gainera, aintzat hartu behar da 2022an marka historikoa erdietsi zutela esportazioek, eta gehieneko maila horri ezin izan diola eutsi.
Arrazoietako bat autogintzan datza, zehazki Gasteizko Mercedesen. 2023an inoiz baino furgoneta gehiago ekoitzi eta saldu ostean, iragan urtean guztiz alderantzizko joera izan da. Produkzioa doitu egin behar izan zuen, nazioarteko egoera konplexuaren ondorioz. Horri gehitu behar zaio etorkizuneko auto elektrikoen produkziora egokitzeko instalazioak zabaltzeko lanetan buru-belarri ari direla, eta, horren guztiaren ondorioz, autoen esportazioak %11,9 beheratu dira Araban. Ekonomiaren traktore izanik, Arabako esportazioak ia neurri berean beheratu dira —%10—. 2023an, aldiz, esportazioak %9,3 handitu ziren.
Nafarroako Volkswagenek antzeko egoerari aurre egin behar dio, eta, aldi berean, fabrikan ere egokitze lanetan ari dira, baina oraingoz joera hobea erakutsi du, %8,5 handitu baitira kanpoko salmentak urtebetean. Nafarroako enpresek atzerrian fakturatutako lau eurotik bat VWena da, eta haren merkatu nagusietan auto gehiago saltzea lortu du —Alemanian %27 gehiago, eta Italian %24 gehiago—. Aldiz, Frantzian, %17 jaitsi ziren autoen esportazioak.
Bi auto fabrika nagusiez landa, autogintzako osagai eta hornidura enpresek beste joera batzuk erakutsi dituzte. Nafarroan, zehazki, pisu handia du alorrak —esportazioen %12 hartzen baitu—, eta hango enpresek ezin izan diote VWen erritmoari eutsi: esportazioak %1,3 apaldu ziren. Aldiz, EAEn, sektoreak iaz baino %2,2 gehiago esportatu du —hau da, 503 milioi euroren baino gehiagoren balioa duten osagaiak fakturatu ditu—.
Euskal ekomomian pisu handia duten beste sektoreei dagokienez, energiak ere eragina izan du kanpo merkataritzaren apaltzean. Bizkaia erregaien inportatzaile handia da: petrolio gordina iristen da Petronorrera, eta gas likidotua Bahia de Bizkaia Gasera. Lehenengoan, gasolina eta gasolioa ekoizten dituzte; bigarrenean, berriz, gasa. Produktu horietako asko esportatu egiten dituzte gero. 2023an gertatu bezala, iaz ere hartu-eman horren balioa jaitsi egin zen: esportazioak %20 beheratu ziren. Aitzitik, energia garestitu izanaren ondorioz, inportazioek gora egin dute nabarmen (%46).
Merkantziarako beste ibilgailuen esportazioek —batik bat trenak— behera egin zuten iaz modu nabarmenean: %30, zehazki —657 milioi euro gutxiago, alegia—.
Gipuzkoa, nagusi
Sektore guztion bilakaerak bere isla izan du lurraldeetako datuetan. Hala, Araban eta Bizkaian %10 inguru egin dute behera esportazioek. Nafarroan, berriz, VWen ondorioz eta elikagai industriaren salmenta igoeren (+%20) ondorioz, esportazioak %0,6 baizik ez ziren apaldu. Alta, Hego Euskal Herriko lurraldeen artean Gipuzkoak soilik lortu du esportazioak handitzea: %0,9, alegia.
Europako Batasuneko herrialdeak dira oraindik ere Hego Euskal Herriko enpresen merkatu nagusiak. Deigarria da, dena den, Alemaniako merkatu kuota zazpi puntu beheratu dela urtebetean — munduan saldutako guztiak aintzat harturik, Alemaniaren pisua %15,6tik %14,9ra jaitsi da—-. Aldiz, Alemaniako enpresek kuota irabazi dute: inportazio alemaniarren zama bi urtean 1,7 puntu igo da —%14,9tik %16,6ra—.