Esportazioak %23 hazi dira, eta 2019ko markak erraz hautsi dituzte

Are gehiago handitu da inportazioen balioa, petrolio eta gas garestiaren kargamentu ugarien eskutik

Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Kanpo merkataritzak 2019ko marka txikitu du. 2022an 43.257 milioi euroren esportazioak egin zituzten Hego Euskal Herriko enpresek, 2019an baino %21,2 gehiago, eta 2021. urtean baino %23 gehiago. Goia jo dute inportazioek ere: Bilboko portura iritsitako gas eta petrolio kopuru bereziki handiaren eskutik,%37,4 handitu dira inportazioak azken urtean, 36.726 milioiraino.

Ukrainako gerrak eta inflazio handiak ez dute kanpo merkataritza eten. Izatekotan, kontrako eragina izan dute, zenbait produkturen joan-etorria handitu dute eta, batez ere, haien balioa garestitu.

Izan ere, inflazio handiak eragin du merkantzien balioa gehiago handitu dela garraiatutako bolumena baino. Zaila edo ezinezkoa da kamioi bidez mugitutakoa neurtzea, baina azpiegitura nagusien trafiko datuek hori erakusten dute: esaterako, Bilboko portuaren trafikoa %5,1 handitu da, eta Forondako aireportukoa, %14,2; gutxitu egin da, berriz, Pasaiako portukoa (-%6).

Bestetik, Errusiak Europako Batasunari gasaren iturria ixteak eragin du beste leku batzuetatik gas natural gehiago itsasontziz inportatzea. 2022an gasez betetako 65 gasontzi iritsi ziren Bahia de Bizkaia Gasen plantara, aurreko urtean baino heren bat gehiago. Petronor, Esergui eta CLHrentzako petrolio gordin eta haren eratorrien kargamentu gehiago iritsi dira (+%30), Bilboko portuak azaldu zuenez. Halaber handitu dira instalazio horietatik esportatutako produktuak ere.

Erregai fosilez betetako itsasontzien joan-etorriak eragin du Bizkaian praktikoki bi halakotu direla energia produktuen esportazioak (+%109) eta inportazioak (+%88,3). Bizkaian biltzen da energia sektoreari lotutako kanpo merkataritza ia osoa, eta horregatik hura da Hegoaldeko lurraldeen artean kanpo saldo negatiboa duen bakarra: 17.971 milioi euroren inportazioak egin zituen eta 13.299 milioiren esportazioak.

Gipuzkoan eta Nafarroan ere gehiago handitu dira inportazioak esportazioak baino, baina bi horietan eta Araban ere kanpo saldoa oso positiboa da. Autogintza giltzarria da hegoaldeko bi lurraldeetan: Araban, esportazioen %46,2 dira Mercedes furgoneten esportazioak, eta Nafarroan %40,8ra iristen da Volkswagenen pisua.

Sakabanatuagoa da Gipuzkoako kanpo sektorea: siderurgiaren produktuak dira %8,3; autoentzako osagarriak, %7,5; eta trenak eta tranbiak %4,6.

Errusia, behera

Ohi den moduan, Frantzia eta Alemania dira euskal enpresen bezero eta hornitzaile nagusiak. Brexit-aren ondorioz, Erresuma Batua pisua galtzen ari da: 2019an hara zihoazen esportazioen %8,4 (hirugarren bezeroa) eta %6 izan ziren iaz (bosgarrena).

Hornitzaileen artean, Txinak aurrera egiten jarraitzen du, eta behera, berriz, Errusiak: bosgarrena izan zen 2019an (%4,7) eta hamahirugarrena iaz (%2,3).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.