Kanpo merkataritzak ezin izan du bigarrenez jarraian markarik hautsi. 2022an, inflazio handiaren eta ekonomiaren suspertzearen ondorioz %23tik gora handitu ondoren, 2023an pixka bat apaldu da Hego Euskal Herriko enpresek atzerrian saldutakoa: 42.814 milioi euroko balioa izan dute esportazioek, 2022koek baino 443 milioi gutxiago (-%1). Errekorretik are urrunago geratu dira inportazioak, %8 gutxitu baitira iazko markatik.
Energiak pisu handia izan du nazioarteko merkataritzaren apaltzean. Bizkaia erregaien inportatzaile handia da: petrolio gordina iristen da Petronorrerako eta gas likidotua Bahia de Bizkaia Gaserako. Lehenengotik, gasolina eta gasolio gisa ateratzen da, eta, bigarrenetik, gas formarekin, eta produktu horietako asko esportatu egiten dira. Iaz, hartu-eman horren balioa jaitsi egin zen, 2022arekin alderatuz gero merkatu egin zirelako petrolioa eta, batez ere, gasa. Erregai horien kontsumoa ere asko apaldu da.
Eustatek zehaztu duenez, petrolio gordinaren inportazioak %27 gutxitu ziren iaz, eta gas inportazioak, berriz, %41. Brasil, AEBak eta Errusia dira erregai fosilen hornitzaile nagusiak.
207Errusia izan da historikoki Euskal Herriak tratatzen dituen petrolioaren eta gasaren iturri nagusietako bat, baina haren pisua asko gutxitu da Europako Batasunak zigortu egin zuenetik Ukraina inbaditzeagatik. 2021ean, zigorren aurretik, hidrokarburoen 1.192 milioi euroren inportazioak egin zituen Bizkaiak Errusiatik, baina iaz 207 milioi eskas izan ziren: 137 milioi euro gas, eta 70 milioi gasolio eta petrolioaren beste eratorriak.
Energiaren pisu handi horren eskutik, Bizkaia izan da Hego Euskal Herriko lurraldeen artean zenbaki negatiboenak dituena: %6,8 txikitu ziren esportazioak, eta %13,1 inportazioak.
Nafarroan ere apaldu dira esportazioak, eta, kasu horretan, arduraduna Landabengo poligonoan dago, Iruñean. Izan ere, jarduera jaitsi egin da Nafarroako lantegi nagusian, eta, ondorioz, baita haren esportazioak ere —auto gehienak atzerrira doaz—. Zehazki, 2.268 milioi euroko balioa zuten Nafarroak esportatutako autoek, 2022an baino %17,3 gutxiago. Nastaten arabera, handitu egin dira Nafarroaren beste esportazio gai nagusiak: %5 autoen osagaiak, %4,1 barazkiak, eta %35,3 motorretarako osagaiak.
Araban eta Gipuzkoan, gora
Zenbaki positiboenak Arabarenak izan ziren: %9,3 handitu zituen esportazioak, eta %3,9 inportazioak. Lau produktu nabarmentzen dira Arabaren esportazioetan: Mercedesen furgonetak, Michelinen pneumatikoak, Tubacexen eta Tubos Reunidosen hodiak, eta Arabako Errioxako ardoa.
Gipuzkoak, berriz, %1,4 handitu zituen bere esportazioak, eta %8,5 txikitu zituen inportazioak. Lurralde horretan banatuago daude esportatzen diren gaiak, nahiz eta nabarmendu egiten diren trenak eta trenetarako materialak (CAF), autogintzarako osagaiak, makina-erremintak eta altzairuzko produktuak.
9.027Kanpo saldo positiboa du Hego Euskal Herriak, eta horrek esan nahi du gehiago esportatzen duela inportatu baino. Iaz, gainera, handitu egin zen: 6.531 milioi izan ziren 2022an, eta 9.027 milioi 2023an. Kanpo saldo oso positiboa dute Gipuzkoak (4.674 milioi), Arabak (4.265 milioi) eta Nafarroak (3.176 milioi), baina negatiboa Bizkaiak (-2.328 milioi), erregai fosilen inportazioa dela eta.
Europako Batasuneko herrialdeak dira Hego Euskal Herriko enpresen esportazioen helmuga nagusia, eta haien artean Frantzia (%16,2) eta Alemania (%15,6) nagusitzen dira —estatistika erakundeek ez dituzte Espainiara doazenak zenbatzen—.
AEBak ere gero eta bezero hobeak dira (%7,4ra doaz hara), eta garrantzia galtzen ari da Erresuma Batua brexit-az geroztik: 2019an, esportazioen %8,4 joan ziren gara, baina %5,9 izan ziren iaz.
Alemania da hornitzaile nagusia (%16,4), eta kasu horretan askoz urrunago doa Frantzia, %8,8rekin.