Hilabete amaieran kontu korrontera sartzea, eta ikustea 560 euro jaso dituzun jakinarazpena iritsi zaizula. Eta jakitea ez duzula ezer egin behar izan errenta hori jasotzeko. Horrela bizi izan dira Finlandiako 2.000 herritar bi urtez. Oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko esperimentu bat egin baitute herrialde horretan 2017. eta 2018. urteen artean. Gaur egun ez dute jasotzen gisa horretako soldatarik, baina galdetegiak betetzen aritu dira hilabetero diru hori eskura eduki izanak sortu dizkien ondorioen inguruan. Izan ere, Finlandiako Gobernuak jakin nahi du zer onura dituen gisa horretako errenta batek. Esperimentu bat izan da, baina, era berean, baliagarria izan da oinarrizko errenta unibertsala defendatzen dutenentzat kontua mahai gainean jartzeko. «Komunikazio kanpaina erraldoi bat» egin da horri esker, Julen Bollainek dioenez; gai horri buruzko ikerlaria da EHUn. «Asko hitz egin da gaiari buruz, eta, besteak beste, errenta unibertsalaren aldeko jarrerak zabaltzeko balio izan digu».
Gaiari buruz zenbat eta gehiago hitz egin, «orduan eta jende gehiagok babesten du» errenta unibertsalaren sistema. Suitzaren adibidea aipatu du Bollainek. 2016ko ekainaren 5ean, erreferenduma egin zuten oinarrizko errenta unibertsala ezarri ala ez erabakitzeko, eta, alde nabarmenarekin ezezkoa atera bazen ere, kanpainak iraun zuen bitartean aldeko jarrerak nabarmen egin zuen gora. Erreferendumaren inguruko kanpaina hasi aurretik, biztanleen %10 zeuden oinarrizko errentaren alde, eta, bozketa egunean, botoa eman zutenen %24k eman zuten baiezkoa. «Erraza da gai horrekin demagogia egitea, baina gaiari buruz zenbat eta gehiago hitz egin, orduan eta jende gehiagori gustatzen zaio eredua», Bollainen arabera. Horregatik dio Finlandiaren adibideak balio izan duela mundu osoan gaiari buruz hitz egiteko.
Esperimentutik atera diren behin betiko emaitzak urte bukaeran argitaratuko dituzte, baina oraingoz behin-behinekoak atera dituzte. «Aurreikus zitezkeen atera dituzten ondorio horiek», Bru Lain Red Renta Basica plataformako kideak dioenez. Emaitza partzial horiek eskuan, Finlandian bi urtez ezarritako oinarrizko errenta unibertsalak ondorio hauek utzi ditu: estres maila jaitsi egiten da soldata hori jaso dutenen artean, loaren kalitatea hobetu egiten da, oinarrizko lehengaiak eskuratzeko zailtasunak jaitsi egiten dira, ongizate subjektibo hobea daukate eta, ondorioz, zoriontsuagoak ere badira. «Tira, hilean 560 euroko errenta bat bermatuta, badaukazu lasaiago bizitzea; aurreikus daitekeen zerbait da. Horregatik, emaitza horiek espero genituen».
Ondorio horiek ateratzeko ez zen esperimentu hori egin beharrik, Lainen arabera. «Baina, hala ere, ez da gutxietsi behar bertatik ateratako emaitzak». Orain arte munduan egin den esperientziarik handiena izan da Finlandiakoa: lurralde osoan sakabanatutako 2.000 pertsonaren artean banatu dute errenta; ez zuten elkar ezagutzen, eta bi urteko epean jaso dute dirua. «Hori da daukan alde ona: bertatik atera diren emaitzak inoiz egin den esperientzia zabalenaren parte direla».
Finlandian egin zen esperimentua ez zen hasieran espero zenaren parekoa izan. Oinarrizko errenta unibertsalaren inguruko proba egingo zela jakinarazi zutenean, ausaz aukeratutako 2.000 herritarren artean banatuko zela esan zuen gobernuak. Baina, presioak zirela eta, 2016ko azaroan aurkeztu zuten proiektuan langabeak bakarrik hartu zituzten kontuan. Hau da, langabezia saria jaso beharrean oinarrizko errenta jasoko zutela bi urtez 2.000 pertsonak. «Horregatik, emaitzak ezingo dira gizarte osoan aplikatu, kolektibo bati eragin dien ondorioak direlako; hala ere, interesgarria da jakitea zer bilakaera izan duten dirua jasotzen dutenek».
Errentak ez du inor alfertzen
Oinarrizko errentaren inguruan sortzen diren esamesen artean askotan errepikatzen da argudio hori: dirua jasotzen duen jendea alfertu egiten dela, eta herritar denek jasoko balute inork ez lukeela lanik egingo. Finlandiako esperientziak erakutsi duenez, errenta jaso duten pertsonek ez diote utzi lan egiteari. Diru sarrera hori izan ez zuten beste langabe batzuekin alderatu zituzten jaso zutenen bilakaera. Errentadunek batez beste 49,64 egun egin zituzten lan 2017an, eta diru sarrerarik gabekoek, berriz, 49,25 egun. Hau da, aldea txikia izan arren, oinarrizko errentarekin lan gehiago egin zuten lan finkorik gabeko herritar horiek.
Datua normaltzat hartu du Lainek. «Jasotzen den diru kopurua ez da oso handia, are gutxiago Finlandian, eta, beraz, hilabete amaierara iristeko lan egin behar da». Lan merkatura sartzean ez zen ezberdintasun handirik egon, baina diru sarrera bermatuta edukitzeak lasaitasuna ziurtatu die pertsona horiei, eta «azken batean, hori da garrantzitsuena». Hala ere, gehiago sartuko lirateke lan merkatura herritar guztien artean zabaltzen bada, Lainen ustez: «Okerren daudenei eman zaie errenta, eta, zaurgarritasun horretatik, dirua zuloak estaltzeko erabiltzen da lehenik eta behin: alokairua ordaindu, zorrak kitatu... Gizarteko sektore baxuenekoen artean banatu dute errenta, eta hala ere laneratze tasa hobetu egin dute». Horregatik dio esperimentua gizarte osoan egin izan balitz emaitzak interesgarriagoak izango zirela.
Lanaldi partzialen tasak, bestalde, %17 egin zuen gora errenta jaso zuten herritarren artean, jaso ez zutenekin alderatuz gero. «Eta hori kontuan izanda Finlandian garrantzi handia ematen zaiola enpleguari, eta lanaldi partzialak ez daudela ondo ikusita», Lainen arabera. Diru sarrera bermatuta, beraz, herritarrek bestelako lanak egiteko aukera izango lukete, dioenez: zaintza lanak edo borondatezkoak. «Horretarako baliagarria da oinarrizko errenta».
Denak alde, denak kontra
Finlandian bi urtez egin den esperimentua oinarrizko errenta unibertsalarena izan dela zabaldu da, baina hertsiki ezin da esan hala izan denik. Hori uste duLainek: «Kontraesana dago terminoetan: unibertsala dela baitio, baina dirua denbora jakin batez pertsona kopuru bati bakarrik ematen bazaio, hori ez da unibertsala». Bollainek bat egin du berarekin: «Pilotoa den proba bat inoiz ez da izango unibertsala». Alegia, oinarrizko errenta unibertsala guztiz ezartzen ez bada, ezin dela esperimenturik egin. Areago doa Bollain: «Oinarrizko errenta unibertsala ezarri beharko balitz, zerga erreforma bat egin beharko litzateke, eta halakorik gabe aplikatu da Finlandian». Errenta horren beste eztabaidagai nagusietako bat hori baita: finantzaketa.
Berezia da, hala ere, oinarrizko errenta unibertsalarekin gertatzen dena: ezkerreko eta eskuineko ideologo ugari daude errentaren alde, baina baita kontra ere. «Berezia ere izan daiteke paradigma hori, baina oso ezberdinak dira alde batak edo besteak defendatzen duen oinarrizko errentaren ereduak; alde nabarmenak daude». 2016an bertan, Davosko Foroan, herritar denek jaso beharreko ordain bat bermatuko zuen sistema ezartzea eztabaidatu zuten. Digitalizazioak lanpostu ugari suntsituko lituzkeela aurreikusten da, eta errentarekin bermatu egingo litzateke pertsona orok erosteko ahalmenari eustea. «Baina, errenta horren truke, ongizate estatua pribatizatu egin beharko litzateke; hau da, osasuna eta hezkuntza ez lirateke publikoak izango; hori izango litzateke sistema horrek trukean eskatuko lukeen ordaina», azaldu du Bollainek. Hori horrela balitz, oihaneko legea gailenduko litzateke, Lainen ustez.
EHUko ikerlariak dio, ordea, ezkerretik proposatzen duten sistemak «ongizate estatuan beste oinarri bat ezarriko» lukeela; hau da, osasuna eta hezkuntza bermatuta edukitzeaz aparte, hileroko errenta bat ere jasoko luke pertsona orok. «Hori finantzatzeko, zerga erreforma progresista bat ezarri beharko litzateke; aberatsenek ere jasoko lukete errenta hori, baina, zergen bidez ordaindu beharko luketenarekin alderatuz gero, galtzen aterako lirateke». Baina eredu horrekin gizarte guztiak irabaziko lukeela dio, «aberastasuna banatu egiten delako».
Lainek defendatu du Finlandiako esperientzia interesgarria izan dela helburu hori lortzeko bidean: «Erakutsi du errealitate izan daitekeela, eta eztabaida hori gizarteratzen lagundu du; baina baita ezberdintasun sozialak gainditzen ere».
ESPERIMENTU FINLANDIARRA
Finlandian, oinarrizko errenta unibertsalaren proba bat egin dute 2017 eta 2018 artean, eta, behin-behineko ondorioen arabera, dirua jaso duten 2.000 pertsonek estres gutxiago eduki dute denbora tarte horretan, eta lan egiten jarraitu dute. Gaiaren inguruko eztabaida zabaltzeko lagundu du saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu