«Martxa honetan adjektiboak amaituko zaizkit», esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, Mariano Raxoik asteazkenean aurkeztu zituen neurriak definitzeko garaian. Ez du arazo handirik izan, ordea, gutxienez hiru aurkitzeko: «basatia, ankerra eta gizagabea». Egoera bereziki larria dela ohartarazi du sindikatuko buruak, eta neurri horiek egoera ekonomikoa okerragotu egingo dutela salatu. «Espainiak Greziaren, Portugalen eta Irlandaren gero eta antz handiagoa» daukala esan du, eta herrialde horietako egoera latza gogorarazi.
Egoera horri aurre egiteko, politika sozialen alde borroka egitea «aukera ezin hobea» dela esan du Muñozek. Gizarteak kritika egingo duela ohartarazi die agintariei, «eta inork benetan arlo sozialean sinesten badu, eta protestekin bat egiten badute, babes handia jasoko lukete, jendeak gaizki pasatu behar baitu». Horregatik, dei berezia egin die Hego Euskal Herriko erakundeei: ez ditzatela aurkeztutako neurriak aplikatu, euren eskumenekoak direnean. Raxoiren gobernua oinarrizko lege bidez ari da hainbat neurri indarrean jartzen, baina horien aurrean ere planto egiteko eskatu du ELAk. «Krisi politiko bat zabaldu beharra dago, arlo soziala oinarrian hartuta. Guri ez digu balio esatea neurriak ez zaizkiela gustatzen, eta ondoren ezartzea. Ezberdin pentsatzen baldin bada, gauza ezberdinak egin behar dira», Muñozen esanetan.
Orain, Gobernuak klase borroka «deklaratu» du. Patronalak eskatzen duena behin eta berriz ezarriz, «klasekako politika» egiten ari dela nabarmendu du Muñozek. Horregatik, proposatu berri diren neurri horiei aurre egiteko, bide bakarra aurreikusten du sindikatuak: salaketa eta mobilizazioa. Orain, gainerako eragile sozial eta sindikalekin elkarrizketak izaten ari dira ELAko ordezkariak, «jasotako erasoari neurriko erantzun bateratua emateko». Muñozek ez du zehaztu mobilizazio horiek uda aurretik, edo ondoren izango ote diren.
Raxoi, gezurretan
Baina erabakiak bakarrik ez, Raxoiren adierazpenak ere gogor kritikatu ditu sindikatuak. Azken hilabeteetan Espainiako Gobernuak «gezurrak esan izana eta manipulatu izana» salatu baitu Muñozek. «Bankuari egin behar zitzaion erreskateak baldintzarik ez zuela izango esan zuten. Eskerrak!», esan du azken neurriei aipamena eginez.
Eta ez hori bakarrik. Langabezia saria murriztu izana, lana bilatzeko pizgarriaren «eufemismoarekin» argudiatu zituen Raxoik. Baina erabaki horren atzean beste bat dagoela uste du Muñozek. Laguntzak jaitsi izana, lanik gabe dagoen pertsona edozein baldintzatan lanera itzultzeko prest egoteko egin dela argitu du: «Miseriazko edozein kontratu onar dezaten».
Arlo soziala husten aritzea gaitzetsi du ordezkari sindikalak, eta oraindik bide horretan jarraituko dutela uste du. «Boxeo borroka batean bageunde bezala da. Baina bazter batean KO dago borrokalari bat, eta, hori gelditu beharrean, 'segi ematen, segi ematen' esaten ari da epailea ». Ukabilkadei erantzuteko, mobilizazioen bidea besterik ez du ikusten sindikatuak.
Krisia eurogunean. Espainiako Gobernuaren neurriak
Espainiarekin krisi politikoa zabaltzeko eskatu die ELAk euskal erakundeei
Mariano Raxoik proposatutako neurriak Hego Euskal Herrian ez aplikatzeko eskatu du sindikatuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu