Gaindegiako idazkaria

Xabier Oleaga: «Espainiarekin eta Frantziarekin konparatzeko dugun ohiturak errealitatea distortsionatzen digu»

Euskal Herriak azken hogei urteetan izan duen garapen sozioekonomikoari buruzko txosten bat aurkeztuko du Gaindegiak datorren astean. Dibulgaziorako eta gogoeta prozesu bati ekiteko baliatu nahi dute.

ANDONI CANELLADA / FOKU
ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
Andoain
2024ko azaroaren 23a
05:00
Entzun

Euskal Herriak 2004 eta 2024 artean izan duen garapen sozioekonomikoaren argazkia: hori da Gaindegia indarberrituak azaroaren 28an aurkeztuko duena. Duela hogei urte sortu zen behategia, eta efemeridea baliatuta egin dute bi hamarkaden konparazioa. Datorren ostegunera arte itxaron beharko da bildu dituzten datu zehatzen berri izateko, baina Xabier Oleaga idazkariak (Erandio, Bizkaia, 1956) zenbait gako aurreratu ditu.

Zer nabarmenduko zenuke?

Zenbait kontu berresten eta mito asko apurtzen dituela txostenak. Guk diogu izena duen guztiak duela izana, eta hori Euskal Herriari aplika dakioke. Azken hogei urteetako gure izan sozioekonomikoa dokumentu honetan jaso dugu.

Normalean, Hegoaldean zein Iparraldean, konparazio sozioekonomikoak Espainiarekin eta Frantziarekin egiteko ohitura handia dugu, hurrenez hurren. Horregatik, uste dugu gurean langabezia tasa oso txikia dela, produktibitatea oso handia, babes soziala izugarrizkoa, ez garela kutsatzaile handiak... Alderaketa munduko datuekin egiten dugunean, ordea, agerian geratzen da errealitatearen irudi distortsionatua dugula, eta ikusten dugu zertan hobetu behar dugun. Hori da Gaindegiaren ekarpena.

Lau ataletan banatu duzue txostena. Lehenengotik hasita, zer nabarmenduko zenuke demografiaren alorrean?

Esaterako, Euskal Herriko jaiotza tasa beherantz doala eta heriotzen tasa gorantz, baina, hala ere, biztanleria hazi egin dela azken hogei urteotan. Lehen hiru milioi baino gutxiago ginen, eta orain, gehiago. Migrazioaren eragina: hemen bizi direnen %29,5 dira Euskal Herritik kanpo jaiotakoak; horien erdiak, Espainian. Asko dira Frantziatik etorritakoak ere. Eta ez Espainian ez Frantzian jaiotako atzerritarrak, berriz, biztanleriaren %8,4 dira. Europako gainontzeko herrialdeekin alderatuta, hemeretzik dituzte guk baino biztanle gutxiago.

Ekonomiarenean?

2004. urtetik bikoiztu egin dela Euskal Herriko BPG barne produktu gordina. Europan gehien hazi direnetako bat da Euskal Herrikoa. Biztanleko dugun BPGari begiratuta, ordea, agerikoa da badugula zer hobetu.

Interesgarria da industriak duela hogei urte zuen balio erantsia eta gaur egun duena alderatzea ere. Datuak oso esanguratsuak dira: erakusten dute industriak zertxobait behera egin duela, eta zerbitzuen sektorea izugarri hazi dela.

Erorarazi dugun beste mito bat produktibitatearena da. Espainiarekin eta Frantziarekin erkatuta oso ondo gaude, baina Europan gu baino askoz hobeto dagoen herrialde mordoa dago. Ondo gaude, adibidez, inportazioen eta esportazioen arteko orekan, EBko batezbestekoaren gainetik.

«Alderaketa munduko datuekin egiten dugunean ikusten dugu zertan hobetu behar dugun»

Gizartearen ingurukoa da hirugarren atala.

Hor arretagunerik deigarriena formakuntza mailarena da: Europan, biztanleko unibertsitate mailako ikasketak dituzten herritar gehien dutenen artean, bigarrena da Euskal Herria, Irlandaren atzetik. Horrek baditu ondorioak ere, eta gazteak, orain, duela hogei urte baino beranduago heltzen dira lan mundura.

Enplegu tasari erreparatuta, ikus dezakegu nola murriztu den gizonen eta emakumeen arteko tartea: %22,4 zen lehen, eta %6,9 da orain. Europan urrats handiena egin duten herrialdeen artean gaude. Arlo berean, interesgarria da 55-64 urte bitartean daudenen egoera: hogei urtean %30 handitu da adin tarte horretakoen enplegu tasa. Aipagarria da Euskal Herrian dugun %8,1eko langabezia tasa ere. Mugakideak baino hobeto gaude, baina EBko batezbestekotik gora.

Azken txostenean, arreta berezia jarri zenuten ingurumenean. Zer azpimarratuko zenuke?

Iaz eman genuen datu esanguratsuena berretsi dugu aurten: biztanleko CO2 gehien isurtzen duten munduko hamar herrialdeetako bat Euskal Herria da. Txostenaren atal horrek gabezia handiak ditu, Ukrainako gerrak baldintzatu duelako datu bilketa, baina, adibidez, nabarmendu dezaket Euskal Herrian handitu egin dela petrolio kontsumoa azken urteetan, eta joerak goranzkoa izaten segitzen duela. Europan kontrakoa da joera.

Iazko txostena aurkeztean, esan zenuten egoeraren argazkia eskaintzeaz gain ondorioen inguruan hausnartu eta horiek aplikatu nahi zenituztela. Zertan dira asmo horiek?

Gogoeta fasea ez dugu hasi oraindik. 2022ko txostena argitaratu genuen denbora asko generamalako geldirik, eta dibulgazio lanetan ere ibili ginen. Ordurako, ordea, identifikatu genuen orain aterako dugunak hausnarketarako elementu kritiko gehiago emango zizkigula. Asmoa da txosten berria aurkeztea, bizpahiru hilabetez dibulgazioan jardutea eta datorren urtearen hasieran gogoeta faseari ekitea.

«Herri ikuspegia sozioekonomiara eramaten du Gaindegiak; beste inork ez du egiten ekarpen hori»

Non egingo duzue dibulgazioa?

Hedabideetan nagusiki, baina hezkuntzara ere zabaldu nahi dugu. DBHko bigarren zikloan, esaterako, badago Ekonomia ikasgaia, baina gaur egun ez dago hartan Euskal Herriko datuak lantzeko modurik, eta guk ematen ditugu. Ikastoletan curriculumaren barruan dago, baina bestelako ikastetxeentzat eta unibertsitateentzat ere baliagarriak izan nahi dugu. Baita, noski, gizarte eragileentzat ere: alderdi politikoentzat, sindikatuentzat, fundazioentzat... horiekin antolatuko ditugu saioak.

Ondoren helduko da gogoeta fasea. Nork hartuko du parte?

Eragile sozioekonomiko aktiboak elkartu nahi ditugu: enpresariak interesatzen zaizkigu, sindikatuetako ordezkariak, kooperatiben mundukoak, ingurugiroarekin lotutako adituak... Iritzi oso ezberdinak dituztenen arteko gogoetak sustatuko ditugu. Emaitzak publikoak izango dira, baina prozesua diskrezioz egingo dugu, parte hartzaileak ez baldintzatzeko. Ez dugu kanpora begirako diskurtsorik entzun nahi.

Helburua zein da?

Sozioekonomian eragile aktibo bat izan nahi dugu. Herri eta komunitate ikuspuntu bat arlo horretara eramaten du Gaindegiak, eta beste inork egiten ez duen ekarpena egiten du. Hiru ildo nagusi ditugu horretarako: bat, Euskal Herriaren argazki sozioekonomiko eguneratua izatea; bi, horren dibulgazioa egitea eta gogoeta sustatzea; eta hiru, gure alorrean mugaz gaindi landu daitezkeen ekinaldiak sustatzea.

Gaindegiaren jarduna etenda egon zen bi urtez. Zein da egoera orain?

Azken hilabeteetan egin dugun lan nagusia gure egiturak prestatzekoa izan da. Zuzendaritza talde indarberritu eta askotarikoa osatu dugu; martxan dabil hamabost pertsona konpetentek osatutako batzorde zientifikoa ere, eta, finantzei dagokienez, lotuak ditugu konpromiso batzuk zenbait banku eta erakunderekin. Gure beharrak asetzeko adina badugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.