Espainiako Poliziak bikote bat atxilotu du Portugaleten emakume etorkinak lanean esplotatzeagatik

Futbol talde batean ariko zirela aginduta ekartzen zituzten Venezuelatik, baina taberna batean lan eginarazten zieten, esplotatuta. Atxilotuei lan esplotazioa, legez kanpoko immigrazioa bultzatzea eta langileen eskubideen aurkako delituak egotzi dizkiete.

(ID_17295930573095) Espainiako Poliziaren automobil bat
Espainiako Poliziaren automobil bat. ESPAINIAKO BARNE MINISTERIOA
joxerra senar
2024ko urriaren 22a
13:20
Entzun

Espainiako Poliziak bikote bat atxilotu du Portugaleten (Bizkaia), langile etorkinak esplotatzeagatik. Bizkaiko futbol talde profesional batean lan egingo zutela promes eginda, Venezuelatik ekartzen zituzten emakumeak, baina gero bi tabernatan lanean jartzen zituzten, esplotatuta. 

Espainiako Gobernu ordezkaritzaren arabera, Bilboko Gordoniz kaleko polizia etxera jo zuten lau biktimak, salatzeko bi taberna horietan lan kontraturik gabe lanean ari zirela eta ez zietela ordaindu azken hilabeteetan.

Deklarazioa hartzerakoan, azaldu zuten futbol talde batean jokatzeko promesa egin ziela bikote batek Venezuelan. Hilean mila euro ordainduko zietela esan zieten, eta hegaldia ordaindu egin zieten. Alta, Euskal Herrira heltzean, euren bi tabernatan jarri zituzten lanean.

Biktimek salatu zutenez, bederatzi eta hamar orduko lanaldiak egiten zituzten, eta ez zieten lansaririk ordaintzen. Gainera, tabernatik ez ateratzeko esaten zieten, bestela Poliziak herrialdetik kanporatuko zituela mehatxatuz. 

Irailean atxilotu zituzten bi tabernen jabeak: 34 urteko gizonezko bat eta 30 urteko emakume bat. Lan esplotaziorako salerosketa, immigrazio klandestinoa erraztea eta langileen aurkako eskubideak urratzea leporatzen diete. Gaur eman dute horren berri.

Urriaren 10ean, Getxon, hiru lagun atxilotu zituzten lan esplotazioagatik eta sexu abusuengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.