Lan harremanak

Espainiako patronalak ELArekin adostu du sektore arteko euskal esparru akordioaren kontrako salaketa kentzea

Negoziazio bat hasiko dute EAEko patronalek eta sindikatuek, sukaldaritzako langileen baldintzak finkatzeko

Sektore arteko akordioa lortzeko bilera sindikatuen eta patronalarne artean, iazko urtarrilean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 19a
21:38
Entzun

Atzera egingo du FEADRSek, Espainiako errestaurazioko patronalak, eta bertan behera utziko du joan den martxoan sektore arteko euskal esparru akordioari jarritako inpugnazioa. Gaur goizean, bilera egin dute, Bilbon, ELA sindikatuak eta FEADRSek, eta hark demanda kentzea adostu dute. Era berean, alde biek hitzartu dute negoziazio bat hastea Araba, Bizkai eta Gipuzkoako patronalen eta sindikatuen artean, bertako sukaldaritza sektoreko langileen baldintzak finkatzeko. "Sukaldaritza kolektiboko gatazkari behin betiko irtenbide bat emateko" negoziazioa izango da, ELAren arabera.

2017ko urtarrilean sinatu zuten sektore arteko euskal esparru akordioa Confebask patronalak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen lan baldintzen estatalizazioaren aurkako babesa zekarren akordioak: EAEko sektoreetan indarrean dauden edo egongo diren euskal hitzarmenak aplikatzeko tresna gisa sortu zuten.

Sindikatuak nabarmendu duenez, ezinezkoa izango zen Espainiako patronalak pauso bat atzera ematea FEADRSeko enpresetako langileen irmotasunik gabe. Izan ere, greba deituta zeukaten apirilaren 24rako, patronalak jarritako demandari buruzko auzi saioaren egun bererako. ELAk bertan behera utziko ditu aurreikusitako mobilizazioak, apirilaren 24an izatekoak zirenak, behin demandari uko egiteko erabaki formala jasotzen duenean.

Herenegun, Confebaskek ere sektore arteko euskal esparru akordioaren alde egin zuen, eta iragarri zuen epaitegietan defendatuko duela akordio haren zilegitasuna. Bi patronalak, Confebask eta FEADRS, Espainiako CEOE patronaleko kideak dira.

"Estrategia zuzena"

Adolfo Muñozek gidatutako sindikatuak nabarmendu du gaurko akordioak berretsi egin duela berea "estrategia zuzena" izan dela. "FEADRSen demanda jaso zuenean ELAk esan zuen bezala, helburua izan behar zen patronalak hura erretiratzea, eta horretarako ezinbestekoa zen demandak eragindako eremu konkretuan ekitea, betiere auzi saioa izan baino lehen".  ELAk esker ona adierazi die "hainbat alderdi, erakunde eta enpresari" haiekin bilerak egin dituztelako egunotan, eta "helburu hau lortzen lagundu dutelako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.