Kontzertu Ekonomikoa

Espainiako Kongresuak Kontzertuaren eta Hitzarmen Ekonomikoaren berritzea onartu du

Foru ogasunek kudeatuko dituzte plastikozko ontzien eta fortuna handien gaineko zerga berriak. Kupoaren eguneratzea ere onartu dute diputatuek.

Hegoaldeko erakundeetako ordezkariak, gaur, Espainiako Kongresuan. IREKIA
Iker Aranburu.
2023ko otsailaren 23a
13:09
Entzun

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkari politikoak Madrilen izan dira gaur goizean, Hego Euskal Herriko erakundeen eta Espainiako Erresumaren arteko zerga eta finantza harremanen berritzea ikusteko. Izan ere, Espainiako Kongresuak gaur goizean onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren Kontzertu Ekonomikoaren eta Nafarroako Hitzarmen Ekonomikoaren berritzea. Halaber onartu dute kupoaren kalkulua berritzeko legea.

Adostasun handiz egin dute aurrera, Voxen eta Ciudadanosen aurkako botoekin. Kontzertu ekonomikoaren moldaketak aldeko 272 boto izan ditu, aurkako 61, eta hiru abstentzio; Nafarroako Hitzarmenak, aldeko 273, aurkako 59 eta lau abstentzio.

Itun ekonomikoak eguneratzeari esker, zerga berriak edo eguneratuak bildu ahal izango dituzte foru ogasunek: plastikozko ontzi berrerabilezinen gaineko zerga berezi berria, fortuna handien gaineko aldi baterako solidaritate-zerga berria, eta berotegi efektuko gas fluordunen gaineko zerga eguneratua.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek laugarren bat ere izango dute: hondakinak zabortegietan biltegiratzearen, errausketaren eta hondakinen baterako errausketaren gaineko zerga.

Zerga horiek ituntzea udazkenean lotu zituzten Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuarekin, baina Espainiako Gorteen onespena behar dute indarrean jartzeko.

«Egun garrantzitsua da Hegoaldearentzat», aldarrikatu du Idoia Sagastizabal EAJko diputatuak. «Akordio horiek [Espainiako] Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko zerga eta finantza harremanak normalizatzen eta eguneratzen dituzte, eta ziurtasun ekonomikoa, finantza egonkortasuna eta segurtasun juridikoa ekartzen dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.