Espainiako Gobernua alkimia politiko eta ekilibrismo ariketa batera derrigortuta dago erabat legegintzaldi honetan, eta horren eredu da gaur goizean bertan behera utzi izana Zoruaren Legeari eginiko zuzenketen eztabaida. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak gidatzen duen gobernua ahul dago, bozketa bakoitzerako pilatu behar ditu babesak, eta lan hori ez da beti erraza. Babes falta izan da, hain zuzen, Zoruaren Legea ez eztabaidatzeko arrazoia, atzera bota baitu, ez zela onartuko jakinda. Bide batez, astebeteko epean bigarren porrot bat jasatea saihestu du. Asteartean ez zuen nahikoa babes lortu prostituzioa abolitzeko legea onartzeko.
Aste gogorra izan du Espainiako Gobernuak, eta ikusteko dago legegintzaldi osoa izan daitekeenaren lagina izan den ala ez. Zoruaren Legearen kasuan, Junts, ERC, Podemos eta Sumar alderdiek eman diote bizkarra, eta haien baiezkorik gabe ezinezkoa zen gehiengoa lortzea. Lauek zuzenketak egin dizkiote legeari, eta gaur eztabaidatu behar zuten. Azken horren keinua adierazgarria da, gobernu koalizioan baitago, eta, Zoruaren Legea eztabaidatzeko zorian egon bada, Ministroen Kontseiluak martxoaren 26an aurreproiektua onartu zuelako izan da. Halaber, PPk ere esana zuen ez zuela legea onartuko.
Abokatuen xantaia
Espainiako Gobernuak garrantzia kendu dio erabakiari, eta Etxebizitza Ministeriokoek argudiatu dute babes faltaren atzean «hauteskundeei lotutako arrazoiak» daudela, eta PPri egotzi dio estatuaren beharren aurka egitea; izan ere, lehentasunezkotzat jotzen du legea onartzea, haren ustez, gaur egun udalak «ziurgabetasun juridikoan» murgilduta baitaude. Izan ere, ministerioaren arabera, egungo legearekin forma huts bat aski da udal baten hirigintza plan osoa blokeatzeko. Era berean, ministerioak salatu du abokatu bulego batzuk espezializatuta daudela helegiteak jartzen udaletako hirigintza planei, «xantaia eta estortsioa» erabiltzen dutela, eta, gero, dirua eskatzen dutela helegitea kentzeko.
Bertsio horrek zuzenketak aurkeztu dituzten alderdi gehienekin egiten du talka; izan ere, azaldu dutenez, lege berriak egitasmo urbanistikoak salatzeko aukera «mugatzen» du, eta ateak irekitzen dizkie «arrakasta kolpeei». Zuzenketak aurkeztu dituzten Kataluniako alderdiek —Junts eta ERC— gehitu dute lege berriak talka egiten duela Kataluniako araudiekin. Are gehiago, ERCk onartu du bere zuzenketaren arrazoi nagusia zela Generalitatearekin akordio batera iritsi ez izana.
Zoruaren Legeaz harago, erabaki horrek agerian uzten du gobernua ahul dagoela. Iragan asteartean prostituzioa abolitzeko legea bozkatu zen, eta ordukoan EAJ, EH Bildu, PP, Sumar, ERC eta Junts alderdiek bozkatu zuten aurka. PP ez beste alderdi guztiek Sanchezen alde egin zuten inbestidura bozketan.