Espainiako Gobernuak «murrizketarik gabeko» doikuntza egingo duela agindu dio Bruselari

Madrilen iragarpenen arabera, defizit publikoa %3tik %0,8ra jaitsiko da 2031rako, eta zorra, berriz, %90,6raino. Bankuen eta energia konpainien zerga bereziak finko egiteko asmoa dauka.

Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroa, gaur, Madrilen. ZIPI ARAGON / EFE
Carlos Cuerpo Espainiako Ekonomia ministroa, gaur, Madrilen. ZIPI ARAGON / EFE
Iker Aranburu.
2024ko urriaren 15a
18:30
Entzun

Hazkunde ekonomikoan oinarritutako doikuntza bat agindu dio Espainiako Gobernuak Europako Batzordeari. Defizita eta zorra gutxitzen jarraituko duela azaldu du, baina «murrizketarik gabe» izango dela ziurtatu du Carlos Cuerpo Ekonomia ministroak. Hori bai, behar izatekotan zergak igotzeko prest azaldu da, eta, bide horretan, iragarri du bankuen eta energia konpainien ezohiko irabaziak zergapetzen jarraituko duela, tasa horiek behin-behinekoak izateari utziko baitiote.

Europako Egonkortasun Itun berrituaren arabera, BPGaren %3tik gorako defizita eta %60tik gorako zorra duten estatu kideek doikuntza plan bat aurkeztu behar dute, kopuru horietara nola hurbildu behar duten azaltzeko. Lau urteko planak dira, baina zazpi urtera ere luzatzeko aukera dago, tartean ekonomia sendotuko eta kontuak orekatuko dituzten zenbait erreforma eginez gero. Azken bide hori hautatu du Espainiako Gobernuak, gaur Bruselara igorritako doikuntza planean.

Frantziak ez bezala, Espainiak izkin egin dio aurten gehiegizko defizitaren prozedurari, iaz gai izan zelako bere defizita %3,6ra jaisteko eta zor publikoa txikitzen ari delako pandemiaren garaian berriro goia jo ondoren. Barne produktu gordinaren azken berrikuspenaren ondoren, zorra %105ekoa izan zen iaz, eta aurten beste koska bat egingo du behera, %102,5era. 

Zorraren gehiegizko muga %60koa da, baina helburu hori oso urrunekoa dela erakusten du Madrilek Bruselan aurkeztu duen planak. Zazpi urtean, 2031 arte, %90,6ra jaitsiko dela espero du, eta hamar urte beranduago, 2041ean, oraindik %76,8 izango da. 

Beheranzko bidea izango du defizitak ere, baina epe erdian %0ra iritsi gabe. Aurten %3koa espero du, eta %2,5ekoa 2025erako. Iragarpen horiek betez gero —eta ez dira normalean betetzen—, 2031n %0,8ko defizita izango du Espainiako Erresumak.

Erkidegoen defizit mugak

Murrizketa horrek eragina izango du Hego Euskal Herriko gobernuen jardunean ere, haiek ere beren kontuak doitu beharko dituzte eta. Madrilek beretzat gordetzen du baimendutako defizitaren zatirik handiena, eta hamarren gutxi batzuk baizik ez dizkie uzten bere menpeko erkidegoei. 2025ari begira, %0,1eko defizita utzi nahi zien, baina orain negoziatzen ari da tarte pixka bat handiagoa emateko. Defizitaren hamarren bakoitzak ia 80 milioi euro gehiago gastatzeko aukera ematen dio Jaurlaritzari, eta 22 milioi Nafarroari.

Defizita eta zorra murriztu behar izateak esan nahi du hurrengo zazpi urteetan gastua zorrotz kontrolatu beharko duela Espainiako Gobernuak. Batez beste, 2025-2031 epean urtero %3 handitu ahal izango du gastua: gehiago hasieran —%3,7 2025ean—, eta gutxiago epe horren bukaeran —%2,4 2031n—. Gastu primarioa deitutakoa da, eta horretan ez dira sartzen zorraren interesak, langabezia laguntzak eta EBko funtsak.

Baina gastuaren atal batzuk hortik gora handituko dira, pentsioenak esaterako, inflazioari ez ezik biztanleriaren zahartzeari ere lotuta daudelako. Gastu militarra ere %3tik gora handituko dela uler daiteke, Pedro Sanchezen gobernuak agindu baitu NATOren helburura helduko dela, hots, BPGaren %2ra. Horrek esan nahi du beste atal batzuetan hazkunde txikiagoa izango dela, edo murrizketak.

EBko arauen arabera, datorren urteko gastu igoera %3,7an uzteko zehazki zer egingo duen ere azaldu behar dio Madrilek Bruselari, baina oraindik ez dio azaldu, aurrekontu proiektua prestatzen ari delako.

Kontu horietan agertzekoak dira bankuen eta energia konpainien gaineko zerga berezien ekarpena, Espainiako Gobernuak jada erabaki baitu ez direla behin-behinekoak izango, eta, aldaketa batzuekin bada ere, indarrean jarraituko dutela. Cuerpok azaldu duenez, Bruselarekin negoziatzen ari dira orain zerga horiek eta beste batzuetan egingo diren aldaketak, derrigorrezko baldintza baitira Espainiak EBko funtsen bosgarren ordainketa jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.