Urtarrileko pentsioan ez ezik, aurrerakoetan ere %2,8ko igoera izango dute Hego Euskal Herriko pentsiodunek. Espainiako Kongresuak atzera bota zuen neurri hori zekarren dekretua joan den astean, baina ezezkoa nagusitzea eragin zuen taldeak —JxC Junts per Catalunyak— aldeko botoa emango du orain, Madrilgo gobernuarekin akordioa lortu ondoren.
Kongresuan ezezkoa jasotzeak min handia egin zion Espainiako Gobernuari, haren ahultasuna agerian geratu baitzen berriro, eta auzitan jarri baitzen legealdian aurrera jarraitzeko gaitasuna. Gauzak horrela, JxCrekin negoziatzeari ekin zion, haren botoak ezinbestekoak ditu eta. Izan ere, PPk eta Voxek ia sistematikoki ematen diote ezezkoa gobernuaren edozein proposameni.
Negoziazio horrek gaur eman ditu fruituak, eta ministroen kontseiluaren ordutegia aldatzea ekarri dute. Amaieran azaldu da Pedro Sanchez gobernuburua, eta jakinarazi du 29 neurri batzen dituen dekretu bat onartu dutela, «aurrekoaren neurri ia guztiak» jasotzen dituena. Horien artean daude pentsioak eguneratzea, garraiorako deskontuak, argindarraren bonu soziala, etxegabetzeak zailtzeko neurriak eta Valentziako uholdeen biktimei laguntzak ematea.
Dekretuaren aldeko botoaren truke, Sanchezek jakinarazi du PSOEk ez diola trabarik jarriko JxCk Kongresuan aurkeztu nahi duen konfiantza moziorako eskaerari. Baina gauza bat da tramitea abiatzea, eta beste bat Sanchezek bere kargua diputatuen esku utziko lukeen bozketa bat egitea. Izan ere, presidenteak argitu du mozio hori eztabaidatzea ala ez erabaki behar duela; «eta aurreratu nahi dizuet gobernuak ez duela haren beharrik ikusten».
PPren eta Voxen gezurrak
JxCri buruz ari zela, Sanchezek eskerrak eman dizkie «urruneko posizioetatik» neurriak negoziatu dituztenei, eta gogor kritikatu du «PPren eta Voxen arteko koalizio negatibista». Sanchezen arabera, azken asteetan neurriei buruzko gezurrak esan dituzte eskuineko alderdiek, hala nola, dekretuak elikagaien BEZa eta argindarra garestituko zituela.
Era berean, ukatu egin du EAJri Parisko egoitza itzultzea «opari» bat dela: «Ez dugu ezer oparitu; jauregia haren legezko jabeari itzuli diogu, frankismoak lapurtutako hainbat eta hainbat eraikinekin aurretik egin bezala».
Bere gobernuaren lana nabarmendu du. «Gutxiengoa izan arren, akordioen gobernua gara, eta bake sozialaren alde egiten dugu. Azkeneraino borrokatzen gara, eta ez dugu amore ematen». Dekretutik kanpo geratu dira, besteak beste, zergei buruzko neurri batzuk, industria elektrointentsiborako laguntzak eta «Kataluniaren eskuduntzak urratzen zituzten neurri batzuk».
EAJren ikuspegia
EAJren taldeak txalotu egin du joan den astean atzera botatako neurri gehienak jasotzea dekretuan. Taldeko iturriek nabarmendu dutenez, onartutako neurrien artean dago Lagun Aroko pentsio eredu mistoa berriro indarrean jartzea. Hala zehaztu zuten Pedro Sanchezen inbestidurarako akordioan, eta omnibus dekretuan zehaztu.
Omnibus dekretuan ez zen zehaztu etxe alokairuetarako berme sistema publiko bat ezarriko dela. EAJri deigarria egin zaio estatuak bere gain hartzea ordaindu gabe geratzen diren alokairu errenten zorra. Maizterren «okupazio mota hori» kritikatu du, eta ohartarazi du hura amaitzeko lan egingo dutela.
Parisko eraikina itzultzeari buruz, EAJk esan du ez zela beharrezkoa hori dekretuan sartzea. Jeltzaleek diote hain justu neurri hori ez zela atzera bota aurreko astean, eta itzultzeko prozesua, hortaz, ez zegoela arriskuan.
Akordioa eta dekretua
Akordioaren arabera, dekretu berriak 29 neurri jasoko ditu. Horietako asko joan den astean Espainiako Kongresuan atzera botatako omnibus dekretuan zeuden:
- Pentsioen igoera. Pentsioak %2,8 igoko dira, iragan abenduko Espainiako KPIaren arabera. Nafarroan, batez beste, urtean 597 euro igoko dira, eta EAEn, 651 euro.
- Garraio publikoa. 2022an ezarritako baldintza bereziek ekainera arte iraungo dute: Renferen hurbileko eta distantzia ertaineko bidaiak doan izango dira, eta %50eko beherapenak izango dira hiri barruko eta hiriarteko autobus zerbitzuetan.
- Babes neurri sozialak. Erabiltzaile zaurgarriei ur, argindar eta gas kontsumoa mozteko debekua, urte osoan. Bonu soziala dutenei dagokienez, 2022an ezarritako salbuespen egoerari eutsiko zaio.
- Kaltetuentzako laguntzak. Iazko urriaren 29an Valentzian izandako uholdeetan kaltetutakoei maileguak luzatuko zaizkie. Halaber, 2021eko La Palma uharteko 2021eko sumendi erupzioaren harira, berreraikitzeko neurriak luzatuko dira.
- Etxebizitza. Egoera zailean diren familien etxe kanporatzeak etengo dira aurten. Gainera, legez kanpoko okupazioen kasuetan, etxe jabeentzako eta maizterrentzako bermeen sistema publiko bat ezarriko da.
- Inbertsioen ezkutua. Sektore estrategikoetako enpresen gainean beste herrialdeetako enpresek egindako eskaintza publikoen aurka egiteko aukera beste bi urtez luzatuko da.