Fedavica Amiantoaren Biktimen Elkarteen Federazioko bozeramailea

Jon Garcia: «Espainiako Gobernuak ez ditu amiantoaren funtsarekin bere eginkizunak bete, utzikeriagatik»

Amiantoaren biktimentzako funtsa abian jartzeko epea bete eta urtebetera, inork ez du kalte ordainik jaso. Garciak uste du onartuko dutela: «Galdera da zer baldintzatan».

(ID_13511452) (Andoni Canellada/@FOKU) 2024-01-18, Ordizia. Jon Garcia ASVIAMIE amiantoaren biktimen elkarteko bozeramailea
ANDONI CANELLADA / FOKU
Paulo Ostolaza.
Ordizia
2024ko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

CAFeko langile erretiratua da Jon Garcia (Ordizia, Gipuzkoa, 1954), baina lan eta lan dihardu oraindik ere amiantoaren biktimen alde borrokan. Madrilera makina bat buelta egin du haientzat funts bat lortzeko; «Voxekin ere bildu nintzen, pentsa», dio barre artean. Konbentzitu zituen bere eskaeren zilegitasunaz. Legea 2022ko urrian onartu zuen Espainiako Kongresuak, baina martxan jartzeko hiru hilabeteko epea 2023ko urtarrilaren 19an amaitu zen, duela urtebete. Inork ez du kalte ordainik jaso oraindik.

Zer gertatu da?

Utzikeriagatik, Espainiako Gobernuak ez ditu bere eginkizunak bete. Lau aldiz bildu gara eurekin, eta hasieratik esan ziguten gai berezia zela, ez zutela ezagutzen, laguntza behar zutela... guk legea onartu zen egunerako pasatu genizkien beharrezko dokumentuak. Ematen zuen oso jarrera positiboa zutela, baina denborak aurrera egin du, eta epea pasatu zaie.

Ez dute aurrerapausorik eman?

Ekainean atera zuten zirriborro bat, bai, baina kristoren desorekak zituen. Gure proposamenetik oso urrun zegoen, eta, gehienbat, legearen espiritutik urrun. Zergatik? Kalte ordainen kopuruak oso txikiak zirelako beste mota batzuetako biktimenekin alderatuta, adibidez, terrorismoaren, ihesaren eta talidomidaren biktimenekin. Gainera, ogasunak ez zuen barkatzen, eta horrek esan nahi du emandakoaren erdia kenduko lieketela biktimei.

Zer egin zenuten?

Espainiako sindikatu nagusiekin batera, alegazioak jarri genizkion legeari. Kalte ordainen kopuruari, horiek lortzeko prozedurari... atzerako eraginarekin ere desadostasun handiak genituen, besteak beste, dokumentuak esaten zuelako hildakoen senideei ez dietela ezer emango. Ministerioarekin hitz egin nuen azken aldian azaldu zidaten zuzenketa batzuk kontuan hartzen ari direla. Hitzak dira, ordea.

Orduan, amiantoaren biktimentzat oraindik ere errentagarriagoa izango da kalte ordainak bide judizialetik eskuratzea funtsetik eskuratzea baino?

Bai. Kontua da jende gutxik jo dezakeela auzitara. Gaitza oso berandu agertzen denez, biktima asko erretiratuta daude, lan egin zuten enpresak itxita daude, eta askok, amiantoaren ondorioz gaixotu direla jakiten dutenerako, ez dute auzitan sartzeko gogorik izaten. Orduan, martxan jarraitzen duten enpresetan lan egindakoak dira bide hori hartzeko aukera duten bakarrak.

Funtsarekin zer gertatuko da orain?

Legealdia mantentzen bada, onartuko dutela uste dut. Galdera da ea gure eskaerekin egingo duten edo ez.

Zehazki, zer lortu nahi duzue?

Biktima guztiek kalte ordainak jasotzea, diagnostikoa aurkeztu bezain laster eta bizirik dauden bitartean. Ipar Euskal Herrian eta Frantzian egiten den bezala. Han hogei urte daramatzate funtsarekin, eta 6.000 milioi euro baino gehiago jarri dituzte horretarako. Hemen, bitartean, ezer ere ez. Harrigarria da.

...

Jendea oso nekatuta dago. Euskal Herritik kanpo, biktimen elkarteak oso gaizki daude. Gu baino lehenago hasi ziren, batez ere Uralitak plantak zituen tokietan: Katalunian, Madrilen, Alacanten, Valladoliden... horiek izan ziren lehenengoak. 80ko hamarkadarako jabetuak ziren gaixotzen ari zirela. Hemen, bigarren fasean jasan ditugu ondorioak.

Bigarren fasean?

Hiru fase daudela uste dut nik. Aurrenengoa, amiantozko produktuak fabrikatu zituzten garaikoena. Bigarrena da gurea, amiantoa manipulatu genuenona; ondorioak orain izaten ari garenona. Eta, Europako Parlamentuak agindu bezala 2032rako amiantoa gure herrietatik kentzen ez bada, hirugarren fasea etorriko da. 30 urte barru jendea galdezka hasiko da: «Zer gertatzen ari zait?».

Aipatu duzu funtsak ez dituela kontuan hartzen hildako pertsonak. Langileen arropa zikinetatik kutsatutako senideak bai?

Bai; diagnostikoa baldin badute, bai. Hori izango da funtsak duen ona. Bartzelonako Cerdanyola del Valles herrian, esaterako, Uralitaren fabrika bat zegoen auzo bateko 42 bizilagunek lortu zuten biktima gisa aitortzea, hamabi urtez epaitegietan borrokan ibili ostean. Lortu zutenerako, ordea, porrot egin zuen enpresak, eta ez zuten kalte ordainik jaso. Funtsa martxan jartzen bada, jasoko dute zerbait.

Balio dezake aurrekari gisa beste pozoi batzuen biktimentzako funtsak onartzeko?

Gertatzen ari da silizearekin, baina laguntza espezifikoak izango dira, material horiekin lan egindako langileentzakoak. Amiantoaren arazoa orokorra da; edonor kutsa daiteke, ez langileak bakarrik. Berezitasun horixe du. Europako Batasunean, oraindik, 50 milioi tona amianto ditugu kendu gabe. Amiantoaren ondorioz hiltzen direnen %90ek ez dakite zergatik hil diren, eta, Hego Euskal Herrian, %95ek ez dute dirurik jasotzen.

Nola konpon daiteke hori?

Ez da erraza. Eskerrak 60ko hamarkadan demostratu zuten gaitz horiek eta amiantoak harreman zuzena dutela, eta alarma soziala piztu zen. Horregatik gaude gauden lekuan.

Amiantoa 2001. urtera arte ez zuten debekatu, ordea.

Kutsagarria zela jakin arren, Espainiako Estatuan are gehiago zabaldu zen. 70eko eta 80ko hamarkadetan hazi zen Uralita. Enpresaren atzean zegoen Juan March, Francoren kolpe militarra finantzatu zuena, munduko pertsonarik aberatsenetan zazpigarrena izandakoa. Hura hil zenean ere [1962an], negozioarekin segitu zuen haren familiak, eta inor ez zen ausartzen haiei zerbait esatera. Krisi garaiak ziren, gainera. Horregatik, Espainiako Gobernua ere errudun da; zentzuzkoa da dagokion erantzukizuna hartzeko eskatzea.

Adituek aipatu izan dute 2023 eta 2026 artean joko dutela goia amiantoarekin kutsatutakoen kasuek. Zein da egoera?

Eztabaida zabalik dago, baina, Frantzian argitaratutako azken txostenak irakurrita, nabaritzen da beherakada txiki bat. Hemen zer gertatuko den? Ezinezkoa da jakitea.

Eta biktimen elkarteen lana noiz arte izango da beharrezkoa?

Nik uste dut oraindik luzerako dugula. Adibidez, adi jarraitu beharko dugu funtsa martxan jartzeko, eta hark bere eginkizunak behar bezala betetzen dituela ziurtatzeko. Gero, nik gogoa dut epaiketak uzteko, eta beste gauza batzuetara jartzeko; ikertzera, esaterako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.