Ukrainako gerra ez da itzali, ezta haren ondorioz neurrigabe hauspotutako inflazioa ere. Ez eta Andaluziako hauteskundeek Espainiako Gobernuko koalizioko alderdietan utzitako garratza ere. Testuinguru horretan, gaur Ministroen Kontseilu berezia egin dute Madrilen, herritarrei inflazioaren kolpea arintzeko neurriekin dekretua onartzeko.
Pedro Sanchezen arabera, neurri berriok 9.000 milioi euro jarriko dituzte laguntzetarako. 5.500 milioi gastua izango dira, eta 3.600 milioi euro erakundeek biltzeari utziko dieten zergak. Orain arteko jarritako dirua gehituta, guztira 15.000 milioi euroren kopurua erabiliko da «Putinen Errusiaren inbasioarekin» izugarri igo den inflazioaren kalteak arintzeko, hots, Espainiako BPGaren %1. Presidenteak azaldu duenez, orain artean indarrean dauden laguntzekin eta hemendik aurrera gehitzen direnekin, inflazio tasa 3,5 puntu murriztea lortuko da.
Argindarraren BEZa %5era
Asteartean bertan iragarri zuen Sanchezek nola argindarraren gaineko balio erantsiaren gaineko zerga are gehiago jaitsiko den aldi baterako. Duela ia urtebete, BEZa %21etik %10era murriztu zen, eta, orain, %5era murriztuko da. Espainiako presidentearen kalkuluen arabera, horrekin argindar fakturako zergen murrizketa %60tik %80ra handituko da.
Garraio bonuen beheratzea
Estatuaren esku dauden garraio publikoetan, hala nola Renfen, bonuen prezioa erdira jaitsiko da, irailaren 1etik aurrera. Murrizketa txikiagoa izango da, %30ekoa, erkidegoen esku dauden garraioetarako bonuetan, eta erkidegoek aukera izango dute %50erainoko tartea beren dirutik jartzeko.
Pentsiorik txikienen igoera
Beste berritasun bat kotizazio gabeko pentsioentzako %15eko igoera da. Sanchezen arabera, pentsio horren jasotzaileek batez besteko 60 euroko igoera izango dute hilean. Urte bukaera bitartean, beraz, guztira, 360 euroko gehigarria izango dute. Hego Euskal Herrian kotizaziorik gabeko 16.000 pentsio inguru daude gaur egun, batez beste 420 eurokoak.
Kotizaziorik gabeko pentsioentzako aldi baterako igoera ekainaren hasieran adostu zuen EH Bilduko Espainiako Gobernuarekin, eta, zenbait iturrik zalantzan jarri bazuten ere, aurrera atera da gaurko ministroen kontseiluan. Koalizio subiranistaren arabera, Sanchezen gobernua konprometitu zen igoera hori 2023ko aurrekontuetako pentsioen errebaluatzean ere jasotzeko.
200 euroko zuzeneko laguntza zuzenak
Diru sarrera txikiko langileentzako, autonomoentzako eta langabeentzako 200 euroko txeke bat egongo dela ere jakinarazi du Pedro Sanchezek, eta laguntza hori uztailetik aurrera eskatu ahalko dela gaineratu. Urtean 14.000 euro azpiko diru sarrerak dituzten familientzako izango txekea, betiere ez badute bizitzeko gutxieneko diru sarrera jasotzen.
Azken egunetan gobernuko alderdien artean tirabira gehien sortu dituen gaietako bat izan da laguntzarik zuzenena. Unidas Podemosek errenta apaleko familientzako 300 euroko txeke bat nahi zuen, 1.000 eurotik azpiko lansaria duten behargin guztientzat.
Sanchezen kalkuluen arabera, zuzeneko laguntza horren, kotizaziorik gabeko pentsioen goititzearen eta abendura arte luzatuko den bizitzeko gutxieneko dirua sarreraren %15 igoeraren onura, orotara, lau milioi pertsonak igarriko dute.
Gehieneko prezioa butanoari
Dekretuaren beste berritasun bat butanoaren prezioaren ingurukoa da. Butano bonbonari gehieneko prezioa jarriko diola iragarri du gobernuak, «bereziki landa eremua laguntzeko asmoz».
Abendu amaierara luzatutako neurriak
Ukrainako gerraren harira gobernuak aurreko dekretuan onartutako neurri guztiak abendura arte luzatuko ditu dekretu berriak, gehienak ekainarekin iraungitzen zirelako.
Horien artean daude, besteak beste, erregai litroaren gaineko 20 zentimo deskontua; garraiolari, abeltzain, nekazari eta arrantzaleentzako laguntza zuzenekoak; sektore kaltetuentzako gizarte segurantzako kuoten atzerapenak; alokairuen igoerentzako gehieneko %2ko muga; eta argindarraren bonu sozialaren onuradun kopuruaren igoera.
Zerga berria energia konpainiei
Dekretutik kanpo, beste neurri bat ere iragarri du Espainiako presidenteak: energia konpainiak eskuratzen ari diren ezohiko irabazi handiak zergapetzea. Zerga berezia aparteko lege proposamen batean jaso asmo dute gobernu koalizioko alderdiek, eta, beraz, Kongresuak onartuko beharko luke «datozen asteetan».
Zerga 2023ko urtarrilaren lehenean nahi luke indarrean gobernuak, baina oraindik ez du zehaztu zenbatekoa litzatekeen irabazi horien gaineko tasa. «Oraindik aztertzen ari gara, baina batez ere Italiako ereduari gaude adi».
Izan ere, Europako Batasuneko zenbait herrialdetan jada indarrean da energia konpainien ezohiko irabazien gaineko zerga hori. Italian, %10eko tasa jarri zien Mario Draghik zerutik eroritako irabaziei, eta jada iragarri dute tasa %25era goratuko dutela.
«Horren mingarria den egoeran, zamak justiziaz banatu behar dira. Gehiago jarri behar dute egoera hobean daudenek. Ezin da gutxi batzuek onura izatea gehiengoen kaltearen kontura. Prezio igoera honetatik zeharkako irabazkinak lortzen dituztenek ekarpen gehigarria egin behar dute ahalegin kolektibora eta gure herrialdeko erdiko klase langilearen babesera. Komunitate bat gara, ez indibiduoen batuketa bat. Gehien lortzen dutenek ekarpen handiagoa egin behar dute sakrifizio kolektibora».