Espainiako Estatua ITP Aeroren kapitalean sartu da, Indraren bidez

Euskal enpresaren %9,5 erosi du Espainiako Gobernuak kontrolatzen duen taldeak. Jaurlaritzak enpresaren %6 zuen lehendik. Armagintzarekin loturiko egitasmoetan batera aritzea adostu dute

ITP Aero aeronautika enpresaren egoitza, Zamudioko parke teknologikoan. MIGUEL TOÑA / EFE.
jokin sagarzazu
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Pisuzko mugimendua defentsaren sektorean. Espainiako Gobernua ITP Aero euskal enpresaren kapitalean sartu da, akzioen %9,5 erosita, Indraren bitartez. Armagintzaren sektoreko Espainiako konpainia nagusietako bat da Indra, eta Espainiako Estatuak kontrolatzen du, %28rekin.

Mugimendu estrategikotzat jo dute erosketa. Ukrainako gerrak Europa berrarmatzea eragin du, bereziki NATOko kide diren herrialdeak, eta handitu egin dituzte defentsara bideratutako aurrekontuak. Espainiak 5.000 milioi euro gehiago jarri ditu aurtengo aurrekontuetan. Europako Batasuna armak modu bateratuan erosten ari da lehen aldiz, eta abian jarri ditu sektorea indartzeko programa berezi batzuk. Diru laguntza horien guztien parte bat erakartzeko mugimendua litzateke Madril bultzatzen ari den enpresa kontzentrazioa eta enpresa horien kapitalean sartzea.

ITP Aerok 1.047 milioi euro fakturatu zituen iaz, eta horietatik %20 armagintza atalari dagozkio. «Euskal enpresa hazi eta hazi ari da, abiazio zibila suspertu delako eta defentsa negozioan eskari handia dagoelako», azaldu du Carlos Alzolak, konpainiako zuzendari nagusiak.

Erabakiak ez du inor ezustean harrapatu. Indra aspalditik ari baitzen ITP Aeroren zati bat erosi nahian. Azkenean, hasieran nahi zuen baino pisu gutxiagorekin parte hartuko du. %25 eskatu zuen, eta %9,5 izango du, 175 milioi euroren truke. Administrazio kontseiluan aulki bat izango du.

Bi enpresek ekainaren 30era arteko muga jarri zuten ados jartzeko, baina negoziazioak aste batzuk luzatu dira. Epea bete baino egun batzuk lehenago, hurbiltze seinaleak erakutsi zituzten. Aldi baterako enpresa elkarte bat sortu zuten, Espainiako Defentsa Ministerioaren 80 milioi euroko kontratu bat eskuratzeko.

Armagintzaren sektorean bi enpresen arteko kolaborazioa ez da egitasmo horretara mugatuko. FCAS Europako programako deialdietara batera aurkeztuko dira. Egitasmo horrek Europako aire gerra-sistema berria diseinatzea du helburu.

Eusko Jaurlaritza, adi

ITP Aero Bain Capital inbertsio funtsaren esku geratu zen 2022ko irailean, Rolls Royceren akzioak erosi zituenean. Orain, konpainiaren %75,5 izango du. Bigarren akziodun nagusia JB Capital funtsa izango da (%10), eta Indra hirugarrena (%9,5). Eusko Jaurlaritzak %6 izango du, eta Aperribai familiaren Sapa armagintza enpresak %5 —Indraren akzioen %8,5 ditu—.

Bain Capital ITP Aeroren akziodun nagusi bihurtu eta gutxira,Jaurlaritzak ITPren kapitalean berriz sartzea erabaki zuen, Finkatuz funtsaren bidez, enpresa Euskal Herrian errotzen dela bermatzeko, inbertsio funtsen kasuan ohikoa baita enpresak erostea eta urte gutxira saltzea.

1989an sortu zuten ITP Aero, besteak beste Jaurlaritzaren, Espainiako Gobernuaren eta Sener ingeniaritza enpresaren babesarekin, eta Eurofighter Typhoon gerra hegazkinaren motorra garatzeko nazioarteko programa baten harira. 2016az geroztik, Rolls Royce zuen akziodun bakar. Indrak 2019an egin zituen lehen urratsak kapitalean sartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.