Espainiako bankuek EBZrekin duten zorra %50 hazi da ekainean

Espainiako Gobernuak diru iturriak erraztu nahi dizkie estres testak gainditzen ez dituzten erakundeei

Erredakzioa
Donostia
2010eko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako bankuek eta aurrezki kutxek 126.300 milioi euro eskatu dizkiote Europako Banku Zentralari (EBZ) mailegutan, hau da, maiatzean baino %47,5 gehiago eta iaz garai berean baino %78,6 gehiago. EBZk euroguneko bankuei eta aurrezki kutxei ekainean utzi dizkien lau eurotik bat Espainiakoei mailegatu die. Espainiako Bankuak eman ditu datuak, eta erakunde horien barruan daude Hego Euskal Herriko kutxak ere.

Dena den, EBZk aurtengo maiatzean baino 22.000 milioi euro gutxiago eta iazko ekainean baino 120.000 milioi euro gutxiago utzi dizkie finantza erakundeei.

Standard & Poor's-ek herenegun kaleratutako txosten baten arabera, Europako finantza erakundeek ia bilioi bat eta erdi euro itzuli behar dituzte urte eta erdian: 375.000 milioi euro aurten, 670.000 milioi euro 2011n eta 625.000 milioi euro 2012an.

Espainiako Gobernua, badaezpada, finantza erakundeei diru iturriak zabaltzen ari zaie. Banku sektorea era ordenatuan berregituratzeko funtsari (FROB) dirua eskatu ahal izango diote bideragarriak izanda ere egoera txartuz gero zailtasunak dituzten finantza erakundeek. Horrela, Espainiako Gobernuak finantzabideak erraztu nahi dizkie Europako Batasunaren estres testak gainditzen ez dituzten finantza erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.