Espainiako Bankuaren esku dago Kutxabanken geroa

BBK-k, Kutxak eta Vitalek argudiatu diote banku zentralari ez direla bat eginda aritzen.Horrela eragotzi nahi dute bankuaren %50 saldu behar izatea

Iker Aranburu.
2014ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Bat ala hiru? Galdera xume horren erantzunak baldintzatu dezake Kutxabanken hurrengo urteotako bilakaera. Espainiako Bankuak uste badu haren hiru akziodunak, praktikan, akziodun bakarra direla, orduan zailagoa izango dute bankuaren jabetzaosoari eustea. BBK, Kutxa eta Vital Kutxaren alegazioak ontzat hartu eta bakoitza bere aldetik aritzen dela onartuz gero, berriz, akziorik ez saltzeko edo gutxiago saltzeko aukerak zabalduko dira. Erantzuna aste gutxi barru jakingo da.

Atzo amaitu zen epea Espainiako Bankuak banku-fundazioen legea zehazteko prestatu zuen zirkularraren zirriborroari alegazioak aurkezteko. Kutxabank osatzen duten hiru erakundeek bakoitzak bere aldetik egin dute,bat eginda ez dutela jokatzen frogatzea baita akzio salmenta masibo bat eragozteko azken karta. Kutxak ez du azaldu zer dioen bere alegazioan, baina pentsatzekoa da Vitalek eta BBK-k bezala ukatu egin duela hiru banku-fundazioek bat eginda jokatzen dutela, eta gogoraraziko duela bakoitzak bere kudeaketa organoak dituela, eta beren kasara antolatzen dituztela beren gizarte ekintzak.

Beste bi arrazoi eman dituzte alegazioetan. Herenegun jakinarazitakoan, Vitalek auzitan jarri zuen Espainiako Bankuaren autoritatea erabakitzeko nork jokatzen duen itunpean eta nork bere aldetik. Atzo aurkeztu zituen bere alegazioak BBK-k; haien artean dago banku zentralak finkatutako erreserba funtsa handiegia dela. Izan ere, Espainiako Bankuak erabakitzen badu hiruak batera doazela, 700 milioi euroko erreserba funts bat osatu beharko lukete bost urteko epean. Kopuru horrek Kutxabanken irabazi guztiak xurgatuko lituzke, eta ez luke dirurik utziko gizarte ekintzarako. Iaz, esaterako, 108 milioi irabazi zituen, eta 76 milioi, berriz, aurtengo lehen sei hilabeteotan.

Txikiagoa —300 milioi eurokoa— izango litzateke erreserba funts hori banku-fundazio bakoitza bere kasara doala onartuz gero; kasu horretan, BBKri soilik legokioke funtsa osatzea, hark soilik gainditzen badu erreserba hori egiteko legeak finkatu duen akzioen %50en muga. Kutxabanken akzioen %57 ditu BBK-k, %32 Kutxak eta %11 Vitalek.

BBKri ere oso zaila izango litzaioke bere aldetik funts hori sortzea. Aurten, esaterako, 15 milioi eskas jaso ditu Kutxabanken irabazietatik.

Kutxa guztien alegazioak Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioak (CECA) bildu ditu, eta hura arduratuko da alegazio orokor bat egiteaz. Horiek aintzat hartuta edo hartu gabe, zirkular bat egin beharko du orain Espainiako Bankuak, eta Espainiako Estatu Kontseiluari igorri beharko dio. Haren txostena ez da bete beharrekoa, baina jaso beharrekoa da behin betiko zirkularra argitara emateko.

Alegazioak alegazio, legearen helburua aurrezki kutxa izanikoek bankuen jabetza eta kontrola galtzeko eginda dagoela barneratuta dauka Mario Fernandez Kutxabankeko buruak. Horregatik, etorkizunari buruz duen ideiari eusten dio: hiru kutxek jabetzaren %30 izango dute, horrekin kontrolari eusteko gai izango direlakoan erreserba funtsik osatu gabe. Bi modu ikusten ditu Fernandezek gaur egungo %100ko parte hartzea txikitzeko: zati bat salgai jartzea —eta horretan lortutako irabaziak inbertitzea gizarte ekintza elikatzeko—, eta kapital handitze bat egitea —«Europako gainontzeko bankuen maila berean jokatu ahal izateko»—.

Urkulluren desmarkatzea

Kutxabankeko presidentearen planekiko distantzia bat hartu nahi izan dute azken asteotan Eusko Jaurlaritzak eta EAJk. «Fernandezen darabilen lan hipotesi bat baizik ez da hori», esan zuen joan den ostiralean Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Legebiltzarrean. Akzioen salmenten aurka dagoela gaineratu zuen Urkulluk, baina bankuaren kudeatzaileen «erabaki subiranoak» errespetatzen zituela esan zuen:«Haiei bakarrik dagokie beren jarduerari hobekien datozkien erabakiak askatasun osoz hartzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.