Espainiak luzatu egingo du 400 euroko laguntza, baina «hobetuta»

Raxoik dio ezin direla «pozik» egon planak orain arte izan duen eraginkortasun eta funtzionamenduarekin

2012ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak argitu du azkenean zer egingo duen diru laguntzarik jasotzen ez duten epe luzeko langabeen 400 euroko laguntzarekin. Laguntza jasotzeko epea amaitu aurretik jakinarazi du luzatu egingo duela. Abuztuaren 24an egingo du Espainiako Gobernuak hurrengo Ministroen Kontseilua, eta orduan hartuko du erabakia.

Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak adierazi du atzeraerako eragina izango duela neurriak, hau da, abuztuaren 16tik aurrera izango dela indarrean luzapena. Hori bai, esan du Prepara plan hori «hobetu» egingo dutela, nahiz eta ez duen ezer zehaztu: aldaketak zeintzuk izango diren, zein baldintza ezarriko dituzten, eta zenbateko iraupena izango duen. Haren esanetan, Prepararen bidez jasotzen den diru kopurua «laguntza txikia» da. «Hobetuz gero» zentzua duela dio; batez ere, egoera ekonomikoa «hain zaila» izanik.

Laguntzarik jasotzen ez duten langabeek Prepara planaren baitako laguntza jasotzeko, izena eman, eta prestakuntza eta ikastaroak jasotzen dituzte, betiere lan mundura begira. Hego Euskal Herrian, guztira, 13.100 langabek dute izena emanda plan horretan.

Nolanahi ere, Raxoik azaldu du ez daudela «pozik» plan horrek orain arte izandako eraginkortasunarekin eta funtzionamenduarekin. Hori horrela, laguntza jasotzen dutenak lan munduan sartzeko eraginkortasuna hobetu behar dela uste du. «Hobeto funtziona dezan saiatuko gara, zeren helburu nagusia da pertsona horiek lan munduan sartzea, eta hori gutxi lortu da».

Espainiako Lan Ministerioaren datuen arabera, Espainian 500.850 lagunek jaso dute laguntza hori indarrean jarri zenetik —2011ko otsailetik—. Horrez gain, adierazi du planaren lehen seihilekoan izena emandako %20k lortu zutela lana, eta, aldiz, bigarrenean, %6k lortu zutela. Maiatzera arte 1.051,7 milioi euro bideratu dituzte laguntza horietara.

Nahiz eta Espainiako presidentearen iritziz laguntza hori luzatzea «bidezkoa» izan «egoera okerrenean» daudenei laguntzeko delako, plana amaitu aurreko egunera arte ez du hartu inongo erabakirik. Era berean, azaldu du «egoera okerrean» dauden pertsonen egoera babesten saiatzen dela Espainiako Gobernua. «Epe luzeko langabeei buruz ari gara hitz egiten, langabezia sariak amaituta dituzte, eta senideak dituzte beren gain». Espainiako Gobernuak, baina, hainbat aldaketa eta murrizketa egin dizkie mendekotasunak dituztenei.

«Zuhurtzia» eske

CCOO eta UGT sindikatuek «zuhurtzia» eskatu dute Espainiako Gobernuak Prepara planari egin diezazkiokeen aldaketak jakin arte. Laguntza hori jasotzen dutenen kopurua murriztu egin daitekeela ere gaineratu dute, eta horregatik diote «saihetsezina» dela Espainiako Gobernuak eta sindikatuek bilera bat egitea.

Ildo beretik jo du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak ere. Haren esanetan, «bidezkoa» da laguntza luzatu izana, eta honako hau dio: «Merezi izan du. Espainiako Gobernuak luzatu egin behar izan die milaka familiari 400 euroko laguntza, herritarrek egindako presioarengatik».

Ordainketetan, atzerapena

Prepara planaren laguntza jasotzen dutenek uztaileko ordainketetan izandako atzerapena salatu du Bilduk. Haren arabera, laguntza horren beharrean direnek ezin dute jasan atzerapenik: «Oinarrizko beharrak asetzeko nahikoak izan ez arren, erabat ezinbestekoak eta lehen mailakoak dituzte egunerokotasunari aurre egiteko». Atzerapenak ezin direla errepikatu gaineratu du.

Espainiako Lan Ministerioak onartu du atzerapenak izan direla ordainketetan, huts informatiko bat izan zutelako. Ministerio horrek abuztuaren 9an jakinarazi zuenez, Espainiako aurrekontuak indarrean jartzean sortu zen kontabilitate arazoa. Baina arazoa konponduta zegoela adierazi, eta egun horretatik aurrera agindu zuen atzeratutako lehen ordainketak egiteko laguntzak jasotzen dituztenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.