Energia

Espainiak eta Portugalek gehienezko prezioa jarri ahal izango diote gasari

Europar Kontseiluak baimen berezi bat eman die Madrili eta Lisboari argindarra merkatzeko neurriak beren kasa har ditzaten, «uharte energetiko» bat direlako

Antonio Costa Portugalgo lehen ministroa eta Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaur, Bruselan. HORST WAGNER / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 25a
21:29
Entzun

Europako argindar merkatua Pirinioetan bukatuko da. Europako Batasuneko agintariak ez dira ados jarri argindarraren prezioa jaisteko neurriei buruz, baina onartu egin dute Espainiako eta Portugalgo gobernuek beren kasa erabakiak hartu ahal izatea. Salbuespen horretarako argudioa da Iberiar penintsula «uharte energetiko» bat dela, eta oso konexio txikiak dituela EBko gainontzeko herrialdeekin, Frantziako sarearen bitartez.

Horrenbestez, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak eta Antonio Costa Portugalgo lehen ministroak iragarri dute argindarra sortzeko erabiltzen den gasari gehienezko prezio bat jarriko diotela aldi baterako, eta horrek aurki merkatuko duela argindarra kontsumitzaileentzat. Gasa erretzen duten zentralei kalte ordainak eman beharko dizkiete Madrilek eta Lisboak.

Izan ere, EB osoan indarrean dagoen sistema marjinalistaren arabera, handizkako merkatuan hornidura bermatzen duen azken iturriaren prezioan ordaintzen da argindar guztia. Kasu gehienetan, gasa da, eta azken urtean haren prezioa neurriz kanpo handitu denez —duela urtebete 17 euro balio zuen gasaren megawatt-orduak Herbehereetako TTF erreferentziazko merkatuan; atzo gauean, 98 euro—, argindarraren prezioa izugarri handitu da, hura lortzeko energia berriztagarri merkeen pisua gero eta handiagoa den arren.

Merkatu iberiarrarentzat bereziki izan da mingarria garestitze hori, berriztagarriak EBko beste herrialde gehienetan baino hedatuagoak daudelako: instalatutako potentziaren %60 dira Portugalen, eta %45 Espainian. REE Red Electrica Españolaren azken datuen arabera, iaz Hego Euskal Herrian ekoitzitako elektrizitatearen %35 berriztagarria izan zen.

Bruselaren baimenaren zain

Europar Kontseilu luze eta borrokatu baten ostean Costarekin egindako agerraldian, lortutakoaz harro agertu da Sanchez: «Azkenean lortu da iberiar salbuespena». Onartu du salbuespen hori hutsune baten ondorio dela, hots, Iberiar penintsulako merkatua ez dagoela nahiko loturik EBkoarekin. 2020rako argindarraren %10 esportatzeko moduan izan behar zuen, baina %2,8an dago, eta horren zati handi bat Gipuzkoa eta Lapurdi artean egiten da.

Kantitate hori handitzeko proiektu gehiago daude, horien artean Bizkaiko golkoan barrena Gatika (Bizkaia) eta Cubnezais (Akitania Berria, Frantzia) lotu behar dituen itsaspeko kablea. Proiektu horrek atzerapen handia du, Capbretongo arroila zeharkatzeko zailtasunak direla eta.

Sanchezek eta Costak ez dute azalpen handirik eman argindarra merkatzeko tresnei buruz. Datorren astean aurkeztuko dizkiote Europako Batzordeari, eta hark agindu die berehala erantzungo diela. Gasa erretzen duten zentralei kalte ordain bat eman beharko diete Madrilek eta Lisboak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.