Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak (CNMC) 413 milioi euroko isuna jarri dio Booking.com plataformari. Erakunde horrek inoiz jarri duen isunik handiena da. CNMCren arabera, Bookingek merkatuan duen nagusitasuna baliatu du abusua egiteko. Ondorioztatu du azkenengo bost urteetan Internet bidez Espainian egin diren hotel erreserben %70 eta %90 artean plataforma horren bidez egin direla. Ebazpena ez da irmoa, eta Bookingek iragarri du helegitea jarriko duela Espainiako Auzitegi Nazionalean.
Plataformari isuna jartzerakoan, CNMCk ezbaian jarri ditu Bookingek bere erabiltzaileei jartzen dizkien baldintza batzuk. Adibidez, prezioei buruzko klausula, hotelei eragozten diena beren webguneetan logelak Bookingen baino merkeago eskaintzea. Plataformak, halaber, prezioa bere kabuz jaisteko eskubidea du, hotelaren jabea ados egon zein ez.
CNMCk, halaber, Bookingen komisio eta klausula batzuk salatu ditu. Adibidez, hotelek Booking.com-eko sailkapenetan beren posizionamendua hobetu dezakete dirua ordaintzen badute. Horrekin batera, hotelei pizgarri batzuk eskaintzen dizkie beren eskaintza guztia Bookingen bidez bakarrik egin dezaten. Komisio eta klausula horien gardentasunik eza kritikatu du CNMCk.