Espainiako Gobernuak martxan jarriko du Espainiaren BPG barne produktu gordinaren %20ko balioa duen funts bat aurrekaririk ez duen ekinbide bat aurrera eramateko. Pedro Sanchez presidenteak esan duenez, helburua da «krisi honetan inor atzean ez uztea». Koronabirusak eragin duen agertokian ekonomia babesteko «ezkutua» eraiki nahi du Sanchezek, eta ekonomiak jasotako kolpeak arriskuan jarriko dituenak babesteko, halaber.
Horiek horrela, egoera ekonomiko ahula duten familientzako neurriak zerrendatzen hasi da: energia, ura eta telekomunikazio zerbitzuak bermaturik daudela esan du. 600 milioi euroko funts bat bideratuko du «zerbitzu oinarrizkoak bermatzeko», adinduei eta gaitasun urrikoei laguntzeko, esaterako. Gainera, etxebizitza hipoteka bat pagatzen ari direnek atzeratu ahal izango dute datozen hilabeteetan egokitzen zaizkien ordainketak, betiere koronabirusarengatik diru sarrerak txikitu bazaizkie edo langabezian geratu badira. Bankuei eragiten dien neurria da hori. Ordainketak atzeratzea eskatzeko baldintza horiek betetzen direla erakutsi beharko dute zordunek. «Krisi honetan ez da etxegabetzerik izango», esan du Sanchezek.
Langileentzako neurriak
Langileentzat diren neurriak azaldu ditu gero. Hasteko, langileek lanaldia murrizteko eskubidea izango dute, egoera berriak ekarri badu etxean zaintza lanak egiteko beharra. Eskubidea dute lanaldia %100 murrizteko. Ikastetxeak itxita egotea nahikoa izango da zaintza hori egin behar dela frogatzeko. Dena den, ez dute diru sail berezi batekin lagunduko lanaldiaren murrizketa hori.
Dekretu onartu berriak, berriz, aldi baterako erregulazio enpleguak erraztuko ditu. Zazpi eguneko gehienezko epe baten onartuko dituzte, eta kontsulta epeak (sindikatuekin) murriztu egingo dira. Zergatik den lagungarria enplegua erregulatzea langileentzat? Bada, langabezia saria jaso ahal izango dutelako beren jatorrizko diru saria gastatu gabe. Alegia, erregulazio dosierrak irauten duen bitartean ez da jatorrizko langabezia eskubideak dakarren laguntzatik ezer gastatuko. Gainera, eskubide hori sortu ez dutenek ere —kotizatzen denbora nahikorik eman ez dutelako— laguntza izango dute. Betiere, koronabirusak eragindako egoerak bultzatu baldin badu erregulazioa.
Autonomoentzat ere badira neurri lagungarriak. Kotizazioak atzeratzeko aukera izango dute, eta erregulazio berezi horiek erabiltzeko aukera izango dute. Era berean, lanaldiak murrizteko aukera baliatzeko eskatu die Sanchezek, inor kaleratzen hasi aurretik. Krisia aldi baterako dela kontuan hartzeko eskatu die, etorri bezala joan egingo dela, eta joatean enpresek zutik egon beharko dutela hazkundearen bideari heltzeko berriro.
Enpresentzako neurriak
Azkenik, enpresei hitz egin die zuzenean. Aldi baterako erregulazioak erabiltzeko esan die, ez kaleratzeko beharginak. Estatuak langileen kotizazioekin lagunduko duela, erregulazio dosier horien bidez, eta likidezia amaigabea agindu die. Azaldu du martxan jarriko dela 100.000 milioi euroko funts publiko bat, eta maileguen bermea estatua bera izango dela. Kolaborazio pribatuak 200.000 milioira igoko du funtsa, orotara. »Izugarrizko mobilizazio ekonomikoa da», esan du Espainiako presidenteak, «sekula egon ez dena». Hornitzaileei esan die kontuan hartzeko aldi baterako dela egoera, hartzekodunei berdin, eta enpresariei beste hainbeste.