Behin baino gehiagotan salatu dute nekazarien eta abeltzainen sindikatuek banaketa kate handiek esne merkea erabiltzen dutela bezeroek erakartzeko. ENBAk gaur salatu du Lidlek hori egin nahi duela, eta jendaurrean ohar bat egin dio: datorren astean esne gaingabetuaren litroa 0,73 euroan saltzeko eskaintza bertan behera uzten ez badu, haren denden aurrean egingo du protesta.
Lidlekin ez ezik, beste supermerkatu kateekin ere kezkatuta azaldu da ENBA, haren iritziz esnea amu gisa erabiltzen jarraitzen dutelako. Aurretik esne osoa zen amua, eta orain gaingabetua eta erdigaingabetua, merkatuaren %70 baitira. Horrela, Alcampo bere esnea 0,76 euroan ari da eskaintzen; BM eta Carrefour, 0,78an, eta Eroski eta Mercadona, 0,80an. «Jokabide horrekin jarraituz gero, abeltzainak jasotzen duen prezioak behera egingo du [...]. ENBA ez dago prest jokabide zoro hori onartzeko».
Ohar baten bidez, ENBAk «arduraz» jokatzeko eskatu die banaketa enpresei, eta dei egin dio Eusko Jaurlaritzari esnearen mahaia biltzeko prezioari buruz hitz egiteko. Kontsumitzaileei esan die esne merkeegia erosteak sektore osoa jartzen duela arriskuan.