Zuzenbideko doktore da Joxe Ramon Bengoetxea (Irun, Gipuzkoa, 1963), eta Europako zuzenbidea irakasten du EHUn. Gainera, Eurobasque Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluko idazkaria eta EHUguneko koordinatzailea da.
Europak beti ikusi du bere burua ongizate estatuaren ikur edo eredu gisa, baina eraikuntza ekonomikoa beti jarri izan da eraikuntza sozialaren gainetik. Zergatik gertatu da?
Hasteko, eskumenak hasieratik arlo ekonomikoan zeudelako. Estatuek eutsi egin zieten eskumen sozialei, eta ez zituzten komunean jarri. Hasierako sinesmena zen hazkunde ekonomikoak, oparotasunak ekarriko zuela estatu soziala, eta urte batzuetan hala izan zen, edo horrela zela zirudien.
Garai batean argudiatzen zen konbergentzia ekonomikoak ekarriko zuela konbergentzia soziala, baina ez da gertatu.
Krisiak dena aldatu du. Hasierako dogma zen zuk diozuna. Diru transferentziak ez zirela egingo, edo bakarrik oso modu apalean, kohesio politikaren bidez, eta hazkundeak ekarriko zuela konbergentzia soziala. Ez da gertatu, baina galdetu beharko genuke nolakoa zatekeen egoera Europako Batasunik egongo ez balitz. Euroari leporatu zaio austeritate politika, baina hori gabe, estatu bakoitzeko monetarekin, nolakoa izango zen debaluazioa? Nolako ondorioak leudeke? Ez dakigu.
28 herrialde izatera iritsi zen batasuna. Etorkizuna bermatua du hainbesteko ezberdintasun sozialak egonik haren barruan?
Galdera zaila da. Azken finean, Europa izango da Europako biztanleek eta herriek nahi dutena. Gertatzen da oraintxe gogoak eta nahiak oso ezberdinak direla. Ez dago garbi zertarako nahi dugun Europa hori. Batzuek nahi dute soilik merkatu bateratu bat. Eta ez da bakarrik Erresuma Batua. Beste batzuek askoz harago joan nahi dute, batasun politikorantz. Garbi dago Europak bermatu beharko dituela arlo sozialean gutxieneko batzuk, baina uneotan estatuek ez diote eskumen hori pasatu nahi, eta herritarrek ez badute egiten eskaera sendo bat, estatuek ez dute inolako presiorik sentituko euren jarrera aldatzeko.
Krisiari eta populismoei erantzuteko tresna Eskubide Sozialen Europako Pilarea da. Zer espero daiteke horri buruz?
Suedian antolatu da goi bilera, eta badauka Europa iparraldeko herrialdeen ereduaren kutsua, oso interesgarria dena. Neurri batean eta hitza bera aipatu gabe, atzean badago malgusegurtasunaren ideia. Kontu handiz ibili dira hitza bera ez aipatzeko, oso kritikatua izan delako, baina ereduaren atzetik halako zerbait ikusten da. Ikusten da zurruntasun handia dagoela hegoaldeko herrialdeetan. Pentsa erreformen aurka dauden kritikak. Erreforma batzuk beharrezko gisa ikusten dituzte, baina horiekin batera egon behar dute laguntza batzuek, batez ere laneratzea errazteko eta enplegagarritasuna hobetzeko. Hortik doa gogoeta. Sentsibilitate sozial bat ere islatzen du. Barneratzaile izateko eta inor bazterrean ez uzteko ideiak hor daude.
Kritikoek diote asmo onez betetako agiria dela, baina balio juridikorik gabekoa. Loteslea izan gabe, zer garrantzi aitortu behar zaio?
Estatuentzat erosoa da hori. Eurek daukate azken hitza politika sozialen inguruan, eta eskubide sozialak eta lan zuzenbidea arautzen dute. Europa mailan egin daitekeena soft law da, legedi biguna. Horrela sortu zenduela hogei urte Luxenburgoko prozesua ere, enplegurako politika berri bat lortzeko xedea zuena. Ez zitzaion inolako eskumenik aitortu batasunari, estatu bakoitzak bereari eutsi zion, eta asmatu zuten formula berri bat: koordinazio metodo irekia. Hor jarraitzen dute. Izena aldatuz doa, baina funtsean gauza bera da. Eskumenik gabe, ezer gutxi egin dezake Europak, zuzenbide aldetik.
Zerbaiten falta sumatu duzu pilare horretan?
Erraza da esatea Europari alor sozialean eskumenak eman behar zaizkiola, baina kontuz, zeren eta gero gutako bakoitzak erabaki nahi du zenbaterainokoa izango den gure elkartasuna. Subsidiariotasunaren aldetik, guri gustatuko litzaiguke euskal definizio bat eman ahal izatea elkartasun horri. Europatik erabakiko balitz, beharbada galdu egingo genuke hainbat eskuduntzaren kontrola. Esaterako, kotizaziokoak ez diren gizarte laguntzena (DSBE). Asmatu beharko genuke oreka bat topatzen. Tokian tokiko eskumenei eustea, baina gero gutxieneko batzuk ziurtatzea Europan. Oreka lortuko balitz, urratsak egin daitezke EBri eskumen batzuk pasatzeko.
Eskubide sozialen harmonizazioa egingarria da? Ikusiko ditugu gutxieneko soldata edo langabezia aseguru europarrak? Desiragarria da sikiera?
Hori da lehen galdera. Desiragarria? Zer baldintzarekin? Egin liteke kopuruak erabat ezarri gabe, tarte batzuk finkatuta. Esaterako, esan daiteke laguntza sozialak izan behar duela gutxieneko soldataren ehuneko bat, gutxienez, eta gero leku bakoitzean hartu azken erabakia. Malgutasun elementu interesgarriak sor daitezke. Europan partekatuko genituzke printzipio eta eskubide batzuk, eta gero bakoitzak erabakiko luke bere gizartean zenbaterainokoak izango diren.
Erresuma Batuaren irteerak erraztuko du urratsak egitea eraikuntza sozial horretan?
Ez derrigorrean. Ez du erraztu barruan egon denean, baina susmoa dut ea ez ote zuten besteek haren jarrera aitzakia gisa erabiltzen, aurrera ez egiteko. Ez nioke erru guztia botako. Beti egongo da tentsioa eskubide sozialen eta merkatuen artean.
Joxe Ramon Bengoetxea. Zuzenbideko doktorea
«Eskumenik ez badu, ezer gutxi egin dezake Europak»
Esparru sozialean aurrera egiteko aukera ikusten du Bengoetxeak, Europako Batasunean gutxiengo batzuk ezarrita, baina ondoren tokian tokiko erakundeei elkartasun sozialaren neurria erabakitzen utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu