Merkataritza

Eskubideak merkataritzaren oinarrian

Bidezko merkataritzak eskubide urraketarik gabeko ekoizpen eta salmenta eredu bat sustatzea du helburu. 1980ko hamarkadan sortu ziren lehen taldeak Bizkaian. 1996an, Kidenda proiektua abiatu zuten, Caritasek eta Elizbarrutiko Misioek. 2002an, denda bat ireki zuten Bilbon.

Ibai Maruri Bilbao.
2022ko uztailaren 22a
12:51
Entzun

Kakaoa, txokolatea, panela eta kafea dira gehien salduriko produktuak. Baina badituzte galletak, marmeladak, teak, eztia, kontserbak, kosmetikako produktuak, poltsak, zapiak, diru zorroak… Bilbon, Areatzako pasealekuaren ondoan, Epaltzaren alargunaren kaleko 6. zenbakian dago Kidenda, bidezko merkataritzaren alorrean Bizkaian aitzindari den proiektua. Kaletik sartuta, denda dago. Lehen handiagoa zen, baina murriztu egin zuten, atzeko biltegia handitzeko. Han egiten dute lan gehien. Hogei urte bete dira ireki zutela. Maria Ferrer, Antonia Linares eta Cristina Gonzalo dira arduradunak. Azken biek azaldu dute zer, zergatik eta zertarako egiten duten.

Zer da bidezko merkataritza?

Bidezko merkataritza 1950eko hamarkadan jaiotako nazioarteko mugimendua dela azaldu du Gonzalok. “Sortu zen herrialdeen arteko bidegabeko merkataritza harremanei alternatiba bat eskaintzeko. Merkataritza eredu neoliberal, kapitalista eta heteropatriarkalak ekoizle txikiengan ditu ondoriorik larrienak. Pobretuta dauden herrialdeak hasi ziren eskatzen laguntzaren ordez beste herrialdeek zituzten merkataritza baldintza berak gura zituztela”. Beraz, eredu ekonomiko aldaketa lortu nahi du bidezko merkataritzak. Ekoizpen katea aldatu gura dute, ekoizlea ekoizten hasten denetik kontsumitzaileak erositakoa kontsumitzen duen arte. “Kate horretan eskubide urraketa asko egoten dira: lan esplotazioa, multinazionalek ingurumen kalte izugarriak egiten dituzte…”. Esan du bidezko merkataritza bideragarria eta errentagarria dela, ohiko merkataritza den legez, baina beste balio batzuk ditu: helburua pertsonak dira. “Horrek esan nahi du ez dugula irabazirik nahi? Negozioak gara, eta errentagarriak izan behar dugu, bizirik irauteko”.

Nola iritsi zen bidezko merkataritza Bizkaira?

Herbehereetan 1960ko hamarkadan hasi ziren bidezko merkataritzarekin. Bizkaira geroago iritsi zen, diktadura zela eta: 1980ko hamarkadan sortu ziren lehen taldeak, parrokietan. 1996an, Kidenda proiektua bultzatu zuten, Bilboko Elizbarrutiko Caritasek eta Misioek; 2006an, Jesusen Lagundiko Alboan fundazioa batu zitzaien. Denda 2002an zabaldu zuten. Horregatik ari dira urteurrena ospatzen. “Caritasen, misioetan eta parrokietan ezinegona zegoen, herrialde pobretuetako errealitatea zela eta: ikusi zuten bidezko merkataritza bide egokia izan zitekeela herrialde horien garapenean laguntzeko, herrialdeotan egiten diren proiektuez harago”, esan du Gonzalok.

Nolakoak izan ziren hastapenak?

Bilboko Bailen kalean zuen Kidendak biltegia. “Bidezko merkataritzako inportatzaileei erositakoa hara eroaten zuten, eta hara joaten ziren parrokietako bidezko merkataritza taldeak, produktu bila. Parrokietan postuak jartzen zituzten, meza irteeran. Hitzaldiak ere egiten zituzten: misiolariak etortzen ziren haien lekukotzak kontatzera”, azaldu du Gonzalok. Ikastetxeetara joaten ere hasi ziren. “Baina ikusi zuten parrokietatik eta eskoletatik kanpo, gizarte osora zabaltzeko leku bat behar genuela, eta hala sortu zuten Kidendako salmenta gunea”.

Zelan egiten da lan Kidendan?

Linaresek azaldu duenez, merkaturatzea, kontzientziazioa eta boluntariotza dira hiru ardatzak. Denda eta salmenta gunea edo biltegia ditu Kidendak. Salmenta gunera joaten dira bidezko merkataritza taldeak haien parrokia, ikastetxe edo azoketara eroateko produktuen bila. 19-25 talde eta 10-15 ikastetxe daude. “Eskoletan konpromisoa dute azoka antolatzeko eta ikasleekin sentsibilizazio lana egiteko”, zehaztu du Gonzalok. Haren egitekoa da dibulgazio lana. Linaresena, biltegia; han prestatzen dituzte eskaerak. Produktuak enpresa inportatzaileei erosten dizkiete. Batzuk aipatu ditu: Ideas, Alternativa, Equimercado, Intermon Ofxam, Equitable, Altromercato… Heltzen direnean, etiketatu egiten dituzte, salgai jartzeko. Enpresek oparitarako ere erosten dizkiete produktuak. Elkartasunaren ekosistematik kanpoko merkatura sartzea kostatu egiten zaie.

Zer harreman dute ekoizleekin?

Bitartekari sarea murriztu egiten da bidezko merkataritzan. Kafeak egiten duen bidea hau da, Gonzaloren esanetan: ekoizleen kooperatibak ekoizten du, bidezko merkataritzako enpresa inportatzaile bati saltzen dio, eta, haien bidez, dendetara etortzen dira. Esan du inportatzaileek eurek baino harreman zuzenagoa dutela ekoizleekin: “Ez diete soilik produktua erosten. Babestu ere egiten dituzte. Laguntza ekonomikoa ere ematen diete, behar badute. Luzerako harremanak lantzen dituzte”. Dena den, Kidendakoek ere badute hartu-emana batzuekin: “Ekuadorko MCCHrekin, esaterako, harreman historikoa dugu, Caritasekin lan egiten dutelako. Askotan etorri dira hona euren errealitatearen berri ematera”. Pandemia sasoian, haiekin komunikatu dira, izurriak zelan eragin dien ezagutzeko. “Ikusi dugu bidezko merkataritzak funtzionatzen duela, bestelako ekoizleekin alderatuz, hobeto eutsi diotelako krisialdiari, sarearen babesari esker”.

Zelan ziurtatzen da bidezko ekoizpena?

Kakoaren ekoizpenean ume esplotazioa hedatuta dagoela esan du Gonzalok. Ghanako kooperatiba baten kasua jarri du adibide modura: “Batzorde bat dute hori gainbegiratzeko, eta kooperatibako ustiategietara joaten dira umerik dagoen ikustera. Baldin badago, zergatik dago? Diru premia dutelako bada, familiari laguntza ekonomikoa ematen zaio”. Kooperatibek eurek bermatu behar dute bidezko ekoizpena, eta ziurtatu.

Kooperatiben lanak zer eragin du komunitatean?

Gonzalok azaldu du produktuen prezioa hitzartu egiten dela. “Ohiko merkatuan, produktu askoren prezioa burtsak jartzen du, eta horrek eragiten du kostatu zaiona baino gutxiago ordaintzea ekoizleari. Bidezko merkataritzan, negoziatzen hasteko gutxieneko prezioa ekoizleari ekoiztea kostatu zaiona da. Burtsan produktuaren prezioa igotzen bada, bidezko merkataritzan ere igo egingo da. Horrez gain, prima edo sari bat ordaintzen zaie, baina hori produktuaren preziotik kanpokoa da”. Kooperatibak erabakitzen du zertarako erabili saria. Ekoizpenean bertan inbertitu dezakete, hobetzen lagunduko dien teknologia erosita, edo baita komunitatean ere. Adibide batzuk ipini ditu: “Batzuek herrira ura ekarri dute, eskola materiala erosi dute, medikua kontratatzeko erabili dute, mugikortasunerako azpiegiturak eraikitzeko edo andreen pentsioak ordaintzeko”.

Zer balio lantzen dira kooperatibetan?

Kooperatibetan, balioen artean, diskriminazioaren aurkako printzipioa dute; besteak beste, generoagatik, arrazagatik edo hiesagatik, Gonzaloren arabera. Afrikako kooperatiba batzuetan esplizituki debekatua dute osasun proba bat eskatzea norbait kontratatzeko. Generoaren gaia lan arloko eskubideei eta ahalduntzeari lotua lantzen dute: erabakitze prozesuetan andreen parte hartzea bultzatzen dute, andreen espazioak sortzen dituzte, prestakuntza eskaintzen dute… “Bidezko merkataritzan beti landu izan dugu kooperatibetara begira. Baina ohartu gara Kidendan aparte utzita izan dugula, eta orain ari gara lantzen”.

Tokiko ekoizleek badute lekurik?

“Hemengo ekoizleek eta herrialde pobretuetakoek arazo bera dute: ez diete dagokiena ordaintzen”, ohartarazi du Linaresek. Horregatik, Bizkaiko ekoizle batzuen produktuak ere badituzte dendan. Zeanuri inguruko ekoizle batzuenak, esaterako: Baskilu. Biozaki da lan mundura sartzen laguntzeko Caritasen Gordexolan duen enpresa bat da; berotegiak dituzte eta Lapikorekin merkaturatzen dituzte euren produktuak: horiek ere saltzen dituzte. Mungialdeko ekoizle batzuen produktuen banaketa ere egiten dute biltegian. “Aspalditik EHNE sindikatuarekin harremana izan dugu, eta ohartu gara herrialde horietako ekoizleek dituzten arazo berak dituztela hemengoek ere. Egia da hemengoek diru laguntzak izan ditzaketela galerak orekatzeko, baina horrek ez du desagerrarazten atzean dagoen bidegabeko merkatua. EHNEren bitartez hasi ginen ekoizleekin harremana sortzen. Hala ere, argi dugu gurea bidezko merkataritza toki bat dela, eta ez dugu lan egiteko modua aldatu nahi: dendaren %90a herrialde pobretuetako produktuek betetzen dute, eta bestea, bertokoek”, azaldu du Gonzalok. Erantzukizunez egindako kontsumoa ere sustatzen dute, eta orain ontziratu gabe edo soltean saltzen ere hasi dira.

Ingurumenean zer ondorio ditu ereduak?

Bidezko merkataritzako produktuek bide luzeak egiten dituzte sarritan. “Egokiena litzateke eredua herrialde guztietan ezartzea. Baina esportazioak beti egon dira eta egongo dira, produktu guztiak ez daudelako toki guztietan. Beti ahalegintzen gara itsasontziz ekartzen, gutxiago kutsatzen duen garraiobidea delako”, esan du Gonzalok. Kontatu du ikerketa bat egin zela Europako erremolatxa azukrearen eta Ameriketako panela azukrearen karbono dioxido isuriak alderatuta. “Lehengaia lantzen denetik kontsumitzaileak erosten duen arteko prozesu osoa kontutan hartuta, Europako erremolatxak karbono dioxido gehiago isurtzen zuen Ameriketako panela azukreak baino. Zergatik? Panelak itsasontziz, erremolatxak ekoiztean gehiago isurtzen duelako”. Izan ere, azpimarratu du isurketak ez direla soilik garraioan egiten, baita ekoizpenean ere.

Zer jendek erosten du Kidendan?

Kidendako erosle gehienak finkoak dira, eta saltokikoek badakite zer erosiko duten, beti gauza berak hartzen dituztelako. Batez ere, adinekoak dira, 70 urte bueltako andreak, eta 40-50 urte arteko jendea. 20 urtekorik ez zaiela joaten esan dute. “Kontsumo arduratsuarekiko eta ekologikoarekiko kontzientzia duen jendea da”, dio Linaresek ohiko erosleengatik. Bezeroen kopurua, gutxi-asko, mantendu egiten zaie, baina nabaritzen dute tokiko merkataritzak bizi duen krisia. “Gertuko dendetan ja ez da erosten”, esan du Gonzalok. Pandemia hasieran sarean saltzen hasi ziren, eta indarra hartu zuen bide horrek, baina moteldu egin da.

Kontsumoak zer bilakaera izan du?

Igo egin da bidezko merkataritzako produktuen kontsumoa, baina saltoki handietan ere saltzen hasi direlako, Gonzaloren arabera. “Multinazionalak ere bidezko merkataritzako produktuak sortzen dituzte; izozki marka handi batek badu bidezko merkataritzako txokolatearekin egindako izozkia, kafe marka ezagun batek ere bai. Bidezko merkataritzako dendak gara salmentetan beherako joera dugunak”, esan du Linaresek. Gonzalok kontatu du mugimenduaren barruaren denden ereduak aldatzeari buruzko gogoeta sortu dela, baina hori eginez gero, haien nortasuna galtzeko arriskua ikusten dute batzuek. “Gertuko ekoizleentzako zigilu bat sortzea ere pentsatzen ari gara mugimenduaren barruan”. Garai berrietara egokitu behar dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.