Pobrezia

Eskubide Sozialen Gutunak mobilizazioak iragarri ditu azaroaren 19rako, «bizitzaren garestitzearen aurka»

Sei puntuko eskakizun zerrenda bat egin dute Espainiako, EAEko eta Nafarroako gobernuentzat. Pobretzeari STOP! Bizi baldintza duinak eta prezioen kontrola ja! leloa izango du dinamika berriak.

Mobilizazioak iragartzeko prentsaurrekoa, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2022ko urriaren 17a
15:14
Entzun

Negua gerturatu ahala, tenperaturak jaisten ari dira gutxika. Aurten, baina, energiarekin lotutako arazoak ez dira falta: prezio handiak, hornidura eskasia izateko arriskua, kontsumoa mugatzeko deiak... Udazken eta negu gogorra, baina, ez dira «fenomeno meteorologiko» bat Eskubide Sozialen Gutunarentzat, eta langileek eta herritarrek bizi duten egoera «jasanezina» eta «bizitzaren garestitzea» salatzeko mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, azaroaren 19an.

Elene Lopetegik, Eskubide Sozialen Gutuneko bozeramaileetako batek, egiturazko arazoak «azkartzen» ari direla adierazi du gaur Donostian, mobilizazioak iragartzeko egindako prentsaurrekoan. Pedro Sanchezen gobernuari leporatu dio hartzen dituen neurriak «epe laburrekoak» direla eta ez direla «nahikoa». Iñigo Urkulluren eta Maria Txibiteren gobernuei, berriz, aurpegiratu die beren eskumenak ez dituztela erabiltzen.

«Eliteen diru gosea» jo dute herritarren egoeraren erantzule: «Finantza sektorea, oligopolio energetikoa, patronala eta, oro har, elite ekonomikoak dira gehiengoaren pobretzea eragin eta egoera honekin etekinak pilatzen ari direnak», adierazi du Lopetegik.

Sei puntuko eskaera

Hala, sei puntu nagusiko eskakizun zerrenda bat egin dute. Lehenengoa da gutxieneko soldata hilabetean 1.400 eurora eta gutxiengo pentsioa 1.260 eurora igotzea, KPIaren «igoera erreala» kontuan hartuta, baita emakumeen arrakala amaitzeko ere.

Energia krisiari dagokionez, egoerari aurre egiteko sektorea publifikatzeko urratsak eskatu dituzte, eta horren kontrola publikoa eta soziala izatea. Bestalde, energiaren prezioak kontrolatzea eta mugatzea ere eskatu dute.

Zaurgarrienen egoera hobetzeko, zerbitzu publikoak indartzea eskatu dute, baita etxegabetzeak debekatzea eta alokairuen eta hipoteken prezioak mugatzea ere.

Zerga politikan ere norabide aldaketa bat egiteko eskatu dute Gutuneko kideek, zerga erreforma baten bitartez. Hala, enpresen mozkinei eta aberatsenei zergak handitzea nahi dute.

Dinamikaren egutegia

Azaroaren 19ko protestaz gain, beste hainbat ekintza eta jarduera ere egingo dituzte. Besteak beste, urriaren 26an energiari buruzko hitzaldia egingo dute Gasteizen, eta azaroaren 3an etxebizitza eskubidea aldarrikatuko dute Donostian, baita turistifikazioa salatu ere. Azaroaren 10ean, berriz, diru sarrera duinen aldeko mobilizazio bat egingo dute Bilbon, eta beste bat Iruñean.

Gasteizko manifestazioa 12:00etan abiatuko dute, Artium museotik. Beste hirurak 17:30ean izango dira; Donostiakoa Bulebarretik hasiko da, Jesusen Bihotzetik Bilbokoa, eta Baluartetik Iruñekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.