Pentsiodunek «mobilizazio handi» batekin markatu nahi zuten beren mugimenduaren bigarren urteurrena, 2020ko urtarrilean. Greba orokor bat izango da mobilizazio hori, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deituko du, ELA, LAB eta beste hainbat sindikatu eta gizarte talde biltzen dituen mugimenduak. «Beharrezkoa iruditzen zaigu jauzi bat ematea lan baldintza, pentsio eta bizitza duinen aldeko borrokan», azaldu dute gutuneko kideek.
Azken hilabeteetan, pentsiodunak harremanetan jarri dira eragile sozialekin eta sindikalekin euren borroka hedatzeko, eta greba deialdia kontaktu horien emaitza da. Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak ere borroka ugariren batasun hori nabarmendu zuen, atzo, greba arrazoitzeko garaian: «Egungo egoera ikusita, erantzunak eta alternatibak hainbat sektoretatik bideratu dira; pentsiodunetatik, feminismotik, ekologismotik eta lan baldintzen aldeko borroketatik. Greba horiek guztiak gure grebak dira; denekin bat egiten dugu». Beraz, urtarrileko grebaren helburua da borroka horiek guztiak batzea.
Baina, borrokak batzea bada helburua, zergatik greba? Galdera eta erantzuna, biak egin zituen Lakuntzak: «Greba honek modua ematen du agenda politikoan kokatzeko gure kezkak eta aldarrikapenak; ikusgarritasuna izateko aukera ere ematen digu». Baina ez hori bakarrik: esan zuen eragile sozialen eta sindikalen ardura jendea antolatzea eta kontzientzia piztea dela. «Grebak hori lortzen laguntzen digu, kontziente baikara nola lortu diren orain dauzkagun eskubideetako asko».
Egungo testuingurua oso iluna da, Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren arabera, 2008an hasitako krisitik eskubide galera handi bat gertatu baita, haren iritziz: «Prekaritatearen hedapena ikusten ari gara soldatetan eta lan baldintzetan; ez da garatu babes sare egokirik, eta ez zaio babesik ematen behar gehien duen jendeari. Bizitzaren alderdi guztietara hedatzen ari da prekarizazioa, eta desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira». Horregatik, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak deitu duen greba lan, pentsio eta bizitza duinen aldekoa izango da. Bizi baldintza duinen aldekoa, azken batean.
«Bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat» bultzatu nahi du gutunak mobilizazio horrekin, «zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna» emango diona. Eredu horren ardatzak izango liratekeenak ere zerrendatu dituzte: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa eta eskubideen unibertsaltasuna.
Gobernuei kritika
Aranburuk kritika egin zien Hego Euskal Herriko bi gobernuei, haren iritziz ez direlako gai izan kontrako norabidean doazen Espainiako Gobernuaren neurrien bestelako politikak hartzeko. «Jaurlaritzak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuan diote ez direla zuzenduko orain arteko politika neoliberalak; orain arte bezala, gehiengo sozial bati bizkarra ematen segituko du Urkullu lehendakariak». Baina gogora ekarri zuen euskal gizartean pentsiodunak, langileak, emakumeak eta gazteak mobilizatzen ari direla, «nahiz eta prekaritatearen hedapenaren helburua jendea desaktibatzea den». Horregatik, greba egiteko beharra nabarmenagoa dela esan zuen.
Ekoizpena egun batez eten aurretik, ordea, gutuneko kideek mobilizazio agenda bat aurkeztu dute. Protesta gehienek bat egiten dute pentsiodunen mugimenduak asteartean iragarri zituen mobilizazio berriekin. Azaroaren 16an, pentsiodunek manifestazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, eta horiekin bat egingo du gutunak. Abenduan ere mobilizazioetara deituko dute, baina, horien aurretik, datorren asteazkenean, Eusko Legebiltzarraren aurrean elkarretaratze bat egingo dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuneko kideek, diru sarrerak bermatzeko errenta berritzeko lege proposamena gaitzesteko.
Bi mugimenduen mobilizazio agendarekin bat egiteak aurkari batzuk ere baditu. Euskadiko CCOOk deialdiaren berri jakin eta ordubetera erakutsi zuen bere sumina: «[Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak] Proposatutako egutegiak kezka eragiten digu, pentsiodunen mugimenduak prestatu zuenaren parekoa delako; horren atzean sindikalismo abertzalearen eta baztertzailearen asmo bat egon liteke pentsio duinen aldeko borroka kapitalizatzeko». Loli Garcia buru duen sindikatuak nabarmendu nahi izan zuenez, pentsiodunen borroka, jatorriz, mugimendu plurala izan da, eta ELA eta LAB biltzen dituen plataformak haren egutegiarekin bat egin izanak izaera hori «lehertu» du.
Oharra pentsiodunei
CCOOk pentsiodunen mugimenduari dei egin zion erabaki bat hartzeko: ea aurrerantzean ere «euskal gizartea ordezkatuko duen» eragile bat izango den, ala «sindikatu abertzalearen eta baztertzaileen makulu sozial» bihurtuko den. Ondoren, ohartarazpen garbi bat egin zien: «Pentsiodunen mugimenduarekiko gure babesak bere horretan iraungo du, baldin eta bere pluraltasunari eusten baldin badio».
CCOOk ez zuen hitzez errefusatu greba orokorraren deialdia, baina adierazpen horien atzean haien ukoa dagoela suma liteke. Lakuntzak, ordea, argi utzi nahi izan zuen mobilizazio agenda Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna osatzen duten eragileen artean adostutakoa izan dela, eta ondoren beste sindikatu batzuek bat egin nahi izanez gero «libre direla» nahi dutena egiteko.
Krisiaren erantzunetik «alternatibetara»
Pentsiodunen mugimendua. Greba orokorra
Eskubide Sozialen Gutunak greba orokorrera deitu du urtarrilerako
Plataformak bat egin du pentsiodunen agendarekin, eta «bizitza erdigunean» jartzeko borrokak bildu nahi ditu grebaren bidez. Pentsio duinen aldeko mugimendua bereganatzea leporatu die CCOOk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu