Patxiku Irisarri Elizagoien (Etxalar, Nafarroa, 1969) EHNE sindikatuko kidea eta abeltzaina da. Lehen sektorearen egoerak arduratu egiten du, baina batez ere NPB Nekazaritza Politika Bateratuko eskubide historikoen aurka azaldu da. Uste du eskubide horiek kentzeak gazteei lehen sektorean sartzea erraztuko liekeela.
Zer dira eskubide historikoak?
Hasieran, Europak ematen zuen diru laguntza ekoizpenari lotuta zegoen, baina gero hektareei lotu zizkieten. Horrek ekoitzi gabe diru laguntza jasotzeko aukera ekarri zuen, eta horregatik deitzen zaie diru laguntza historikoak. Adibidez, esne behiak zituenari ekoitzitakoaren arabera ematen zioten, eta eskubide horiek handiagoak ziren. Baina gaur egun egoten ahal da haragirako behiekin, eta esnetarako behien eskubide historikoak kobratzen.
Norbaitek 30 eskubide baditu, 30 hektareari lotu behar dizkio. Zuk zure ustiategian hamabost hektarea bakarrik baldin badituzu, orduan bertze hamabost lortu behar dituzu bertze nonbaitetik: alokatuta, edo herri lurrak uzten dizkizu udalak. Hori da sistema.
Eskubideak eros daitezke?
Eskubideak norbanakoak dira. Nik neuk 30 eskubide ditut, eta horiek nireak dira. Noizbait 30 eskubide eta 25 hektarea baditut, lehenengo urtean edukitzen ahal ditut aktibatu gabe, baina bigarren urtean ez badizkiezu bost hektarea horiei lotzen, eskubide horiek kendu egiten dizkizute. Orduan, jendeak zer egiten du? Ez galtzeko, norbaiti alokatzen dizkio. Horrek erran nahi du alokatzen duenak badituela lur gehiago eskubideak baino. Bertze batzuk egiten ahal ditu saldu. Orduan hor badago salerosketa merkatu bat. Interneten aurkitu daitezke eskubideak erosteko aukerak.
Eskubide historikoak desagertu behar direla erraten dugu EHNEkoek, eta estatuarenak izan behar direla. Iparraldean hori egiten dute, eta eskubideak estatuarenak dira. Bat erretiratzen denean, eskubideak estatuari bueltatzen dizkio. Hor ere egoten dira salerosketak, baina gero zuk eskubideak estatuari bueltatu behar dizkiozu.
Espainiako Estatuan gertatzen dena da eskubideak salerosi egiten direla, alokatu kasu batzuetan, eta salerosketa horretan ari gara ikusten putre funtsak nola ari diren sartzen, eta lurrak erosten eta kudeatzen Nafarroan. Hainbat tokitan, eskubideen metaketa bat dago.
«Nafarroan dauden 100 nekazaritik 66 erretiratuko dira 2030. urterako, eta 40 urtetik beherako nekazariak %8 dira bakarrik»
Nola eragin dezake eskubide horiek kentzeak?
Guk hori erraten dugu, baina gero praktikan oso zaila da. 2020an, nekazaritza politika berria egin zenean, Nafarroan bi sindikatuk eta gobernuak sinatu zuten akordio dokumentu bat, eta bertan aipatzen zen eskubide historikoekin bukatu egin behar zela. Bertze komunitate autonomo guztiak kontra zeuden. Nekazaritza eta Abeltzaintza estatu idazkari Begoña Garciarekin bildu gara, Luis Planas ministroaren bigarrenarekin, eta esan digu komunitate autonomoekin ez dagoela akordio politikorik egiterik. Oso zaila ikusten du estatuak, ezinezkoa ez errateagatik.
Banaketa bertze modu batera egiteko erraten dugu, ustiategi familiarrek orain duten baino gehiago izatea, eta putre funtsek gutiago. Belaunaldi erreleboaren jardunaldietan aipatu zuten Nafarroan dauden 100 nekazaritik 66 erretiratu egingo direla 2030. urterako, eta 40 urtetik beherako nekazariak %8 direla bakarrik. 2045ean ez dakit nor geratuko den gure sektorean.
Eskubide historikoak kentzen badira, gazteek errazagoa izango dute nekazaritza eta abeltzaintza sektorean sartzea?
Bai, hori lotzen dugu pixka bat erretiroarekin, beti oso txikiak izan direlako. Erretiratzen dena ez dakit ailegatuko ote den 700 eurotara. Legeak zulo horiek ditu, eta eskubideak baliatzen dira nolabait pentsioa konpentsatzeko; edo, bestela, alokatzen dituzte, eta diru sarrera bat dute 700 euro horietatik aparte. Guk eskubide historiko horiek kendu nahi ditugu, eta estatuari eman, baina erretiratutakoan 1.080 euroren pentsio bat bermatua izatea. Horrekin lortuko zen lurrak liberalizatzea eta gazteak errazago sartzea. Zail dago lurrak lortzea Nafarroan, nekazari gutiago gara, baina ez da lur metro karratu bat gelditzen landu gabe.
Nekazariak diru laguntzetatik bizi dira?
Nekazari guztiak ez. Mahastizaintzan, adibidez, ez dute laguntzarik jasotzen, baina beste sektore batzuek jasotzen dute, bai. Anitzetan diru laguntzak jasotzeak ekartzen du zure produktuak kostuen azpitik saltzea. Elikagai Katearen legeak erraten du ezin dela saldu kostuaren azpitik, baina saldu egiten da. Diru laguntzak kentzen baldin badira, produktuen prezioak igo egingo dira, eta kontsumitzaileak ezingo ditu elikagaiak ohiko prezioan erosi.
«Erabateko buelta eman behar zaio nekazaritza politikari»
Zein gazte hasten dira lanean lehen sektorean?
Gehienak nekazari mundutik etortzen dira. Beraien gurasoek badituzte lurrak, edo ustiategi bat, eta hortik etortzen dira. Bertze batzuk, ba, agian, bere osabak uzten du, eta iloba batek hartzen du. Anitzek jada badute lotura hori lehen sektorearekin. Oso-oso gutxi sartzen dira gure sektoretik kanpokoak.
Espainiako Gobernuak 43 puntuko plan bat du. Plan horrek lehenengo sektorea aurrera ateratzen lagunduko dizue?
Otsaileko mobilizazioen ondoren hasi ziren mugitzen, eta ministerioak 43 neurri atera ditu, batez ere nekazaritzarako. Duela hilabete eta erdi Toledon [Espainia] abeltzaintza foro bat eta beste hamar neurri atera ziren. Lehenengo 43 neurri horiek hor daude, eta, nolabait, arindu egiten dute gure lana, baina nik adibide bat jartzen dut: nekazaritza politika zuhaitz bat da, eta 43 neurri horiek adaxka moztuak dira, baina zuhaitza berdina da. Betebeharrak berdinak dira. Erakunde nagusiek ez dugu sinatu dokumentu hori. Erabateko buelta eman behar zaio nekazaritza politikari.