Hego Euskal Herriko industriaren egoera kezkagarria iruditzen zaio LAB sindikatuari. «Hainbat enpresatan gatazka dute», ohartarazi du Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorrak, industria federazioa osatzen duten kideekin eta hainbat enpresatako ordezkari sindikalekin Bilbon egindako agerraldian. Aranbururen arabera, orain arteko industria politikak ez du balio, eta beste bat behar da: «trantsizio planifikatu bat» eta «esku hartze publiko sendoa» izango dituen bat, hain zuzen ere.
Haren esanetan, ugariak dira enpresetan lan gatazkak izateko arrazoiak. «Enpresa batzuek lantegia ixtea erabaki dute egun batetik bestera, eta arriskuan jarri dute ehunka langileren enplegua». Adibide gisa, BSH, Guardian eta Balenciaga aipatu ditu. Horrez gain, adierazi du beste enpresa batzuek «diru publiko asko» jaso dutela azken urteotan inbertsioak eta moldaketak egiteko eta, diru hori ez dutenez ondo kudeatu, hartzekodunen konkurtsoan edo egoera zail batean daudela orain. Besteak beste, Sunsundegui.
Horiek horrela, Aranburuk azaldu du industriak gero eta pisu gutxiago duela Euskal Herriko ekonomian, eta azken urteotan enplegu asko galdu dela. «Egoera hau industria politika desegokien ondorioa da». LABeko buruzagiaren ustez, industrian ere «merkatuaren logika» nagusitu da, beste eremu batzuetan bezala, eta «multinazionalei eta inbertsio funtsei erraztasun handiak ematen zaizkie bertako enpresen jabe izan daitezen, diru publikoz lagunduta». Salatu du trukean ez zaiela «inolako konpromisorik» eskatu: ez enplegu eta lan baldintza duinak mantentzeko, ezta lantegiak eta proiektuak lurraldean bertan uzteko ere.
«Multinazionalen eta inbertsio funtsen helburua bat eta bakarra da: ahalik eta irabazi gehien lortzea, ahalik eta denbora laburrenean; hori arriskuan dagoela ikusten dutenean, alde egitea erabakitzen dute»
GARBIÑE ARANBURU
LABeko koordinatzaile orokorra
Aranbururen irudiko, politika egiteko modu horrek «poltsiko pribatuetara» bideratu du diru publikoa, eta bidea eman du «enpresen erabakimena atzerrira» eramateko: «Multinazionalen eta inbertsio funtsen helburua bat eta bakarra da: ahalik eta irabazi gehien lortzea, ahalik eta denbora laburrenean; hori arriskuan dagoela ikusten dutenean, alde egitea erabakitzen dute».
LABen proposamenak
Sindikatuak argi du zein oinarri izan beharko lituzkeen industria politika berriak. Funtsezkotzat jo du «esku hartze publiko indartsu bat» izatea, «eredu produktiboa nola birmoldatzen den kontrolatzeko eta ziurtatzeko ez dela egiten merkatuaren logikaren arabera».
Horrez gain, uste du «konpromiso argiak» eskatu behar zaizkiela dirua jasotzen duten enpresei, «enplegua suntsitu ez dezaten eta proiektu industriala lurraldean bertan manten dezaten». Kaleratzeen eta deslokalizazioen kontrako legeak indartzea ere ezinbestekotzat jo du: «Diru publikoa jaso dezaten, enpleguarekin edo proiektu industrialarekin lotutako konpromisoak eskatu behar zaizkie; bada, era berean, bermatu behar da enpresek jasotako dirua itzuliko dutela ixtea eta langileak kaleratzea erabakitzen badute».
Trantsizioak «planifikatua eta prebentiboa» izan behar duela uste du Aranburuk, eta langileek parte hartu behar dutela. Lanaldi murrizketa ere izan du hizpide, eta 30 orduko lan astea aldarrikatu du.
Aranburuk adierazi du «mobilizazioak eta gatazka giroa» areagotuko dela enpresetan, industria politika berri baten alde egin ezean. «Langileak ez daude prest egoeraren ondorioak pairatzeko, enplegu industrialaren suntsiketa onartzeko eta boterea eta aberastasuna gutxi batzuen esku uzten dituzten eredu ekonomikoak eta industria politikak babesteko».
Armagintza, «negozio iturri»
Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorraren ustez, «norabidea aldaraziko» duten politikak sustatu beharra dago, baina gobernuek «borondate falta» dutela. Azaldu duenez, «gerra giroa, autoritarismoa eta faxismoa» hedatzen ari dira nazioartean, eta horrek «ekonomiaren militarizazioa» bultzatzen du. Salatu du Eusko Jaurlaritzak bat egin duela horrekin, kontuan hartuta gobernuak zer aholkularitza pribatua kontratatu duen bere industria plana egiteko. «Aholkularitza talde horretako kide bat Zedarriak enpresa lobbyko zuzendaritzan dago. Zedarriak-ek aukera gisa aurkeztu du armagintza, eta energia nuklearraren alde egitera deitu du, Industria sailburuaren aurrean eta haren oniritziarekin».
Horrez gain, Jaurlaritzak industria politika zehazteko sortu duen foroa kritikatu du LABeko buruak; izan ere, Confebask patronalak badu parte foro horretan, baina sindikatuek ez: «Foro horrek argi erakusten du Jaurlaritza kapitalaren interesen mende dagoela erabat». Nafarroako Gobernuari dagokionez, gogoratu du Industria Legea abian dela eta LABek ekarpenak egin dituela.
Talgoren auzia ere gogorarazi du —hura erosteko eta Arabara itzultzeko akordioa itxi du Jaurlaritzak—: «Jaurlaritzaren esku hartzea ez da nahikoa, politika sakonagoak behar ditugu».