ESK sindikatuak 7.000 afiliaturen langa igarota egingo du bihar bere VI. Biltzar Nagusia, Durangon (Bizkaia), San Agustin kulturgunean. Ezker Sindikal Erakundeak azken hamar urteetan izan duen afiliatu kopururik handiena da, azken bost urteetan %27 handitu baita. Duela hamar urte 4.800 afiliatu zituen; 2018ko Biltzar Nagusian 5.395 ziren, eta 2023aren amaieran 6.872. «ESK bizirik dagoen erakunde bat da, eta, sindikatu eskaintza handia egon arren, langileentzat erakargarri izaten jarraitzen dugu», azaldu dute Iratxe Alvarez eta Jabier Saenz koordinakunde nazionaleko kideak.
ESKren afiliatuen erdiak baino gehiago emakumeak dira, eta zerbitzu publikoetan, enpresa handietan eta Bizkaiko garbiketan du indar handiena
Bizitza duinak borrokatuz, beste 40 urtez lelopean elkartuko dira afiliatuak, eta bertan bozkatuko duten txostenaren aurkezpenean eman ditu datu horiek. Bosturtekoan 260 ordezkaritik 286ra igaro da ESK, eta bere diru sarreren %92,18 kuoten bitartez lortzen duela azaldu du, 2018an baino %5 gehiago. «Gu ez gara diru laguntzei esker bizirauten duen sindikatu bat», aldarrikatu du Alvarezek. Diru kontuekin jarraituz, bosturteko honetan ESK-k 277.000 euro bideratu ditu erresistentzia kutxara, ia kuotekin lorturikoa adina.
Afiliatu hazkundea deigarria da, eta zentzu horretan nabarmendu du egun emakumezko afiliatu gehiago dituztela gizonezkoak baino. Halaber, zehaztu du afiliatu berrien profilean asko zabaldu dela «okerren» dauden langileena: «Lan munduan eredu aldaketa bat izaten ari da. Prekaritatea zabaltzen ari da, baina uste dut sindikatu guztiei berdin gertatzen zaiela». Eremu geografikoei dagokienez, Bizkaian eta Araban izandako hazkundea nabarmendu du.
«Langile klase osoak bat egin behar duela uste du. Elkarrekin joatea gure siglak edo marka ezagutzera ematea baino garrantzitsuagoak da».
IRATXE ALVAREZKoordinakunde nazionaleko kidea
Sindikatu «txikia» izan arren, Alvarezek aldarrikatu du indarguneak dituztela, esaterako, lanpostu publikoetan, enpresa handietan eta Bizkaiko garbiketan. Esaterako, gaur egun, bigarren indarra dira Correosen eta hirugarren indarra Mercedesek Gasteizen duen plantan. Halaber, ordezkariak dituzte enpresa handi askoko batzordeetan. Aldiz, onartu du gaitzagoa egiten zaiela enpresa txikietara iristea.
Sektore publikoari dagokionez, Osakidetzan eta sektore publikoan eginiko lana nabarmendu du Saenzek. «Besteak beste, murrizketak eta LEP lan eskaintza publikoetako iruzurra azaleratu genuen. Lehenbizi, Darpon eta, gero, Sagardui kaleratzea lortu genuen». Uste dute lan horrek fruitua eman duela, eta aurten Osakidetzan hauteskunde sindikalak egiten badira —2013an egin ziren azkenekoz— beren ordezkaritza handituko dutela. Orain hemezortzi ordezkari dituzte.
Txostenean aldarrikatu dute ESK beti egongo dela mobilizazioaren eta borrokaren alde, eta zerbitzu publikoak indartzearen aldeko jarrera irmoa duela. Askotan, baina, haren siglak beste sindikatuen itzalean gelditzen dira, ohikoa baita sindikatu abertzaleekin bat egitea borroketan. Alvarezek, baina, azaldu du bat egitea haien jarreraren muinetako bat dela: «Guk, esaterako, ez dugu ELAren estrategia planteatzen, bakarrik joatearena. Guk uste dugu langile klase osoak bat egin behar duela. Gure siglak edo marka ezagutaraztea baino garrantzitsuagoa da elkarrekin joatea. Langileen interesak sindikatuen aurretik egon behar du». Dena den, bi kideek nabarmendu dute ESK-k agenda propioa duela gai askotan; esaterako, langile etorkinen inguruko auzietan.