Traktoreak soroetatik atera dira, eta kaleak eta autobideak bete dituzte. Kaletarren begietara, agian traktore guztiak berdinak dira, baina ez da hala, eta desberdinak dira traktoreak gidatzen dituzten nekazarien eskakizunak ere.
Izan ere, sektore askotarikoa da nekazaritzarena eta abeltzaintzarena, eta ez da soilik produktu desberdinak ekoizten dituztelako edo abere desberdinak hazten dituztelako. Haien artean ekoizle txikiak eta handiak daude, industriari saltzen diotenak eta azokan zuzenean saltzen dutenak, ekologikoan ari direnak eta pestiziden erabiltzaile handiak, abeltzain estentsiboak eta intentsiboak... Haien arazoak, desberdinak ez ezik, batzuetan kontraesanezkoak ere badira.
Desberdintasun horiek nabariak dira mobilizazioetara deitu duten erakundeen eskakizunetan ere. Arreta piztu du Nafarroan lehen protestak antolatu zituen taldeak eskaria egin izanak bertan behera gera daitezen Europako Batasunak garapen jasangarrirako finkatutako helburuak, hau da, Agenda 2030 deitutakoa. Bizkaiko protesta antolatu duten taldeek, berriz, Bizkaiko EHNEk eta ENBAk alegia, bat egiten dute agenda horren planteamenduarekin. Hori bai, Unzalu Salterain Bizkaiko EHNEko bozeramaileak eskatu du ingurumena babesteko tresnak sinplifikatzeko eta «askoz burokrazia txikiagoa» ezartzeko nekazarientzat.
Elikadura burujabetzaren oso aldekoa da Bizkaiko EHNE, eta horregatik eskatu du merkataritza librerako akordio guztiak aldi baterako eteteko, ikuste aldera zer eragin duen Euskal Herriko eta Europako merkatuetan. Salterain bereziki kezkatuta azaldu da EBk Zeelanda Berriarekin egin nahi duen akordioarekin, «arkume eta esne asko etortzea espero baita».
ENBA bezala, UAGN ere Espainiako nekazarien elkarte kontserbadoreko kide da, Asajakoa. Horixe islatzen da haren eskakizun batzuetan ere. Horrela, «lehiakideekin parekatzeko», Europako Batasuneko ingurumen eskaerak gutxitzeko eskatu du UAGNk, baita animalien ongizaterako Espainiako lege berria bertan behera geratzeko eta espezieak babesteko «politika orekatu bat» ezartzeko ere.
Nafarroako ubidearen eta Itoizko urtegiaren defendatzaile sutsua izan da beti UAGN, eta bere azken eskaeretan sartu du ubide hori erabat garatzea eta lur gehiago ureztatu ahal izatea.
Moduluen sistema berriro berrezartzerik ez du eskatu, baina bai lehen sektorearentzat egokitutako zerga sistema bat ezartzeko.
Europako Batasuneko NPB Nekazaritza Politika Bateratuari dagokionez, «eredu aldaketa sakona» nahi du, aurrerantzean «profesionala, malgua eta produktiboa» izan dadin. Ez du eskatu merkataritza librerako akordioak bertan behera geratzeko, baina bai elikagaien inportazioa hobeto kontrolatzeko, eta «osasun, ingurumen eta ekoizpen baldintza berak» ezartzeko EBtik kanpo datozen produktuei.
Abeltzaintzaren arloan, intentsiboa eta estentsiboa biak batera defendatu behar dela ziurtatu du, eta haragia eta esnea aldarrikatu ditu, «gaizki deitutako esne begetalen eta haragi sintetikoen aurrean».
Planteamendu horrekin, goizean Felix Bariain UAGNko presidenteak jakinarazi du gaurtik bat egiten dutela Whatsapp bidez antolatu den talde horren mobilizazioekin eta aldarrikapenekin. «Guk nekazari bati ez diogu eskatuko traktorea etxean sartzeko». UAGNk, gainera, datorren asteazkenerako deitu du mobilizaziora. Egutegi «zehatzago» bat egingo dutela aurreratu du.
Nekazari talde horrek sindikatuei egin dien kritikari buruz, Bariainek gogoratu du ordezkaritza bat beharrezkoa duela eta hori gaur-gaurkoz Nafarroan EHNEk, UAGNk eta UCANek dutela. Haren esanetan, mobilizatu direnetako asko haien aldekoak dira. «Ez dakit nor dagoen atzean, alderdi politikoren bat dagoen edo ez. Egia esan, berdin zait», esan du.