Joan zen uztailaren 30ean, Luis Enrique Sorianok bere buruaz beste egin zuen lan egiten zuen Azpeitiko lantegian, eta gaur, asteartea, ESK sindikatuak adierazi du auzitara joko duela gertatutakoa argitzeko. Hain zuzen ere, sindikatuak jakinarazi du Manuel Aizpuru SL enpresa salatuko duela, Sorianok lan egiten zuen lantegia. Izan ere, sindikatu horren arabera, «zalantzarik gabe lan istripua» izan zen 20 urteko gaztearena, lantegian hil zelako eta hark bere burua hiltzeko «faktore nagusia lanean bizi zuen egoera» izan zelako.
Agerraldia egin dute gaur Donostian, Sorianoren ama Silvia Castillok, ESK sindikatuko abokatu Fatima del Castillok, ESK sindikatuko kide Iratxe Alvarezek eta Azpeitiko Elkar-ekin taldeko Eneko Ibargurenek eta Imanol Agirrek. ESK-ko Del Castillo abokatuak esan duenez, abuztuaren 11n jarri zen gaztearen familia sindikatuarekin harremanetan, eta, hari laguntzeko «ardura etikoa nahiz profesionala» sentituta, ordutik gertatutakoa argitzeko lanean ari dira. Haren arabera, «egoera gogor, triste eta korapilatsu» baten aurrean daude; izan ere, gertatutakoaren «zenbait alderdi argitzeko» badaude ere, «egia» jakin nahi dutela azaldu du.
(jarraitu irakurtzen, Urola Kostako Hitza-n)