Lan gatazka

Ertzaintzak Alconza enpresako grebalarien aurka egin du

LABek esan duenez, hainbat langile zauritu dituzte poliziek, eta anbulantzia batean artatu behar izan dituzte. Greba mugagabean daude, zuzendaritzak langileen %40 kaleratu nahi dituelako.

Grebalariak, gaur, enpresaren atarian, Ertzaintzaren furgoneten aurrean. @ALCONZA8
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 25a
12:12
Entzun

Alconza Irizar Groupeko langileek greba mugagabea hasi zuten otsailean, eta gaur 57 egun bete dituzte protestan. Ertzaintzak enpresaren atarian zeuden grebalarien aurka egin du gaur goizean.

Enpresak lan erregulazioa egin nahi du, eta Berangoko (Bizkaia) plantako 98 langileetatik 38 kalera bota nahi ditu, hau da, %40 inguru.

Langileek lantegiaren atarian jarrita zeukaten pankarta kendu du Ertzaintzak, eta bultzaka eta borra kolpez egin du grebalarien aurka.

LAB sindikatuaren ordezkari batek esan duenez, ertzainek hainbat pertsona zauritu dituzte, eta anbulantzia batean artatu behar izan dituzte.

Grebalariek herritarrei dei egin diete bihar protestarekin bat egiteko, 07:00etan lantegian bertan.

Azken asteotan 25 langile kaleratu ditu enpresak. Horiek berriz hartzeko eskatzen ari dira grebalariak. Enpresa geldituta egon da, baina gaur Norgestion enpresak berriz zabaltzea erabaki du, grebarekin bat egin ez duten langileak erabilita.

Salaketa

Grebara deitu zuenean, langile batzordeak azaldu zuen Irizarrek Alconza erosi zuenean 250 langileko enpresa bat zela, «merkatuan erreferente eta errentagarritasun handikoa», eta jabe berrien «kudeaketa txarrak» eraman zuela enpresa egoera larrira. «Ordutik ez da inongo inbertsiorik egin Berangoko lantokian. Langileon lan baldintzen prekarizaziorantz zuzendutako politikak izan dira Irizarren eskutik etorri diren plan industrial bakarrak».

Berangoko enpresak itsas industriarako motorrak egiten ditu. 1961. urtean sortu zuten, eta 2013an Irizar talde kooperatiboak erosi zuen.

Batez ere, gas eta petrolio plataformak hornitzen dituzten itsasontzientzat egin izan dute lan. Baina alor hori krisian dago, inbertsioak asko jaitsi dituztelako. Enpresako zuzendaritzak adierazi duenez, azken sei urteetan 29 milioi euro galdu ditu.

2014an 27 milioi euroko fakturazioa izan zuen. Handik urte batera asko jaitsi zen, eta iaz zortzi milioi eurokoa izan zuen. «Erosi zuenetik ez du lanik ekarri, eta proposamen bakarra baldintzak prekarizatzea izan da», langile batzordeak salatu zuenez.

Enpresan egon dira lan gatazkak lehen ere. 2019an, bost eguneko greba egin zuten lan hitzarmena hobetzeko. Orduan 181 langile ziren plantan. 2020an era lanuzteak egin zituzten, enpresak soldata %15 murriztea eskaini zielako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.