Errusiako gasa jada ez da Ukrainatik igarotzen

EGazpromekin zuen kontratua ez berritzea erabaki du Zelenskik, Errusiari diru iturri bat kentzeko. Errusiarekiko menpekotasuna txikitu badu ere, EBk inoiz baino gas likidotu gehiago erosi zion Moskuri.

Gazpromen gasbide bat, Mosku kanpoaldean. MAKSIM XIPENKOV / EFE
Gazpromen gasbide bat, Mosku kanpoaldean. MAKSIM XIPENKOV / EFE
Iker Aranburu.
2025eko urtarrilaren 1a
18:05
Entzun

Ukrainako gerraren paradoxa handietako bati amaiera eman dio Volodimir Zelenskik. Ukrainako presidenteak erabaki du ez berritzea Errusiako gasa Ukraina zeharkatzea baimentzen zuen 2019ko kontratua, eta, ondorioz, gasaren iturria itxi du Gazprom Errusiako konpainia publikoak. Horrek ez du esan nahi, ordea, EBk ez duela Errusiako gasa inportatzen: azken gasbide bat martxan dago (Turkstream) eta Batasunak handitu egin du Errusiako GNL gas natural likidotuaren inportazioa.

Gerraren aurretik, Errusia zen EBren energia hornitzaile nagusia, eta garrantzi berezia zuen gasak, EBren beharren %45 betetzen zituelako. Horregatik, Bruselak Errusiako ikatzaren eta petrolioaren inportazioa debekatu zuen, baina ez, ordea, gasarena. EBri presio egiteko Ukraina lagundu ez zezan, Vladimir Putinek Yamal eta Nord Stream gasbideak itxi zituen —azken hori hutsik zegoela leherrarazi zuten, oraindik guztiz argitu ez den atentatu batean—, baina irekita utzi zuen Ukraina arerioa zeharkatzen zuena, Bratstvo deitutakoa (Anaitasuna), 1960ko hamarkadan eraikitakoa. Hori bai, bere garraio gaitasunaren %10 bakarrik erabiltzen zuen.

Erabilera horren truke urtean ia 700 milioi euro irabazten zituen Ukrainak, baina Zelenskik nahiago izan dio diru horri muzin egin, uste baitu Errusiari kalte ekonomiko handiagoa egingo diola; 6.000 milioi eurotik gora ematen zizkion.

%16

Errusiaren zatia EBren gas inportazioetan. Gerra aurretik Errusia zen EBren gas hornitzaile nagusia, %45eko kuotarekin. Orain Norvegiak bete du haren tokia, eta esportazioak handitu dituzte AEBek, Qatarrek eta Aljeriak ere. Edonola ere, iaz EBren gas inportazioen %16 izan ziren Errusiakoak. Iaz, abenduaren erdialderako 16,5 milioi tona GNL iritsi ziren EBra Errusiatik, inoizko kopururik handiena; 2022an eta 2023an 15,2 milioi izan ziren. Horretatik zati bat, ordea, EBtik kanpo bukatzen du.

Anaitasuna gasbidetik hornitzen ziren Europa erdiko hainbat herrialde, eta haien artean daude Moskuk Batasunean dituen bi aliatu nagusiak, Hungaria eta Eslovakia. Azken hori da galtzaile nagusia, Ukrainako gasbidetik lortzen zuelako behar duen gasaren parterik handiena —Hungaria batik bat Turkstreametik doana erabiltzen ari da orain—. Kontratua luzatzen saiatu da azkenaldian Robert Fico Eslovakiako lehen ministro errusiazalea —Moskura ere bidaiatu du—, eta, haserre, Ukrainari argindar hornidura etetearekin egin du mehatxu Ficok.

nord stream
Nord Stream gasbidearen lurreko instalazioak, Lubminen (Alemania). HANNIBAL HANSCHKE / EFE

Gasbide horren menpekotasun handia zuen Austriak ere duela gutxira arte, baina Gazpromek iturria itxi zion iragan abenduaren 11n, eta beste bide batzuetatik hornitzen da orain.

Europako Batzordeak azaldu du beste herrialde batzuek ere Austriaren adibidea jarraitu behar dutela, eta ziurtatu du Ukrainako gasbidea ixteak ez duela eskasia ekarriko, GNL inportazioak handitzeko moduan delako. Hala ere, itsasontziz garraiatutako gasa gasbidetik doana baino garestiagoa da, eta, gainera, EBk hura ziurtatzeko lehiatu behar du Asiako herrialdeekin. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak agindu du 2027rako utziko diotela Errusiako gasa erosteari, ordurako beste hornidura iturriak handituko dituztelako.

 

48,9

Gas megawatt-orduaren prezioa, eurotan. Azken hilabeteetan berriro gora egin du gasaren prezioak. Otsailean, gas megawatt-orduak 29,1 euro balio zuen TTF Herbehereetako gas merkatuan, baina asteartean, 48,9 euroraino iritsi zen. Orain gorantz egitea espero da, negu betea delako, eta Ukrainako gasbidearen hornidurarik gabe, litekeena delako EBk bere erreserba biltegiak aurreko urteetan baino gehiago hustu behar izatea.

Ukrainako gasbidearen itxierak ondorio gehien EBtik kanpo izan ditzake, Moldavian eta Transnistrian. Ofizialki Moldaviaren parte den arren, 1991tik de facto independentea da Transnistria, eta, Moskuren babesa duenez, Gazpromek hornitzen zuen gasez, Ukrainatik barrena.  Berokuntzarako ez ezik, argindarra sortzeko eta haren parte bat Moldaviari berari saltzeko baliatzen zuen Transnistriak, baina hango gobernuak iragarri du fluxu hori eten beharrean dagoela, bere diru iturri nagusia zen arren. Gasa erabili beharrean ikatza erreko du Transnistriak, baina horrekin oraingoz soilik bi hilabeterako erreserbak ditu.

Moldaviak energia larrialdi egoera deklaratu zuen abenduaren 13an, baina espero da Errumaniak hornituko duela aurrerantzean gasez eta argindarrez. Hori bai, prezio handiagoak ordaindu beharko ditu, eta hori kolpe gogorra da, Europako herrialde pobreenetako bat delako.

Ukrainako gasbideak, helburu militar berria

Gazpromekin zuen kontratua ez berrituta, Errusiari gerra finantzatzeko tresna bat kendu nahi izan dio Ukrainako Gobernuak. Kalkulatu denez, 6.000 milioi eurotik gora lortzen zituen Moskuk haren bidez. Baina Ukrainak berak ere galduko du: garraioak ekartzen zion etekinik gabe geratuko da —700 milioi euro inguru—, baina hori baino kalte handiagoa izan daiteke bere gasbide sarea Errusiaren misilen helburu izan daitekeela aurrerantzean. Orain arte, Errusiak gogor egin dio eraso Ukrainaren argindar ekoizpenari eta banaketa sareari —sorkuntza gaitasunaren %60 galdu du—, baina gasbideak bakean utzi ditu, bere gasa garraiatzen zuelako. Orain, eraso ez egiteko arrazoia galdu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.