Atzerako kontu batean sartu dira gaur Alemania eta Europako Batasuneko beste herrialdeak. Hamar eguneko atzerako kontu bat izango da, jakiteko Errusiak EBko herrialdeei gasa hornitzen jarraituko ote duen, ala erabat eteten duen.
Izan ere, Errusiako gas esportatzaileak, Gazpromek, gaur eguerdian itxi du Alemaniara doan Nord Stream 1 gasbideko giltza. Aurreikusitako geldialdi tekniko bat da, gasbidean ohikoak diren mantentze lanak egiteko. Teorian, uztailaren 21ean dira lan horiek amaitzekoak, eta orduan hasi beharko luke gasak berriro Baltikoa Nord Stream 1en bidez zeharkatzen. Berlingo gobernua, ordea, beldur da denbora hori pasatzen denean Errusiak ez duela giltza irekiko.
Kontraesanez betetako joko batean murgilduta daude Europako Batasuna eta Errusia. Ukraina inbaditzeagatik EBk Errusia zigortu nahi du, eta badaki zigorrik handienetako bat dela haren gasa erosteari uztea. Baina hori egin ahal izateko, aurretik bere gas biltegiak ahal bezain beste bete behar ditu, neguan etxeak berotzeko, fabrikek funtzionatzeko eta argindarra sortzeko nahikoa gas egon dadin. Eta, horretarako, ia derrigorrezkoa da Errusiako gasa, etorkizun ez oso urrun batean erosi nahi izango ez duen gasa.
Kontraesana du Moskuko gobernuak ere. Gerra ekonomiko bat deklaratu dioten herrialdeak gasez hornitzen ari da, haiei laguntzen berarekiko mendekotasuna behin betiko hausten. Baina, aldi berean, gas horrek ematen dizkien diru sarreren beharra dauka, bere kutxak betetzen dituen iturri nagusietako bat baita.
Nord Stream 2, geratuta
Gauzak gehiago nahasteko, bada Errusia eta Alemania lotzen dituen beste gasbide bat: Nord Stream 2. Udazken hasieran bukatu zuten hainbat eztabaida sorrarazi zituen gasbidea —AEBek presio handia egin zioten Alemaniari ez zezan egin—, baina ez du gasik garraiatzen, Ukrainako gerraren atarian Berlingo gobernuak haren balioztatzea eten egin zuelako.
Badira aste batzuk Nord Stream 1en fluxua ohi baino txikiagoa dela. Errusiak arrazoi teknikoak argudiatu zituen, Siemensen turbina bat falta zela, eta Kanadako Gobernuak bere lurretan blokeatua zuela, Moskuren aurkako zigorren ondorioz. Erabat teknikoa beharrean, politikoa zela argudiatu du Alemaniako Gobernuak, Gazpromek badituela beste turbina batzuk, baina, Moskuri aitzakiak kentze aldera, Kanadakoari eskatu zion makina Gazpromen esku uzteko. Eskaera bete egingo duela baieztatu zuten Ottawako agintariek, larunbatean.
Beste gasbideak
Nord Stream 1etik ez ezik, Alemaniak beste bi gasbidetatik lortu du Errusiako gasa. Bata Jamal gasbidea da, Bielorrusiatik eta Poloniatik barrena Alemania ekialdera ere iristen dena. Baina iturri hori itxita dago, Poloniak uko egin ziolako Errusiari gasa errublotan ordaintzeari. Ukraina zeharkatzen duten Soiuz gasbidearen adarrak ere iristen dira Alemaniara, baina hortik ohi baino gas gutxiago garraiatzen ari da Gazprom.
Italiari ere gutxiago
Italiak ere ordainduko du Errusiako gasarekikoko mendekotasuna, Gazpromek Eni Italiako hidrokarburo konpainiari iragarri baitio gas gutxiago bidaliko diola. Ekainean erdira jaitsi zuen isuria, eta hurrengo egunotan beste heren bat jaitsiko du: egunean 32 milioi metro kubiko igorri beharrean, 21 milioi metro kubiko izango dira.
Urteko hilabete epelak eta beroak gas biltegiak betetzeko erabiltzen ari dira EBko herrialdeak. Irailaren 30erako biltegiak %80 beteta izatea da EBk bere buruari jarritako helburua. Italiak %60 bete ditu dagoeneko, baina kostatuko zaio hortik gora egitea isuria gehiago jaisten bada, nahiz eta Mario Draghiren gobernua jo eta su dabilen beste aukera batzuk bilatzen. Aipatutakoen artean daude Aljeriatik gas gehiago eramatea. Gaur egun, bi gasbidek lotzen dituzte Italia eta Aljeria: Galsi (Sardiniatik barrena) eta Transmediterranean (Tunisiatik eta Siziliatik barrena).
Hornidura arazoek asko garestitu dute gasa Europako merkatuetan. Erreferentziazko merkatuan, Herbehereetako TTFn, 175 euroan salerosten ari da orain gas megawatta. Duela urtebete 21 euro eskas ziren, eta duela hilabete, berriz, 85 euro. Orduz gero, haren prezioa bikoiztu egin da, neguan Europan gas eskasia egon daitekeen beldurraren ondorioz.