Ekonomia arma gisa hartuta,Errusiari gerra deklaratu dio Mendebaldeak. «Gerra ekonomiko eta finantzario totala egingo diogu Errusiari», adierazi du Bruno le Maire Frantziako Ekonomia ministroak, eta ez du ezkutatu zein den beren helburua: «Errusiako ekonomia hondoratzera goaz [...] Errusiako herriak ondorioak nozituko ditu». Gerra horretan Europako eta AEBetako multinazional handiak sartu dira. BP, Shell, Equinor, Volvo, Maersk, Total Energies... Egunetik egunera handitzen ari da Errusian dituzten inbertsioak utzi edo gutxitu egingo dituztela iragarri duten Mendebaldeko enpresen zerrenda, dela herrialde horretan negozioak egitea oso zaila bihurtu delako, dela Ukrainaren inbasioaren aurkako protestagatik.
BPk (British Petroleum ohia) ireki zuen dantza, igandean, iragarri zuenean Errusiako Rosneft enpresan duen %20 saldu egingo duela. Erabaki horrek, gauzatzen bada, koska handia egingo dio Ingalaterrako konpainiari, Errusiatik lortzen baitu haren gasaren eta petrolioaren heren bat. Gainera, saldu ahal izateko erosle bat aurkitu beharko du, eta oso litekeena da prezio merkea jarri behar izatea.
Beste faktore bat ere badago:Mikhail Mixuskin Errusiako lehen ministroak iragarri du debekatu egingo duela Mendebaldeko enpresek beren parte hartzeak saltzea.
Petrolio enpresak izan dira Errusia uzteko edo hango negozioa txikitzeko urratsa iragarri dutenetako asko, neurri batean haiek izan direlako 1991n Soviet Batasuna desagertu zenean Errusian gehien inbertitu zutenak. Errusiako konpainiekin elkarlanean aritzen dira; nagusiki, joint-venture edo enpresa partekatuetan.
Shell, esaterako, Gazprom konpainia publikoarekin aritu izan da, Sakhalin uharte inguruko itsasoetako putzuetan gasa ustiatzen, Ozeano Barean. Halaber esku hartu du Errusia eta Alemania lotzen dituen Nord Stream 2 gasbide berrian —eraikuntza lanak irailean amaitu zituzten, baina hura balioztatzeko prozesua eten berri du Alemaniako Gobernuak—. Orain, Ukrainaren inbasioaren ondoren, iragarri du Gazpromekiko loturak hautsi egingo zituela, «eraso militar zentzugabea» salatzeko. Erabakia txalotu du Erresuma Batuko Enpresa idazkariak, Kwasi Kwarterngek: «Erresuma Batuko konpainiek betebehar moral handia dute Errusia bakartzeko. Inbasioak akats estrategia bat izan behar du Putinentzat».
Frantziako Gobernua ere bere petrolio konpainiak presionatzen aritu da, eta, horren ondorioz, Total Energiesek jakinarazi du ez duela diru gehiago jarriko Errusian dituen proiektuetan. Ez du, ordea, Errusia erabat utziko. 2020an bere petrolioaren eta gasaren %16 Errusiako putzuetatik atera zuen Frantziako enpresak. Total Energiesek iragarri du ahaleginak egiten ari dela Ukrainako armada eta gobernua erregaiz hornitzeko, eta errefuxiatuei laguntza emango diela.
Norvegiako Equinorrek ere erabaki du Errusian dituen aldi baterako enpresa elkarteak utzi egingo dituela. Herrialde hartako funts subiranoak, munduko handienak, Errusian dituen ondasunak izoztu ditu, eta iragarri du martxoaren 25erako herrialde hartatik ateratzeko plan bat indarrean jarriko duela.
Itsasontzi gutxiago
Azken astean asko gutxitu da Errusiaren eta Mendebaldearen arteko itsasoko garraioa, eta are gehiago txikituko da. Asteburuaz geroztik petroliontziek eta gasontziek ez dute Errusiako portuetara joan nahi, zigorpean dauden bankuekin lan egitea konplexua delako, eta finantza entitateek eta aseguru etxeek ez dutelako dirurik arriskatu nahi salerosketa horietan.
Karga ontziei dagokienez, Maersk ontzi jabeak iragarri du ez duela Errusiara ontzirik eramango, ezta handik ezer ekarriko ere. Salbuespen batzuk izango dira, ordea: elikagaienak, sendagaienak eta laguntza humanitarioa. Danimarkako konpainia da Maersk, eta itsasoz egiten den garraioaren %20 egiten du. Errusian interes handiak ditu Maerskek. Harena da Global Portsen %30, eta hori edukiontzien bost terminalen jabe da Errusian.
Autogintza ere motorrak geratzen ari da. Daimler Truck konpainiak —Mercedes kamioien egileak— iragarri du Errusian negozioak egiteari utziko diola, eta auzitan jarri du Kamaz kamioigile errusiarrarekin batera duen konpainia.
Volvo Car autogileak eta Volvo AB kamioigileak jakinarazi dute Errusian saltzeari eta ekoizteari utziko diotela, eta Harley Davidson motorgileak ere salmentak eten ditu.
Ikusteko dago zer gertatuko den Renaultekin. Frantziako konpainiak interes handiak ditu herrialde horretan, AvtoVaz Errusiako adarraren %68ren jabe baita, eta haren markak, Ladak, Errusiako merkatuaren %20 bereganatzen du. Gainera, Renaultek hainbat modelo egiten ditu Moskuko plantan. Frantzia da Renaulten akziodun nagusietako bat, akzioen %15,01 baititu.
Gerra Ukrainan. Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak
«Errusia hondoratzera goaz»
EBk eta AEBek ezarritako zigor ekonomiko ugarien ondoren, Mendebaldeko multinazional askok iragarri dute Errusiatik atera egingo direla, edo inbertsioak etengo dituztela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu