Gasaren prezioak beheranzko bidea hartu du berriro, Gazprom Europa mendebaldeko bere biltegiak betetzen hasi dela egiaztatu ondoren. Hilabete barru entregatu beharreko gasaren kotizazioa ia %7 ari zen jaisten, eguna zalantzekin hasi ondoren.
Gaur goizean orduko 860.000 metro kubiko gas bidali ditu Alemaniara Gazpromek, Jamal-Europa gasbidearen bitartez, bezperan bidalitakoa halako bi baino gehiago. Eustream Eslovakiako gasbidearen kudeatzaileak ziurtatu du Ukraina eta Eslovakia zeharkatzen duen gasbidetik ere gas gehiago igarotzen ari dela.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak duela bi aste Gazpromeko buru Aleksei Millerri agindu zion mendebaldeko biltegiak betetzeko, behin Errusiakoak bete ondoren. Prozesu hori atzo zen bukatzekoa.
Gas biltegien maila txikiak eskasiari buruzko kezka areagotu du azken asteetan, eta gorantz egin dio tira gas naturalaren prezioari. Putinek ukatu egin du berak bilatutako egoera izan dela, Alemaniara zuzenean doan Nord Stream 2 gasbide berriarentzat funtzionamendu baimena bizkortzeko —urte amaierarako espero da—.