Fagorreko enpleguei eustearen aldeko manifestaziora joan aurretik, bere jardun beteko 40 minutu gorde ditu Xabier Bengoetxeak (Zubieta, 1965) BERRIArekin elkartzeko. Fagor Etxetresnetako Kontseilu Errektoreko presidentearen tristura begi bistakoa da. Fagor itxiko dela segurutzat jotzen du kasik. Badaki langile-bazkideen enpleguei begira «ondorio larriak» izango dituela itxiera ez-ordenatuak, eta orain haren helburu nagusia langileei hori azaltzea da, «mirari baten bila» aritzearekin batera.
Bukatu da?
Oraindik ez, baina luzapenean gaude. Partida ez da bukatu. Konkurtso legea aurkeztu dugu Polonian, baina ez Frantzian eta ez Euskal Herrian. Denbora gutxi geratzen zaie; astebetean edo hamar egunean ez bada ezer gertatzen, bide bera jarraituko dute beste lantegiek. Game over ez, baina luzapena bai.
Zer gertatuko da konkurtso legera jotzean?
Konkurtsoak esan nahi du erabaki guztiak gure eskuetatik kanpo geratzen direla, beste norbaitek erabakitzen duela gure ordez, eta, agian, beste ikuspuntu batekin. Baldin eta bideragarritasunik ikusten ez badu —eta gure kasuan zaila izango litzateke ikustea—, administratzailearen lana litzateke aktiboak likidatzea eta zordun guztiei ahal den gehiena ordaintzea. Beste norbaitek gure ordez erabakitzen badu, horrek esan nahi du aurrerantzean oso mugatuak geratuko garela beste ezer egiteko.
Gehienez hamar eguneko muga jarri duzu. Zein dira aukera errealak Fagorren itxiera eragozteko? Ehunekotan esango zenuke?
Zaila da ehunekoetan esatea, baina miraria izango litzateke. Jo behar genituen ate guztiak jo ditugu, eta ez ditugu gehiago ezagutzen. Erakunde publikoetan egon gara, Mondragonen eta bankuetan ere bai, behin baino gehiagotan, gainera, eta azken erantzuna ezezkoa izan da. Beraz, zaila da erantzun hori orain aldatzea. Arnasa dagoen bitartean bizitza dagoela esaten da, baina oso zaila da.
Ez dituzue konbentzitu. Zergatik ez dute erosi zuen proposamena?
Jaso ditugun erantzunak besterik ezin dut aipatu arrazoiak nahi badituzu. Mondragonek garbi esan du zalantza daukala bideragarritasun planaren inguruan, ez dela sinesgarria. Bestalde, diru asko behar dugula ere esan digute, eta ez dela ikusten nondik atera kopuru hori. Jaurlaritzatik, berriz, laguntzeko apustua egina zutelako mezua igorri dute, baina beti Mondragonen eskutik, eta taldearen ezezkoarekin batera lotuta iritsi da Jaurlaritzarena ere. Mondragon ez dute ikusi proiektuan sartuta, eta beraiek ere gauza bera egin dute. Madril aldetik, berriz, ez dugu erantzunik jaso.
Ez duzue, hortaz,plan zehatz, zorrotz eta xehetasunez betea egin, eskatzen zuten bezala?
Guk egin dugu plan bat. Badugu plan bat, eta bakarra, eta hori aurrera eramateko finantzaketa handia behar dela ere egia da, Fagor Etxetresnak handia delako. Guretzat sinesgarria da, guk egun dugulako. Kanpotik ez dute horrela ikusi. Baina guk dakigunarekin egin dugu gure plana, eta sinesgarria da guretzat.
Garbi dago konkurtso legera jotzea orduetako kontua dela. Mila lanpostu salbatzeko helburua non geratzen da administratzaile batek hartu behar baditu erabakiak?
Ahalik eta lanpostu gehienei eusteko asmoa ona da, eta denok nahi genuke mila enplegu salbatzea, eta errentagarriak diren atalekin aurrera ateratzea. Baina konkurtsoan sartuz gero, ez dugu inondik inora ikusten gai izango garenik mila lanpostu horiek aurrera ateratzen, batez ere erabakiak ez ditugulako guk hartuko, eta zaila ikusten dugu 1.000, 800 edo 600 lanpostuz hitz egitea. Zerbait egin daiteke beti, baina loteria pixka bat ere izango litzateke egoera hori.
Mondragonen ardura da Fagor erortzea?
Ez nuke hori esango. Errua gurea da, negozioa gurea delako, eta negozioaren kudeaketa guk egin dugulako urte askoan. Gai ez bagara izan, errua gurea da. Guk plan bat genuen, eta horrek finantzaketa behar zuen; guk bakarrik ezin genuen finantzaketa hori lortu, eta atal horretan soluzioak eskatu ditugu. Azkenean ez dugu lortu, ez Mondragonen bitartez eta ez Eusko Jaurlaritzaren bitartez, baina ez nintzateke errudunak aipatzen hasiko, gertatu dena aldagai askoren bidez baino ezin baita azaldu, besteak beste, merkatuaren izaera, lehiakortasuna eta beste batzuk. Gure kudeaketa izan da, eta errua gurea da.
Asko hitz egin da Fagorren gaixotasunaren motiboez. Zein dira kausa nagusiak ezinezkoa ematen zuen egoera hau azaltzeko?
Merkatuen garapena lehenik. Gure hiru merkatu garrantzitsuenak, Espainia, Frantzia eta Polonia izan dira historikoki, eta Espainiakoaren garapena ezinbestekoa da gure kontuen egoera azaltzeko, hain eragin handia izan du. Lehiakortasun falta ere ez dugu ezkutatuko. Gure lehiakideak lantegiak lekuz aldatzeko dinamika batean sartu dira, lan kostu merkeen bila, eta guk ez dugu garapen hori izan, hemengo enpleguaren aldeko apustua egin dugulako.
Zergatik ez zarete mugitu atal horretan?
Egin ditugu gauza batzuk. Azken lau urteotan 600 milioi euro galdu ditugu fakturazioan, ordea, eta hori nekez altxa daiteke. Hala ere, duelabost urte baino 4.000 pertsona gutxiago gaude orain lanean enpresan, eta 150 milioi aurreztu ditugubazkideen soldatak %20 jaitsita. Baina ez da nahikoa izan merkatuaren garapena konpentsatzeko.
Langile-bazkide batzuek engainatu egin dituzuela esaten dute. Zer diozu?
Ez nuke hori esango. Gauzak azaldu ditugu, eta jendeak esan dezake gertatutakoaren argazkinahiko gardena daukala. Gertatzen dena da horrelako momentu gogorretan jendea haserretu egiten dela eta gauza asko esaten direla, eta ulertzekoa da. Ulertzen dugu haserrea eta egoeraren gogortasuna, baina aurrera begiratu behar da, nahi ez duguna etortzen bada nola jokatu jakiteko eta lanean segitzeko soluzioen bila.
Kontseilu errektoreak ere deitu du azken manifestaziora. Nori zuzendua eta zer eskatzeko izan da?
Kezka adierazteko izan da; etorkizunari begira gure egoerak eragiten digun kezka dela eta, gizartea sentsibilizatzeko izan da manifestazioa.
Langile-bazkideek bi kezka dituzte, enplegua galtzeaz gain, aurrezkiak ere galduko dituztelako agian. Zer gertatuko da borondatezko ekarpenekin, kapital sozialarekin eta maileguekin likidazioa hasten denean?
Likidazio batean, lehiaketa horretan aktiboen bidez ateratzen denarekin estali behar da pasiboa. Ez dakigu gure aktiboekin zein mailatan estaliko dugun pasiboa, baina egia da gure zorra handia dela, eta alde horretatik ez dela ikusten argi handirik. Litekeena da bazkideek dirua galtzea, nahiz eta kontseilu errektorea lanean ari den beste formula batzuen bila. Baina kooperatiba baten likidazioan zaila da borondatezko ekarpenak eta maileguak erabat babestea.
Eta enplegua? Ez dira salbatuko atal errentagarrienak? Inbertitzaileak aurkitzea ezinezkoa da?
Badaude inguruan batzuk, baina hain denbora gutxian ezer lortzea oso zaila da. Badago jendea inguruan, baina gure egoerari begira, eta zain. Pentsatzea zazpi egunean horrelako proiektu handi bat aurrera atera daitekeela... Konkurtsora joz gero, berriz, esan dugu ez dugula ikusten hortik ateratzeko modurik kasik. Hala ere, indar guztiak jarri behar dira ahal den enplegu gehien mantentzeko, jakinda betiere errazagoa dela helburu hori betetzea konkurtsotik kanpo. Gaur dugun epe laburrarekin ez dakit gaitasun handirik dugun konkurtsoa eragozteko, ez dut uste. Seguru asko behartuta gaude konkurtso legetik pasatzera, eta zaila ikusten dut behar den gaitasuna izatea hainbeste lanpostu defendatzeko.
Euskal kooperatibismoaren aurkako kanpaina hasi dute batzuek, Fagorren porrotari helduta. Kooperatiba delako ere erori da enpresa hau?
Ez. Fagor kooperatiba izan ez balitz, arazoak askoz lehenago iritsiko ziren. Gaur arte iritsi gara egon direlako mekanismo batzuk hona ekarri gaituztenak. Mekanismo horiek indartzeko garaia da orain. Kanpotik begira dauzkagun honetan erakutsi behar dugu tresna horiek inoiz baino sendoago daudela. Lanik gabe geratu garenok asko gara, eta erakutsi behar dugu soluzioak bilatzeko gai garela denon artean.
Marka gisa, Fagor desagertuko da etxetresna ataletik?
Zaila egiten zait hori pentsatzea, baina gerta daiteke.
Beste norbaitek sal dezake agian Fagor markarekin, patentea erosita edo?
Ez, marka ez da Fagor Etxetresnena, Fagor taldearena baizik.
Carlos Treviño eta zu zeu aurten sartu zineten zuzendaritzan. Pagaburuak zarete?
Ez, hasiberriak gara, baina bazkideak ere bai, besteak bezala. Erantzukizuna hartzea egokitu zitzaigun, eta aurrera egin genuen. Gu saiatu gara, eta honaino ailegatu gara.
Mondragonekiko erremina duzu?
Ez, erreminak ez du gauza onik ekartzen. Gertatu dena gertatu da, eta hobe dugu aurrera begiratzea, lehenbailehen izango dugun egoerak eragingo dituen kezkak argitzeko. Atzera begiratzea bakarrik ikasteko balio izaten du; ez du zentzurik inori kontuak eskatzen hasteak.
Mondragonek ere lezioa ikasiko zuen agian, beste kooperatiba batzuk eror ez daitezen.
Ez dakit, haiek esan beharko lukete. Horrelako egoeratan gauzak ikasten direla argi dago.
Fagorren porrota. Xabier Bengoetxea. Fagor Etxetresnetako Kontseilu Errektoreko presidentea
«Errua gurea da»
Konkurtso legera jo aurretik, Bengoetxeak dio ezagutzen dituen «ate guztiak» jo dituela, eta azken erantzuna ezezkoa izan dela. Fagor «luzapenean» dago; ixtea denbora kontua da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu