Parke eolikoen iraungitze data hurreratu ahala, bi erronka nagusi antzematen dira zerumugan. Errota horiek kendu egin beharko dira, eta ahalik eta hondakin gutxien sortu. Horretarako beharrezkoa izango da errotetako lehengaiak bereiztea, erabiltzeko moduan daudenak berrerabiltzea, eta gainerakotik ahal den guztia birziklatzea. Behar horri erantzuteko asmoz, Nafarroan hiru egitasmo daude abian gaur-gaurkoz.
Horietako bat da Renercycle. 2022an sortu zuten sektore eolikoko hamar enpresak. Tartean daude fabrikatzaileak, parkeen jabeak eta mantentze lanetan aritzen direnak, hala nola Acciona Energia, Nordex, Enhol, Enerfin, Ingeteam, RWE, E06, Abintus, Tetrace eta Innoenergy. «Lau pertsona gaude orain lanean. Ekonomia zirkularra ardatz duten hainbat negozio ildo jorratu nahi ditugu», azaldu du Javier Villanueva Renercycleko zuzendariak.
«Beharra badago. Energia eolikoaren historia liburua hartzearen parekoa da», azaldu du. Haren esanetan, 1990eko hamarkadan ezarri ziren parke horiek desmuntatu beharko dira goiz edo berandu, eta parkeen jabeei dagokie erabaki hori. «Parke batzuk 30 urte bete dituzte, eta oso ongi daude; beste batzuk, berriz, hogei izanik ere, oso higatuta daude, eta mantentze kostu handiak dituzte. Gamesan makinak diseinatzen ibilia naiz, eta badakit ez dutela berrogei urte iraungo», ondorioztatu du.
Horren adierazle, parke eolikoen egoera beste inork baino hobeto ezagutzen duten enpresa bazkideek bultzatu dute Renercycle. «Badakite zer behar dagoen. Horregatik inbertitu dute. Badakite badagoela merkatua eta behar horri erantzun beharko zaiola».
Renercycleren asmoa da parkeen jabeei zerbitzu osoa eskaintzea: «Hor barruan sartuko da makinak desmuntatzea eta zati horiek garraiatzea». Eragozpen handiko operazioak dira. Hasteko, denbora asko pasatu delako parkeak eraiki zirenetik: «Maiz, jabeak aldatu dira, baina ez diote elkarri dokumentaziorik eman, eta zailtasun teknikoak egon ohi dira horregatik». Gainera, inbertsio handia eskatzen dute: «Eraikitzeko erabili ziren tonaje handiko garabiak mobilizatu behar dira». Renercycleren asmoa da «metodo eraginkorrago bat» baliatzea parkea eraiki zenekoa baino.
Faltzesko logistika gunea
Legediaren arabera, enpresak behartuta daude mendia zegoen bezala uztera. «Ez dago baimendua —eta ongi dago hala izatea— dorreak moztea eta kutxak desegitea. Olio ihesak egon daitezke, dorreak moztean suteak sortzeko arriskua dago...», aipatu du. Horregatik, garraiatutako errotak toki batean kontzentratu nahi ditu Renercyclek, Faltzesen (Nafarroa). Bertan, logistika zentro bat egokitzen ari dira 16.000 metro koadroko orube batean. Han moztuko dituzte errotak, osagaiak bereiziko, eta biltegietan gordeko.
Osagai batzuk berriz erabiltzeko moduan egoten dira, eta Villanuevak argi du horrek baduela merkatua: «Modelo bereko makina asko daude munduan. Duela urte asko egin zirenez, haien osagaiak jada ez dira ekoizten. Beraz, ongi dauden osagaietako batzuk gorde eta berregokituko ditugu». Lan hori egingo dieten enpresekin jada hitzartu dituzte kontratuak.
Irunberrin, palak
Beste erronka handia palak birziklatzea da. Acciona Energiarekin batera —hura da bazkide nagusi—, Waste2fiber egitasmoa bultzatu dute Irunberrin (Nafarroa). Hamasei milioi euro inbertituko dituzte, eta ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikotik bost milioi jaso ditu proiektuak. Faltzesko biltegietan gordetako palak birziklatzea da asmoa, metodo termikoa erabiliz. «Oxigenorik gabeko errekuntza da. Ez du emisiorik sortzen, eta prozesua oso kontrolatuta dago. 400 graduko tenperaturan, palen bi osagai nagusiak —beira zuntzak eta erretxina— bereizi daitezke, hori baita zailtasunik handiena».
Villanuevaren arabera, osagaiak egoki bereizteko metodo hori garatzen ari dira, baina beste ereduen gainetik lehenetsi dute, halere. «Metodo kimikoa ez genuen erabili nahi, kutsatzen duelako. Arazoa konpontzen duzu, baina hondakin kimikoak kudeatu behar dituzu gero».
Renercycleren asmoa da bi urte barru zerbitzu horiek guztiak abian jartzea. 6,5 milioi euro inbertitu dituzte —bost milioi Faltzesen eta 1,5 milioi Irunberrin. Horretarako, 4,5 milioi bildu dituzte bazkideen arteko kapital hedatzearen bidez, eta beste bi milioi euro mailegu bidez. Hainbat erakunderekin negoziatu ostean, Rural Kutxa eta Laboral Kutxarekin izenpetu dute kontratua. Villanuevak zuhur jokatu nahi du, baina uste du Nafarroan eta Nafarroatik kanpo izango dutela lana. Faltzesen 25 lanpostu zuzen sortzea espero dute, eta Irunberrin, berriz, 110 inguru. Asteon, Nafarroako Gobernuak foru intereseko inbertsio gisa onartu ditu bi proiektuak.
Energyloopen egitasmoa
Iberdrolaren eta FCCren arteko lankidetzaren emaitza da Energyloop, eta hamar miloi euro inbertituko ditu, palak birziklatzeko lantoki bat egiteko Cortesen (Nafarroa). Apirilean hasi ziren lanak, eta zazpi hilabeteren buruan amaitzea espero dute. Ehun enplegu inguru sortuko dituzte.
ERrotak eta birziklatzea
- Zer lehengai da nagusi haize errotetan?
Altzairua eta burdina. Altzairuzkoak dira dorrea, gurpegia —palak eta ardatza lotzen dituena—, errotaren goialdean egon ohi den makineria kutxaren estaldura, eta barruko hainbat osagairen elementu nagusiak.- Zer beste osagai daude?
Kutxa barruko osagaietan dago errota baten garapen teknologikoa (argindar sorgailua, argindar biderkatzailea, ardatzak, kontrol elektrikoa...). Burdinaz gain, badira beste hainbat mineral osagai elektronikoetan: aluminioa, kobrea, baita lur arraroak ere. Gas fluorduna ere erabili ohi da, eta biderkatzaile barruan ehun litro olio egon ohi dira.- Zerekin egiten dira palak?
Beira zuntzarekin indartutako plastikoarekin eta erretxinarekin. Lehena polimero egonkorra da termikoki, eta higadura ondo jasaten du. Palak zenbat eta handiagoak izan zama ere orduan eta handiagoa denez, karbono zuntza erabili ohi da egun. Erretxina, berriz, beroarekin molda daiteke, eta hoztean gogortu egiten da.- Zer birziklatu daiteke?
Errota baten %90 inguru; zenbaitek esaten dutenez, %95 ere bai. Altzairua eta mineralak birziklagarriak dira. Palen materialak bereiztea eta birziklatzea, ordea, zaila da.- Zer ezin daiteke birziklatu?
Osagai elektroniko batzuk, gas fluorduna eta biderkatzaile barruko olioa.- Zer metodo daude palak birziklatzeko?
Hiru: mekanikoa, kimikoa eta termikoa. Mekanikoan, osagaiak bereizi eta xehatu egiten dira, batik bat eraikuntzan erabiltzeko. Kimikoan, disolbatzaileen bidez erretxinak eta zuntzak bereizten dira. Termikoan, berriz, pirolisi bidez bereizten dira osagarriak.