Nafarroako ekonomia gobernuak aurreikusi baino hobeto zihoala islatu zuen Nastat estatistika erakundeak uztailean. Are: joera horri eutsi eta koska bat hobetu du datua orain. Kaleratu berri duenez, apiriletik ekainera %2,6 handitu zen barne produktu gordina urtebetean, uztailean aurreratutakoa baino hamarren bat gehiago, alegia.
Herrialdeen arteko datuak bateratu eta koherentziari eusteko asmoz, Eurostatek irizpideak ezarri ohi ditu barne produktu gordina neurtzeko. Politika ekonomikoari eta diru politikari begira oso adierazle garrantzitsua izaki, bost urtean behin neurketa eta estimazio metodoak aldatzeko irizpideak ezartzen ditu, eta hark aholkatutako azken aldaketa irailean ezarri dute estatistika erakundeek.
Horren ondorioz, uztailetik irailera bigarren hiruhilekoko datua apur bat aldatu da Nafarroan. Kasurako, lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %0,8 handitu da jarduera ekonomikoa —uztailean jakinarazi zuten %0,7 hobetu zela—.
Atzera begirako serieari ere eragin dio estatistiken berrikuspenak. Alta, Nafarroan, azken bost urteetako hazkundearen datu borobilari ez dio eragin, eta pandemia urteetan iragarritako hazkunde tasa bera eman dio neurtzeko metodo berriak.
Bigarren hiruhilekoko behin betiko datuak islatzen du erritmo sendoari eusten diola Nafarroako ekonomiak, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jarduera baino dinamismo handiagoa duela uneotan. Izan ere, asteartean Eustatek emandako datuen arabera, BPGa %1,8 handitu zen urtebetean, eta lehen hiruhilekoarekin alderatuta, %0,4. Halaber, Europako Batasuna baino biziago ari da hazten, iazko bigarren hiruhilekotik EBko ekonomia %0,8 handitu baita batez beste.
Eskaintzaren ikuspegitik, zerbitzuak sendo ageri dira. Nastaten arabera. Batik bat informazio eta komunikazio jarduerak eta ostalaritzak oso joera ona izan dute. Industria eta eraikuntza ekonomiaren antzeko erritmoan ari dira hazten. Industriaren jarduerak, gainera, nabarmen egin du hobera lehen hiruhilekotik bigarren hiruhilekora. Lehen sektorea, berriz, motelago ari da hazten (%0,5).
Kanpo merkataritzari dagokionez, esportazioek «suspertze zantzuak» izan dituzte bigarren hiruhilekoan, Nastaten arabera. Izan ere, lehen hiruhilekoan esportazioek %0,1 egin zuten behera iazko datuekin alderatuta, eta bigarren hiruhilekoan %0,4 handitu dira. Inportazioek, berriz, %0,6 egin dute gora, iazko epe bereko datuekin alderatuta.
Inbertsioak hobetu dira
Eskariari erreparatuz gero, sendien kontsumoak tinko hazten jarraitzen du, urtebetean %3,4 handitu baita eta urteko lehen hiru hilabeteekin alderatuta, bi hamarren handitu baita. Aitzitik, administrazio publikoen gastuak hiru puntu egin du behera, %1,9 hazi baita. Inbertsioek, berriz, %2,3 egin dute gora urtebetean, eta lehen hiruhilekoarekin alderatuta, nabarmen hobetu da.
Errentei dagokionez, soldatapekoen sariak %6,6 igo dira urtebetean, Nastaten arabera; enpresaburuen eta autonomoen irabaziak, berriz, %3,7 igo dira.
Lanpostuak ekonomiaren antzeko erritmoan handitu dira bigarren hiruhilekoan. Izan ere, iazko bigarren hiruhilekoko datuarekin alderatuta, lanaldi osoko enplegua %2,4 hobetu da urtebetean.
Lehen urte erdia pasatuta, Nafarroako Gobernuak apirilean egindako %1,5eko hazkunde aurreikuspena aise gainditzeko bidean da ekonomia. Aditu eta finantza erakunde gehienek ere hala baieztatzen dute. BBVA da horien artean baikorrena. Herenegun berretsi zuen aurten BPGa %2,8 haztea espero duela, eta %2,5 datorren urtean.